Aske utzi dute Bilbon emazte ohia erretzea leporatuta atxilotutako gizona
Emakumea larri dago Gurutzetako ospitalean.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, aske utzi dute atzo Bilbon emazte ohiari eraso egitea egotzita atxilotu zuten gizonezkoa; kautelazko neurriak ezarri dizkiote. Andrearen etxean gertatu zen erasoa, atzo bazkalostean: emakumea jipoitzea eta haren arropari su ematea leporatu zioten 63 urteko gizonari, eta atxilo eraman zuten. Gaur epailearen aurrean deklaratu du, eta aske uztea erabaki du hark. Emakumea oso larri dago, Gurutzetako erietxeko erreduren unitatean, eta haren bizitza arriskuan dagoela zabaldu dute.
Polizien arabera, ikerketan «beste hipotesi bat» zabaldu dute. Ohar bidez adierazi dutenez, atzo erasoaren etxean bildutako «informazioek eta zantzuek» gizona atxilotzera eraman zituen, baina ondoren egindako ikerketekin «beste lan ildo bat» zabaldu dute.
Hala ere, gaur goizean EH Bilduk, PSE-EEk eta PPk gogor gaitzetsi dute eraso matxista. Jone Goirizelaia EH Bilduko Bilboko zinegotziak adierazi duenez, indarkeria matxistaren aurka lan egin den arren, oraindik «asko» dago egiteko eta ezinbestekoa da «kalera ateratzea». Era berean, biktimari eta senideei euren babesa eman die. Nora Abete PSE-EEko Bilboko zinegotziak ere argi utzi du emakumeen aurkako indarkeria amaitu behar dela: «Indar politiko guztiek bat egin behar dugu, eta aski dela esan». Bestalde, Esther Martinez PPko hautagaiak bat egin du Goirizelaiarekin eta Abeterekin: «Asko dago oraindik egiteko; eta batu behar dugu egun dugun arazo nagusietako bati aurre egiteko». Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi du jazotakoa «ahalik eta lasterren» argitu behar dela.
Erasoa salatzeko, Pare Deustuko talde feministak mobilizaziora deitu du arratsalderako. Done Petri plazan elkartuko dira, 19:30ean. Erasoen aurrean «herri erantzun indartsua» emateko deia egin dute.

Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.