VII. INKESTA SOZIOLINGUISTIKOA

Kontseilua: «Hizkuntza politika ausarten norabidean jauzia egiteko garaia da»

Euskalgintzaren Kontseiluaren arabera, inkesta soziolinguistikoek hizkuntza politika «sendo» baten beharra berresten dute, bi oinarrirekin: euskararen ezagutza unibertsalizatzea, eta euskaraz «eroso» aritzeko eremuak sortzea.

Euskalgintzaren Kontseiluaren 25. urteurrenaren ekitaldiaren artxiboko irudi bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko apirilaren 3a
13:16
Entzun

Azken asteotan argitaratutako inkesta soziolinguistikoen emaitzak aztertu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak. Nabarmendu du «positiboa» dela euskararen ezagutzak gora egin izana, baina hainbat arazo eta erronka ere plazaratu dituela azaldu du; besteak beste, euskararen erabilera ezagutzaren adinakoa izateko «zailtasuna», Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako eremu batzuetan ezagutza hedatzeko «ezintasuna», eta hizkuntza politika «egokien» faltak «euskararen kontrako jarrerak» indartu izana zenbait gunetan. Erronka horiei aurre egiteko, hizkuntza politiketan «jauzi handi bat» egiteko premia dagoela adierazi du Kontseiluak: «Inkesta soziolinguistikoek erakutsi dute euskararen normalizaziorako, erabilera erosorako eta biziberritze prozesurako baldintzak sortuko dituzten hizkuntza politika ausarten norabidean jauzia egiteko garaia dela; hizkuntza eskubideen alde, herritarren berdintasunaren alde, gizarte justiziaren eta kohesioaren alde: euskaraz bizi nahi dutenen alde».

Ohar baten bidez, Kontseiluak adierazi du hizkuntza politika horrek «sendoa» izan behar duela, eta «ikuspegi holistikoa eta integratzailea» izan behar dituela. Bi ardatz nagusi izan beharko lituzke hizkuntza politika horrek, Kontseiluaren iritziz. Batetik, euskararen ezagutza unibertsalizatzea bultzatu beharko luke, «herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten». Bestetik, euskaraz «eroso» aritzeko eremuak sortu beharko lituzke, «hala nahi duen orok ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik». Azaldu dute bide hori egiteko tresna Kontseiluak bultzatutako Batuz Aldatu egitasmoa izan daitekeela, «euskaraz ardazten direnek herritartasuna berdintasunean gauza dezaten, bizitza bizigarriak izan ditzaten».

Euskal Herrian euskarak duen egoeraren berri eman dute inkesta soziolinguistikoek: euskararen ezagutzaren, erabileraren, transmisioaren eta jarreren diagnostikoak dira. Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako diagnostikoa, Nafarroako Gobernuak bultzatu du Nafarroakoa eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren ekimenez egin dute Ipar Euskal Herrikoa. Hirurak martxoan aurkeztu dituzte. Inkesta soziolinguistiko horiek «funtsezkoak» dira, Kontseiluaren ustez, euskararen egoera «eraldatu» nahi dutenen jarduna «eraginkorra» izan dadin. Hala ere, Euskal Herri osoaren «argazki orokor bateratuaren hutsunea» sumatu du. Euskal Herri osoa aintzat hartuta egin du bere azterketa Euskalgintzaren Kontseiluak.

«Daturik positiboena»: ezagutza handitzea

Inkesta soziolinguistikoen emaitzetako bat da euskararen ezagutza handitu egin dela: gaur egun, 1.200.000 euskal herritarrek baino gehiagok ulertzen dute euskara, inkesten emaitzen arabera. Hori da inkesten «daturik positiboena», Kontseiluaren arabera. Hala ere, gogorarazi du Ipar Euskal Herrian, zehazki, joera bestelakoa dela: «Euskaldunen kopurua azken inkestatik doi bat emendatu bada ere, proportzioa apaldu eta apaldu ari da, galera prozesu nabarmenean».

Inkesten beste emaitza bat da euskaldunen proportziorik handiena 24 urtez azpiko biztanleen artean dagoela. Horrek euskararen biziberritze prozesua «etorkizunera begira» jartzen duela nabarmendu du Kontseiluak, baina testuingurua ere eman nahi izan du: «Datu horren egiazko eragina neurtzeko, aintzat hartu behar da euskararen ezagutza haur eta gazteen artean gorantz joan den epe berean, adin tarte horren pisu demografikoak behera egin duela, bereziki azken urteetan, eta, beraz, gizartean duen eragina hasiera batean lirudikeena baino mugatuagoa da».

Euskal herritar guztiak euskaldun bihurtzeko, helduen euskalduntzeari eta alfabetatzeari garrantzia ematen segi behar dela ere adierazi du Kontseiluak, Euskal Herrira bizitzera etorritako migratzaile asko helduak direlako. «Euskal herritar berriei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzeko arreta bereziz landu eta zaindu beharreko arloa da hizkuntza politikak diseinatzen direnean», adierazi du.

Bestalde, inkestek adierazten dute euskararen erabilera ez dela ezagutza adina handitu. «Ezagutzatik erabilerarako katean, hiztunen gaitasun erlatiboa katebegi gakoa da, bereziki euskara bezalako hizkuntza gutxituen kasuan», azaldu du Kontseiluak. Erdaraz euskaraz baino errazago moldatzen direnen kopuruak gora egin izanak euskararen erabilerari «kristalezko sabaia» jarri diola adierazi du: «Hizkuntzaren erabilera erosorako elebidunen masa soziala eta babesgune soziofuntzionalak hasiera batean dirudien baino murritzagoak dira». Euskalgintzaren Kontseiluak esan du datozen belaunaldiei oinarrizko euskara gaitasuna «bermatzea» izan behar dela hezkuntza sistemaren helburua.

Hiriguneak, «estrategikoak»

Gainera, inkestek adierazten dute euskaldunen kopururik handiena eremu erdaldunetan bizi dela. Horregatik, hiriguneei «izaera estrategikoa» aitortu behar zaiela esan du Kontseiluak, «erabilera erosorako babesgune soziofuntzionalak bermatzeko, hizkuntza politika aurreratuak garatzeko eta baliabide egokiz hornitzeko».

Euskararekiko jarrerari ere erreparatu dio Kontseiluak. Nafarroan, herritarren %37 daude euskararen erabilera sustatzearen kontra, 2011n baino %2,5 gehiago —horiek eremu ez-euskaldunean pilatzen dira batez ere—. «Kezkatzekoa» dela esan du Kontseiluak: «Argi geratzen da euskararen aldeko hizkuntza politikek ez dutela ezagutzan edo erabileran soilik eragiten, baizik eta jarreran ere zuzenki ispilatzen dela».

Bestalde, Ipar Euskal Herrian euskara hutsean ikastearen alde egiten du %16,5ek; bi puntu apaldu da 2011tik. «Agerian geratzen da Euskal Herri osoan euskara ofizial izatea funtsezkoa dela biziberritze prozesuan sendotasunez aurrera egiteko», nabarmendu du Euskalgintzaren Kontseiluak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.