Gerra Ukrainan

Bake elkarrizketak «ahalik eta azkarren» hasteko eskatu dute Frantziak eta Txinak

Txinako estatuburu Xi Jinpingekin bildu da Frantziako presidente Emmanuel Macron Pekinen, eta eskatu dio egin dezala bere esku dagoen guztia Errusiak jarrera alda dezan.

Frantziako presidente Emmanuel Macron eta Txinako Xi Jinping, Pekinen. NG HAN GUAN / POOL / EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko apirilaren 6a
16:36
Entzun

Esperotako argazkia izan da gaurkoa: Frantziako presidente Emmanuel Macron eta Txinako estatuburu Xi Jinping elkarri eskua ematen, Pekinen. Bisita ofiziala izan da, aspaldian iragarritakoa eta Ukrainako gerra hotsek bultzatutakoa, neurri handi batean behintzat. Bi buruzagiek izan dituzte bestelako hizketagaiak ere, baina gerra izan da nagusia. Bilera osteko agerraldian biek nabarmendu dute bake elkarrizketak «ahalik eta azkarren» hasteko beharra, eta zentzu horretan laguntza eskatu dio Frantziako presidenteak Xiri: «Errusiak Ukrainari eraso izana kolpe gogorra izan da nazioarteko egonkortasunarentzat. Badakit zure laguntza izango dudala Errusiaren jarrera aldatu, eta guztiak negoziazio mahaian esertzeko».

Balizko elkarrizketez aritzeaz gain, bi estatuburuek adostu dute arma nuklearrik ez litzatekeela baliatu behar gerran. Xik ere eskatu dio nazioarteari egin dezala ahalegina gatazka ez okerragotzeko, nabarmenduz Europa «polo independente bat» dela «mundu multipolar batean» eta Pekinek errespetatzen duela autonomia hori. Azken hilabeteetan Europarekiko harremanak hobetzeko ahalegina egin du Txinak, ez soilik politikoki, baita ekonomikoki ere. Horrek guztiak zuzenean eragiten die AEBei, izan ere, Washington izan da orain arte Europaren aliatu nagusia, baina azken urteetan Asiako potentziak gero eta pisu handiagoa lortu du mendebaldean ere, eta horren erakusgarri da gaur Macronek eta Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenen bidaia. Azken horrek ere nabarmendu du Txinaren garrantzia Ukrainako gerran: «Txinak argi hitz egin behar du».

Aldi berean, baina, Mendebaldeak bermatu nahi du Txinak ez diola armarik salduko Errusiari, eta hori ere eskatu diote Macronek eta Von der Leyenek Xiri. Estatuburuak erantzun dio, esanez, Txinaren azken helburua dela «bakea eta elkarrizketak» bultzatzea, eta horretarako lehen urratsa su etena lortzea dela. Hala, Txinako presidenteak iragarri du baduela asmoa Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin hitz egiteko ere. Dena den, Pekinentzat «aberasgarriak» izan dira elkarrizketak, hala esan du Xik berak: «Aldaketa historiko bat bizitzen ari da egun ezagutzen dugun mundua».

Errusiarentzat, baina, ez da «une egokia» bakeaz hitz egiteko. Vladimir Putin presidentearen bozeramaile Dmitri Peskoven esanetan, Txina «bitartekari egokia» litzatekeen arren, Ukrainako egoera «oso konplikatua» da eta ez du aukerarik ematen bakeaz hitz egiteko.

Krimeari buruz hitz egiteko prest

Krimeari buruzko elkarrizketak ez ditu erabat baztertzen Kievek, ezta hura armen bidez berreskuratzeko aukera ere. Biak dituzte mahai gainean, hala onartu dio Financial Times egunkariari Zelenskiren aholkulari Andri Sibihak. Errusiak 2014an anexionatu zuen Krimeako penintsula bere lurretara eta Zelenskik behin eta berriz ohartarazi izan du ez dela bake elkarrizketarik egingo Errusia okupatutako eremuetatik erretiratu arte, baita Krimeatik ere. Sibiharen arabera, ordea, Kiev Krimearen estatusari buruz hitz egiteko prest legoke, baldin eta Ukrainako tropak bertako mugaraino heltzen badira. Buruzagiak ez du, ordea, baztertzen eskualdea armen bitartez berreskuratzen saiatzeko aukera.

Dena den, ez da lehen aldia Kiev Krimearen etorkizunari buruz hitz egiteko prest agertzen dena. Gerra hasi berria zela ere egin zuen halako adierazpenik, baina Errusiak iazko irailean Ukrainako lau probintzia anexionatu ostean, Zelenskik dekretu bat sinatu zuen Putinekiko edozein elkarrizketa baztertuz. Azken asteetan, gainera Ukrainak gogortu egin ditu Errusiak penintsulan dituen tropen aurkako erasoak, bai airez, baita itsasoz ere. Baikor agertu da Zelenskiren aholkulari Mikhailo Podoliak ere eta esan du «bost eta zazpi hilabete artean nahikoak» izango dituztela Krimeako ateetara iristeko.

Mendebaldea beldur da, ordea, Ukrainako tropak Krimean sartzen badira, Putinek erasoaldia gogortuko duela. New Europa Center think-tankeko kide Alyona Getmanchukek Financial Times egunkariari azaldu dionez, zenbait herrialderen kezka hain da handia, horren arabera erabakitzen ari direla zer arma mota eman Ukrainari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.