AEB-ak

Trump: «Gure herrialdea suntsitu nahi dutenengandik babestea da egin dudan krimen bakarra»

AEBetako presidente ohiari 34 delitu leporatu dizkiote, enpresa kontuak faltsutzeagatik. Epailearen aurretik pasatu denean errugabetzat jo du bere burua.

Donald Trump, Mar-a-Lagoko (Florida, AEBak) bere etxean egin duen agerraldian. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Ander Perez Zala - Paulo Ostolaza
2023ko apirilaren 5a
08:37
Entzun

Ordu batzuez atxilo eta zaintzapean, eskuburdinarik ez eta hari ateratako argazkirik ere ez. Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente ohia (2017-2021) modu berezian tratatu zuten atzo, herrialde horren historiako unerik esanguratsuenetako bateko protagonista bilakaturik: Juan Manuel Merchan epailearen aurretik pasatu zen Trump, eta hark jakinarazi zion 34 delitu leporatzen dizkiotela, enpresa kontuak faltsutzeagatik, 2016ko presidentetzarako hauteskundeen kanpainarekin zerikusia zuen ordainketa batengatik. Estatuburu izandakoak, aurrez iragarri bezala, errugabetzat jo zuen bere burua atzoko saioan.

Euskal Herriko gaueko ordu txikietan egin ditu adierazpenak Trumpek, Mar-a-Lagoko (Florida, AEBak) bere etxera heldu denean. Luxuzko areto batean 200 jarraitzailez inguratuta —hainbat kongresukide errepublikano tartean—, «gure herrialdea infernura doa» esanez hasi du agerraldia: «Gure herrialdea suntsitu nahi dutenengandik babestea da nik egin dudan krimen bakarra», adierazi du. Trumpen iritziz, kasua berehala utzi beharko lukete bertan behera: «Ez nuen sekula pentsatuko AEBetan hau gerta zitekeenik. Mundu guztiak, nire abokatuek, mundu guztiak, esaten dute ez dagoela ezer, ez dagoela kasurik!», azpimarratu du.

Joe Biden egungo presidenteari ere mintzatu zaio; bere arazoak justiziaren bidez ezkutatu nahi izatea egotzi dio, eta beste behin errepikatu du 2020. urteko hauteskundeetan iruzur egin zuela. Are eta gogorragoa izan da Juan Merchan epailearekin eta Andy Bragg Manhattango fiskalarekin. «Trump gorroto duen epaile bat da, eta Trump gorroto duen emazte bat du» salatu du, Merchan eta haren emazteak idatzitako txio batzuk aipatuz; Braggek, berriz, «Trumpi jarraipena egiteko obsesioa» duela esan du, eta hura inputatu beharko luketela.

Presidente ohiaren hitzaldiak 25 minutu inguru iraun du (hainbatetan eten dute haren jarraitzaileek, txaloka eta oihuka), eta nazioarteko egoeraz hitz egiteko denbora ere eman dio. Besteak beste, aipatu du berak artean ere estatuburu jardungo balu, Errusiak ez zuela sekula inbadituko Ukraina; «Txinaren mehatxuaz» ere jardun du.

Kontuak faltsutu

AEBen historian lehen aldiz, presidente ohi bat auzipetu dute. Estatuburu izandakoa atzo goizaldean heldu zen New Yorkera, eta arratsaldean joan zen Manhattango Auzitegi Kriminalera; Poliziak, auzitegi horretako segurtasun indarrek eta zerbitzu sekretuetako kideek lagunduta egin zuen bidea, Trump dorretik irten zenean. Bide hori egiten ari zela, zera idatzi zuen Truth Social sare sozialean: «Oso surrealista dirudi. Atxilotu egingo naute. Ezin dut sinetsi hau Amerikan gertatzen ari denik».

Auzitegira iristean, presidente ohiak ez zuen adierazpenik egin. Autotik atera, jarraitzaileak agurtu, eta berehala sartu zen eraikinean. Epailearen aurrean egin zuen agerraldia ez zen jendaurrekoa izan, baina areto barnean zegoeneko argazki bat argitara atera zuten, eta Trump oso serio agertzen zen, kamerari begira, abokatuak alboan zituela.

Kanpoan presidente ohiaren zaleak zeuden; goizean goizetik hasi ziren biltzen hiriko bazter guztietan, baina baita harekin kritikoak direnak ere. Eric Adams New Yorkeko alkateak jarraitzaileei eskatu zien «lasai» egoteko, eta ohartarazi zuen Poliziak esku hartuko duela istiluak sortzen bazituzten. Azkenean, Trumpen jarraitzaile oso gutxi agertu ziren, aurreko manifestazioekin konparatuz gero.

Estatuburu ohiak ukatu egin duen arren, ikerketak zera dio: 2016ko presidentetzarako hauteskunde kanpaina betean zirela, buruzagi errepublikanoak, kanpainako funtsak erabiliz, 120.000 euro ordaindu zizkion pornografian aritzen zen Stormy Daniels aktoreari, Michael Cohen abokatuaren bitartez, Danielsek ez zezan zabaldu Trumpek eta biek harremanak izan zituztela 2006an. Presidente izandakoak esan du ez zuela sexu harremanik izan Danielsekin, baina aktoreak baietz dio.

Berez, isilik egotearen truke diru kopuru bat ordaintzea ez da legez kanpokoa, baina, Manhattango fiskal Alvin Braggen arabera, litekeena da Trumpek bere enpresaren kontuak faltsutu izana ordainketa hori ezkutatzeko. Joan den ostiralean jakinarazi zuten estatuburu ohia eroskeriagatik auzitara eraman zutela; harrezkeroztik, Trumpek 7,3 milioi euro bildu ditu, Jason Miller haren aholkularietako baten arabera.

2024rako kanpaina

Baliteke Braggek zabaldutako ikerketak zuzenean eragitea datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetarako kanpainan; izan ere, Trumpek iragarria du asmoa duela boz horietara aurkezteko —2016koak irabazi zituen, eta 2020koak galdu—. Ikusteko dago auzipetzeak mesede edo kalte egingo ote dion, adituek aurreikusten baitute gutxienez urtebete igaroko dela epaiketa hasi artean.

Hala ere, Danielsen auzia ez da Trumpen inguruan ikertzen ari diren bakarra. Georgian, Fulton barrutiko fiskala ikertzen ari da Trumpek funtzionarioak estu hartu ote zituen 2020ko hauteskundeetan hautagai errepublikanoa garailetzat jo zezaten. Bestalde, kontseilu federal berezi bat osatu dute argitzeko etxean aurkitu zizkioten dokumentu klasifikatuak zergatik eraman zituen hara Trumpek, eta zer zerikusi izan zuen 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioaren aurka izandako erasoarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.