VWeko langileen batzordeak aurreko ostiralean ohartarazi zuen Landabenen auto elektrikoetarako baterien zeldak muntatzeko fabrika kolokan dagoela. Albiste horren harira, Laura Aznal EH BIlduko lehendakarigaiak «erabat beharrezkotzat» jo du elektrifikazioaren prozesu osoa bermatzea, eta ondorioz, irizten dio funtsezkoa dela lantoki hori Landabenen izatea.
EH Bilduk prentsaurrekora deitu du eguerdirako, eta Aznalek gogorarazi du Nafarroako Gobernuak 40 milioi euro jarriko dituela egun fabrika zeharkatzen duen trenbidea hortik ateratzeko. EH Bilduko hautagaiaren arabera, fabrika hori «ezinbesteko baldintza» da elektrifikazio prozesuari behar bezala ekiteko.
VWen hasierako asmoa zen orube horretan jartzea baterien zeldak muntatzeko fabrika —kontuan hartu behar da, berez, bateriak egingo diren fabrika nagusia Sagunton egongo dela—. Orain, berriz, zuzendaritzak dio ez duela dirurik Landabenen lantoki hori finantzatzeko. Langileen batzordeak ostiralean adierazi bezala, Landabengo arduradunek diote erabaki hori Iruñetik harago doala eta taldeko zuzendaritzaren dela.
Ikusi gehiago:Sindikatuek azaldu dute 600 lanpostu «jokoan» direla VWen
Ondo ezagutzen du auzia Aznalek, urte luzez lan egin baitu VWen. EH Bilduko ordezkariaren arabera, VWek 400 milioi euro jasoko ditu autogintzako ESEPE ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikotik: «Orain, prozesu hori kanporatu nahi du 200 milioi aurrezteko, eta, modu horretan, VWen 500 edo 600 lanpostu sortzea eragotziko du», azaldu du Aznalek.
Hori dela eta, lehendakarigaiak nabarmendu du langileen batzordeak dioena adi entzun behar dela lehenik. Haren ustez, gobernuak «berriro» hitz egin beharko du VWeko zuzendaritzarekin, zuzenean izan dezan enpresaren asmoen berri. Aznalek uste du lankidetza publiko-pribatuaren eredua berrikusi behar dela. «Lankidetza publiko-pribatua ongi dago, baina ez irizpide hauekin. Ez dugu bat egiten eredu mota honekin, non gobernuak jartzen dituen funtsak eta bere gain hartzen dituen arriskuak eta galerak. Irabaziak, aldiz, enpresentzat dira».
Navarra Sumaren eskaera
Javier Esparza Navarra Sumako eledun eta UPNko presidenteak Maria Txibiteren agerraldia eskatu zuen astelehenean. Txibitek berak atzo bertan sinatu zuen parlamentua desegiteko foru agindua, eta Parlamentuko Batzorde Iraunkorrak aztertu du eskaera gaur goizean –behin parlamentua deseginda, araudiaren arabera, batzorde horren eskuetan da orain legebiltzarraren egunerokoa—. Batzordeak argudiatu du eskaera iraungi dela eta ez dela larrialdiko gaia.
Eskaeran, Esparzak adierazi du Nafarroako Gobernuak Garraioaren Hiriko zorua eskaini diola VWi, han ezar dadin baterien fabrika edo beste enpresa baten eskuetan utz dezan. Ostiralean, «aurpegia emateko» exijitu zion Txibiteri, eta gertatutakoaz azalpenak emateko.
Hauteskunde kanpaina ate joka den honetan, VWen auziak garrantzia hartuko du.