VWeko langileen batzordeak aurreko ostiralean ohartarazi zuenkolokan dagoela Landabenen auto elektrikoetarako baterien zeldak muntatzeko fabrika. Langile guztiei gutun bat bidali die batzordeak, eta azaldu du «bidegabea» dela Landabengo plantako langileenganako tratua. Hori dela eta, adierazi du langileen eta plantaren interesak defendatzeko «beharrezko neurri guztiak» proposatuko dituztela.
Landabengo fabrikaren zuzendaritzak atzo adierazi zion langileen batzordeari «konprometituta» daudela baterien zeldak muntatzeko fabrika Nafarroan egiteko, baina gehitu erabakia ez daukatela beren esku. Nafarroako VWen zuzendaritzak eta batzordeak helburu bera izatea goratu dute langileen ordezkariek, eta nabarmendu dute elkarlanean arituko direla proiektuak aurrera egin dezan.
Batzordeak dio fabrika berriaren proiektua «bideragarria eta errentagarria» dela, baina Wolfsburgeko (Alemania) taldearen finantzeketarik ez duela.
Baterien zeldak muntatzeko fabrika Nafarroan egiteari buruz hitz egiteko bilera bat eskatu diote taldeari, Alemanian bertan. Langileei bidalitako oharrean, batzordeak dio frogatuta dagoela Landabengo langileek plantarekin eta enpresarekin duten konpromisoa, eta gehitu dute esfortzu handia egin dutela urtean 350.000 auto egiten dituen fabrika bat sortzeko: «Datu horren gainean eraikitzen da gure proiektu industriala. Egun, uste dugu baterien zeldak muntatzeko fabrikak gure proiektu industrialaren parte izan behar duela», diote oharrean. Batzordearen arabera, zuzendaritzak dio egungo plantako enplegua ez dagoela arriskuan, baina batzordeak dudak ditu behin-behineko langileekin zer gertatuko den. Auto elektrikoak egungo enplegua mantendu edo handitu behar duela uste du batzordeak.
Bateriak auto elektrikoen pieza garrantzitsuena direla uste dute langileen ordezkariek, eta ez dute ulertzen zergatik duen taldeak VWetik kanpo fabrikatzeko asmoa; are gutxiago, jakinda Nafarroako Gobernuak 40 milioi euroko inbertsioa egin duela, fabrikaren trenbide sarea hobetzeko.
Fabrika Nafarroan egiteko ingurumen arrazoiak ere badaude, batzordearen esanetan: «Errekuntza autoa auto elektrikoarekin ordezkatzea erabaki bada ingurumenaren alde, zer zentzu du baterien zeldak muntatzeko fabrika Nafarroatik kanpo egiteak, milaka kamioi mugiaraziz?».
EH Bilduren eskaera
Laura Aznal EH BIlduko lehendakarigaiak «erabat beharrezkotzat» jo du elektrifikazioaren prozesu osoa bermatzea, eta, ondorioz, uste du funtsezkoa dela lantoki hori Landabenen izatea. Aznalen arabera, VWek 400 milioi euro jasoko ditu autogintzako ESEPE ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikotik: «Orain, prozesu hori kanporatu nahi du 200 milioi aurrezteko, eta, hala, VWen 500 edo 600 lanpostu sortzea eragotziko du», azaldu du Aznalek.