Albistea entzun

Euskara. Nafarroako VII. Inkesta Soziolinguistikoa

Euskararen ezagutzak goranzko joerari eutsi dio Nafarroan

VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, nafarren laurdenek dute euskararen ezagueraren bat, eta %12k erabiltzen dute. Behera egin du euskara sustatzearen aldeko jarrerak
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, atzo, Iruñean.
Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, atzo, Iruñean. JESUS M. GARZARON / NAFARROAKO GOBERNUA Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2023ko martxoak 11

Euskararen ezagutzak mende hasieratik izan duen gorakadari eusten dio Nafarroan. Nafarroako Gobernuak plazaratutako VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, herritarren %14,1 euskaldunak dira, eta horiei euskaldun hartzaileak batuz gero, biztanleriaren laurdenak dute (%24,7) euskararen gaineko ezagutzaren bat. Halere, kezka eragin die euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrerek behera egin izanak.

1991tik 2021era bitarte, euskaldunen ehunekoak 4,6 puntu egin du gora. Eta gorakadari kopuru absolutuetan erreparatuz gero, azken 30 urteetan Nafarroan honelakoa izan da igoera: 1991n, 40.167 euskaldun ziren, eta, orain, 76.784 dira. Euskaldun hartzaileak, berriz, 19.300 ziren lehen, eta 57.834 dira orain.

Ikusi gehiago: Analisia: 'Hiru albiste on eta kezka baten itzala'

Adin taldeei erreparatuta, zenbat eta gazteago, orduan eta handiagoa da ezagutza maila. 16 eta 24 urte arteko herritarren %40,2 dira euskaldunak edo euskaldun hartzaileak. Adin tarte horretan, %28 dira euskaldunak, duela 30 urte baino hemezortzi puntu gehiago, eta 2016an baino 2,2 gehiago. 25 eta 34 urte artean dituztenetan ere gorakada nabarmena da: 1991n, euskaldunak %7 ziren; egun, %20,2 dira.

Nafarroako administrazioak bereizten dituen hiru eremuei erreparatuz gero, euskaldunen ehunekoak gora egin du eremu euskaldunean eta, batez ere, mistoan. Lehenengoan, herritarren %62,3 dira euskaldunak; hamarretik zortzi baino gehiago dira 16 eta 34 urte bitarteko biztanleen artean. Eremu mistoan, %12,6 dira euskaldunak; gazteen %28,9. Eremu ez-euskaldunean, berriz, behera egin du ehunekoak, baina badu azalpen bat: 9/2017 Foru Legearekin, 44 udal eremu ez-euskaldunetik mistora pasatu ziren.

Ikusi gehiago: Euskararen egoera Gasteizen

Iruñean, euskaldunak %13,5 dira, bost urte lehenago baino hiru puntu gehiago; denera, 23.306 biztanle. Euskaldun hartzaileak batuz gero, euskararen ezagutzaren bat dutenak 42.388 dira. Hura da Nafarroan euskaldun gehien dagoen eremua.

GAITASUNA

Euskaraz hitz egiteko gaitasun erlatiboari dagokionez, euskaldunen %48,4 «euskaldun elebidunak» (%20,4) edo «elebidun orekatuak» (%28) dira; hau da, euskaraz hobeto aritzen dira, edo euskaraz erdaraz bezain ondo. Gazteen artean da txikiena ehuneko hori, %68,3 «erdal elebidunak» baitira. «Erdal elebidunen kategoria gero eta nagusiagoa da euskaldunen artean», esan du Euskarabideko Paula Kasaresek.

Gainera, bilakaerak erakusten du ehuneko horrek behera egin duela azken urteetan. 1991n, Nafarroako euskaldunen %67,2 gutxienez gazteleraz bezain ondo aritzen ziren euskaraz, eta 2011n, %52,1 ziren. Izan ere, 1991n, herritarren %8,1en lehen hizkuntza zen euskara, eta, egun, %6,1ena. Halere, Kasaresek esan du gazteen artean gora egiten ari dela euskara edo euskara eta gaztelania lehen hizkuntzatzat daukatenen ehunekoa. «Haurrei euskara etxean irakasteko joera handitzen ari da gutxika-gutxika». 2016an, gazteen %5,9en lehen hizkuntza zen euskara; 2021ean, %6,5ena. Lehen hizkuntzatzat euskara zein gaztelania dauzkaten gazteen ehunekoa, berriz, %4,9tik %5,2ra igaro da.

TRANSMISIOA

Bi gurasoak euskaldunak direnean euskararen transmisioa nolakoa izan den ere aztertu dute inkestan. Guraso euskaldunak dituzten 16 eta 34 urte bitartekoen %94,3k jaso dute euskara haiengandik, 35 eta 49 urte artekoen %78,5ek, eta 50 urtetik gorakoen %77,2k. Gainera, lehen adin tarteko transmisioak gora egin du 2016ko datuekin alderatuta: euskara jaso dutenak %85,4 dira —%82,4, 2016an—, eta euskara eta gaztelania jaso dutenak %10,9 —%8,3, 2016an—.

ERABILERA

Herritarren %12k erabiltzen dute euskara. Halere, bi bloke nagusi bereizi dituzte barruan. Euskaraz erdaraz beste edo gehiago egiten dutenak, eta euskaraz erdaraz baino gutxiago egiten dutenak. Lehen blokeak apurka-apurka gora egin du azken hamar urteetan, adin tarte eta gune soziolinguistiko guztietan. Oro har, herritarren %6,8k egiten dute euskaraz erdaraz bezainbeste edo gehiago.

JARRERA

Euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarreretan agertu du kezka nagusia gobernuak. Herritarren %30 daude alde: 1991n baino 8,4 puntu gehiago dira, baina duela hamar urte baino 7,7 gutxiago. Gazteen artean sustapen horrek izan duen beherakada nabarmendu du Nafarroako Gobernuak. Izan ere, 2011n 16 eta 24 urte artekoen %41,8k zuten erabilera sustatzearen aldeko jarrera, eta, orain plazaratutako inkestaren arabera, egun %27,2 dira.

Era berean, kontrako jarreren gorakada islatu du inkestak. Herritarren %37 daude euskararen erabilera sustatzearen kontra, 2011n baino %2,5 gehiago. Horiek eremu ez euskaldunean pilatzen dira batez ere. Han, herritarren erdiak baino gehiago (%54,3) daude kontra; eremu mistoan, herenak (%34,2); eta eremu euskaldunean, %5,1 besterik ez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat Donostian, artxiboko irudian ©Gorka Rubio/ Foku

Gizonezko bat atxilotu dute Donostian, sexu eraso bat egitea egotzita

Berria

Emakume bati ukituak egitea leporatuta atzeman du Ertzaintzak.

Ganaltoko gurutzea, iazko ekanean eraitsi baino lehen ©Basotxerri (Wikipedia)

Olarizuko gurutzearen eraisketari buruzko ikerketa berriz irekitzeko agindu du Arabako Auzitegiak

Berria

Auzitegiak aintzat hartu du Abogados Cristianos elkarteak auzia artxibatzeari jarritako helegitea. Ezezagun batzuek eraitsi zuten gurutzea, iazko ekainean.

Gaur goizean egin dute aurkezpena Bilbon ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Ikastetxean ezkaratza eraikitzeko eskatu diote hamazazpi eskolak Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari

Javi West Larrañaga

Sare publikoko eskolen herenek bakarrik daukate sukaldea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Justizia administrazioko letraduek togak eskegi zituzten Gasteizko epaitegian protesta gisa ©L. Rico / EFE

Letraduek bertan behera utzi dute greba, hileko 450 euroko soldata igoera onartuta

Berria

Espainiako Justizia Administrazioaren menpeko letraduak urtarrilaren 24tik ari ziren greban Hego Euskal Herrian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...