Espainiako Saskibaloi Kopa

Azken laurdena ez da nahikoa Gernikarentzat

Hamasei puntuz azpitik egon dira markagailuan gernikarrak, baina bi minuturen faltan hiru puntura hurbildu dira. Azkenean,ordea, Avenida nagusitu da

jarraia226343.jpg
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 1a
22:45
Entzun

Gertu izan du loria Gernikak, Espainiako Kopako finalerdietan. Final-laurdenetan Girona kaleratu ostean ezin izan du Avenidaren aurka, eta Kopako finaletik kanpo gelditu dira bizkaitarrak. Azken laurdenean 15-2ko partzial batek hiru puntura gerturatu du Gernika, baina presaren presaz jokatuta bizpahiru baloi galdu dituzte. Hor erakutsi du Avenidak zergatik den faborito nagusia. Azken sei Kopetatik bost irabazi ditu Salamancako taldeak, eta txapeldun handiek bezala, une txarrenean egonda ere partida aurrera ateratzea lortu du. Azken laurdena ez da nahikoa izan gernikarrentzat, baina ligako kanporaketei begira ondo etorriko zaie erakutsitako nortasuna.

Final-laurdenetan ez bezala, hotz hasi dute neurketa Gernikak eta Avenidak. Biak ala biak modu bikainean sartu ziren atzo jokatu zituzten partidetan, baina gaurko partidak oso erritmo baxuko hasiera izan du. Hala ere, Salamancako taldeak lortu ditu lehen aldeak. Silvia Dominguezen eta Maite Cazorlaren gidaritzapean, hutsuneak aurkitu ditu Avenidak gernikarren zona barruan, eta 3-12 aurreratu ziren.

Gernikak frustrazio puntu batekin jokatu du markagailuan atzean zegoelako, eta lau minutuan bi falta egin ditu Sandra Ygueravide antolatzaileak. Itziar Ariztimuño berehala sartu da haren ordez, eta bilbotarrak taldearen jokoari lasaitasuna ematea lortu du. Anna Montañanak hutsartea ere eskatu behar izan du, eta gernikarrek lortu dute ordura arteko sentsazioak hobetzea. Blokeo zuzena baliatu dute saskira bidea hartzeko, eta azkenerako 7-13 amaitu da lehen laurdena. Bigarren laurdenaren hasieran Ariztimuño taldeak ondo jokatu zezan ahalegindu da, eta une batzuetan lortu ere egin du. Avenida, baina, ez da nolanahiko taldea, eta Mariella Fasoularen eta Alexis Princen joko fisikoa nagusitu da. Beste izen asko izan ditu Avenidaren bigarren laurdenak, baina Ariztimuñok, Julie Wojtak eta Adrijana Cvitkovicek mantendu dute Bizkaiko taldea partidan. Hala ere, aldea handitzea lortu du Avenidak, eta 24-37 amaitu da bigarren laurdena

Atsedenalditik bueltan Sandra Ygueravide agertu da Gernikaren mesederako. Bi falta zituenez aulkian egon da bigarren laurdenean, eta hirugarrena hasi bezain pronto bost puntu sartu ditu antolatzaileak. Avenidak, ordea, defentsa gogortu du, eta kostata lortu du zonatik gertu abantailaren bat Gernikak. Korrika egitea asko gustatzen zaio Montañanaren taldeari, eta oso jokalari arriskutsuak ditu era horretan jokatzeko. Ez dute bidea topatu, ordea, eta defentsan egin behar izan dute lan gernikarrek markagailuan zegoen aldea ez handitzeko. 37-53 amaitu da hirugarren laurdena.

Sinetsi bai, baina ezin lortu

Azken laurdenean sartuta, eta hamasei puntuko desabantailarekin, lanean jarraitu du Gernikak, eta markagailua irauli zezaketela sinetsi dute jokalariek. Defentsa oldarkor batekin markagailuan gerturatzea lortu dute. Zonakako defentsa erabili du Montañanak, eta etekina atera dio defentsa horri. Ygueravidek eta Laura Spreaficok hiruko marratik asmatu dute, eta 15-2ko partzial batekin hiru puntura hurbildu dira gernikarrak ia bi minutu gelditzen zirenean. Patxadaz jokatuz lortu dute aldea murriztea, baina markagailua berdindu nahiak azkarrago jokatzera behartu ditu gernikarrak azken minutu horietan, eta bizpahiru baloi galdu dituzte. Saski aurrean ere ez dute asmatu, eta loria mihazkatuta, baina saririk gabe gelditu da Montañanaren taldea.

Azken laurdenean sei puntu soilik sartu ditu Avenidak, baina txapeldun handiei gertatu ohi zaien bezala, puntu horiek nahikoak izan dira partida bereganatzeko. Bihar jokatuko dute Kopako finala Salamancakoek, eta etxeko taldea izango dute aurkari: Zaragoza. Sarrera guztiak saldu dira, eta 10.000 zale inguruk ikusiko dute finala Felipe Printzea pabiloian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.