Enplegua

Lan eskaintza duingabeei ezetz esatea erraztuko du Enplegu Legeak

Lanbiden leihatila bakarra eratzea da asmoa, eta langabeen soslai profesionalak egitea.

Pertsona bat Lanbideren bulego baten aurrean zain. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko apirilaren 4a
12:04
Entzun

Enplegu lege berriak diseinu berri bat eragingo du Lanbide euskal enplegu zerbitzuan. Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluan onartu dute gaur, eta Eusko Legebiltzarreko tramiteen bidea hasi du. Enplegu Sailak langabeengandik gertuago egotea nahi du, eta leihatila bakar bat sortu. Prozesu burokratikoen bidea da helburua, eraginkorrago bilakatzeko. Langile kopurua %15 handituko da. Hona hemen lege berriak eragingo dituen aldaketak.

Lanbide berria. Zuzenbide pribatuko erakunde publikoa
Lanbideren izaera juridikoa aldatu egingo da, eta aurrerantzean zuzenbide pribatuko erakunde publikoa izango da. Besteak beste EITBk, Osakidetzak eta Energiaren Euskal Erakundeak duten izaera juridikoa da. Enplegu Sailaren arabera, erabakiak arinago hartu ahal izango ditu.

Udalak txertatu.Enplegu planak, beharrezkoak
Jaurlaritzarekin eta aldundiekin batera, Enplegu Sailak udalak barneratu nahi ditu enplegu bilaketaren sarean. 10.000 biztanletik gorako udal guztiek enplegu planak egin beharko dituzte —bakarka eta beste batzuekin bateratuta—. Enpleguaren %75 udalerri horietan biltzen da. Udaletako gizarte zerbitzuen bulegoek bideratuko beharko lukete eskaera.

Lan duina. Ezetz esateko bakarrik
Legearen tramitazioan zeresan handiena eman zuten ezaugarrietako bat izan zen. Enplegu lege berriak enplegu «duina» arautuko duela aurreratu zuen Lan Sailak. Hori nola mamituko zen zehaztea falta zen, eta lan eskaintza bati muzin egiteko eskubide gisa arautuko du. Alegia, langabezia saria galdu gabe lan eskaintza bati ezetz esateko arrazoiak zerrendatuko ditu: lanpostutik oso urrun bizitzea, kontziliazioa ezinezkoa izatea... Sailak ez du ahalmenik eskaintza bat duina den ala ez arautzeko.

Enplegu sarearen sorrera.Enpresentzat, «borondatezkoa»
Lan eskaintza gehienak poltsa berean zentralizatu nahi ditu Lanbidek. Horretarako, enpleguaren euskal sarea delakoa josiko du. Lanbide izango du buru, eta bertan erakunde publikoen zein pribatuen eskaintzak batuko dira, unibertsitate eta hezkuntza zentroekin. Baliabide pertsonalen zein ekonomikoen optimizazioa du helburu. Erakunde pribatuei eta enpresei dagokienez, baina, borondatezkoa izango da. Lanbideren erabiltzaile direnak behartu ahal izango dituzte bakarrik. Ahalik eta enpresa gehien batzea espero dute. Asko izatea espero dute, enpresen elkarteak langile faltaz kexu baitira.

Arreta pertsonalizatua. Langabeen soslaia
Langabeari lan bilaketarako politika aktiboen eskubidea aitortzen zaio. Lanbidek soslai zehatz bat egingo dio hiru hilabeteko tartean. Bertan gaitasunen diagnostiko bat egingo zaio, eta plan pertsonalizatu bat. Laneko historia bakarra ere diseinatuko zaio. Horrekin langile bila dabilen enpresaren eskaerei hobeto erantzun dakiekeela uste du Jaurlaritzak. Eskatu eta hiru hilabetera eginda izan beharko luke. Lanbidek uste du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langabe guztiek azterketa hori egina izango dutela 2024ko uztailerako —legea indarrean sartu eta urtebetera—. Horretarako, langile kopurua %15 handituko dute, 373tik 430era.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.