Politika

Martxan da inoiz egin den ikurrinik handiena sortzeko finantzaketa kolektiboa

Gure Esku-k Tourrerako egin duen deialdiarekin bat egin du txirrindulari talde batek.

xabier martin
2023ko apirilaren 5a
12:20
Entzun

Aurtengo Frantziako Tourraren lehen hiru etapek Euskal Herriaren zati bat zeharkatuko dutela aprobetxatu nahi du Gure Esku-k Euskal Herria «nazioartean proiektatzeko», eta dagoeneko martxan jarri du «inoiz egin den ikurrin erraldoiena» sortzeko finantzaketa kolektiboa. Lasterketa uztailaren 1ean hasiko da Bilbon, eta Gasteiz, Donostia, Zornotza (Bizkaia) eta Baiona daude haren ibilbidean.

Gaur, Euskal Herriko itzuliaren harira, Errenterian aurkeztu dute diru bilketa abiatzeko kanpaina, eta euskal txirrindulariek azaldu dute proiektua. Amets Txurruka, Peio Goikoetxea, InÌ;Â;ƒaki Isasi, Aritz Bagues, Eugenio Goikoetxea, Mikel Astarloza, Usoa Ostolaza, Nahia Polo, Idoia Eraso, Eukene Larrarte, Lierni Lekuona eta Ainhoa Ostolaza txirrindulariek bat egin dute Gure Esku-k Tourrerako egin duen deialdiarekin eta ikurrinik erraldoiena sortzeko finantzaketa kolektiboarekin.

Txirrindulariek adierazi dute aurtengo Frantziako Tourra «berezia» izango dela, Euskal Herriko txirrindulari eta txirrindularitzazale guztiontzat, Euskal Herrian izango direlako lehen hiru etapak eta bosgarrenaren zati bat. Zale euskaldunen «berotasuna» aipatu dute, eta Tourrari ongietorria egiteko deia egin dute. Era berean, Gure Esku-k egindako deialdiari bultzada eman nahi diotela gehitu dute. Astarlozaren hitzetan, «aukera paregabea da Europako txoko honetan zazpi lurraldez osatutako herri bat dagoela esateko». Erantsi du lurralde honek «nortasun propioa» duela, bai eta «Europako hizkuntza zaharrena» ere; «lurralde honek bere burua gobernatu nahi du, kirolzalea da, eta hori dena harrotasunez bizi du».

Usoa Ostolazak zaleei esan die egun horietan «ikurrinekin errepide bazterretara biltzeko»; «beti bezala, zale euskaldunak ezaugarritzen dituen errespetuzko jokabidearekin, txirrindulariak animatuz baina haien bidea oztopatu gabe», gaineratu du txirrindulariak.

Kirolariek bat egin dute, halaber, ikurrinik erraldoiena sortzeko deialdiarekin eta horretarako abian jarri den finantzaketa kolektiboarekin (hemen esteka). Bilbotik Baionara «erabaki nahi duen nazio bat» dagoela azpimarratuz amaitu dute hitzartzea: «Zabal dezagun lau haizeetara zazpi lurraldeko herri honek erabakitzeko eskubidea daukala. Euskal Herriak erabaki, Basques decide».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.