Aberri eguna

EAJk eta EH Bilduk bakoitzak bere aldetik ospatu dute Aberri Eguna, hauteskunde aurreko giroan

Ortuzarrek jeltzaleentzako botoa eskatu du Bilbon, «aberrigintza udaletatik eta aldundietatik ere egiten delako». Otegik «fronte zabalak» osatzeko nahia erakutsi du Iruñean.

EAJren gaurko ekitaldia, Bilboko Plaza Berrian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko apirilaren 9a
15:30
Entzun

EAJk eta EH Bilduk bakoitzak bere aldetik ospatu zuten atzo Aberri Eguna. Jeltzaleek Bilboko Plaza Barrian ospatu zuten, eta koalizio subiranistak, berriz, Iruñean. Herenegun, bi eragileek (eta Elkarrekin Podemosek) egin zuten bat Euskal Herria Batera plataformarekin, batasunaren aldeko deia egiteko, baina bakoitzak bere diskurtsoari eutsi zion atzo.

Bilbon, Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak hitz egin zuen. Hark argi zuen: «Euskadiren askatasuna lortzeko eskaileran beste maila bat igotzeko», beharrezkoa da EAJk emaitza onak lortzea maiatzaren 28ko bozetan. Ehunka lagunen aurrean, azpimarratu zuen aberrigintza udaletatik eta aldundietatik ere egiten dela: «Euskal aberriaz hitz egitea da hurrengo udal eta foru hauteskundeez eta Nafarroako hauteskundeez hitz egitea». Aipatu zuen erakunde horiek «herritarrengandik gertuen daudenak» direla, eta «zilegitasun berezia» dutela.

Herenegungo batasun irudiarekin hautsiz, zeharka hitz egin zuen EH Bilduren inguruan. Kritikatu egin zituen «alderdi politiko batzuek» egiten dituzten «transformazio ariketak», jendeari «iruzur» egin nahian: «Palestinoa, polarra eta motozerra orrazkera armairuan sartu, eta diseinuko jakak eta markako elastikoak janzten dituzte; inoiz hutsik egin ez izanaren aurpegia jartzen dute. Barrutik betiko berberak dira. Mani-koak dira horiek, Armaniz jantzita joan arren. Memoria izan dezagun!», adierazi zuen, eta EAJren «benetakotasuna» aldarrikatu.

Aurrez, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak parte hartu zuen ekitaldian; azpimarratu zituen «Euskadik nazioartean duen presentzia» eta autogobernuaren beharra: «Herri gisa dugun nortasunaren adierazpen argia da. Autogobernuak islatzen du nortasuna zaintzeko, ongizatean eta bizikidetzan aurrera egiteko, eta komunitate politiko bereizi eta berezi bat eraikitzeko modu bat. Hori defendatzea, babestea, garatzea, berritzea, aurrera egitea eta proiektatzea da gure konpromisoa», esan zuen.

Akordio zabalak

EH Bilduk milaka lagun elkartu zituen Iruñean—9.000 inguru Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren arabera—, Maite dugun herria lelopean egin zuen manifestazioan. «Demokraziaren eta subiranotasunaren aldarria» zabaldu zuten han, eta «independentzia» zioten oihuak entzun ziren. Haiekin batera izan ziren Sinn Feineko, ERCko, CUPeko eta BNGko ordezkariak ere.

EH Bilduk deitutako manifestazioa, atzo, Iruñean.Jaizki Fontaneda / Foku

Mobilizazioaren amaierako ekitaldian, hitza hartu zuten Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusiak, Laura Aznal Nafarroako Gobernurako lehendakarigaiak eta Declan Kearney Sinn Feinek presidenteak.

Otegi EH Bilduz gaindiko sindikatu eta eragile politikoei mintzatu zitzaien, «herrialdeko akordioak» lortzeko «subiranotasunaren bidean». Zeharka, Podemos, Sumar eta enparauak ere aipatu zituen: «Espainiako eta Frantziako estatuetan ezin da ezker eraldatzaile bat egon ez badute estatuaren izaera plurinazionala onartzen eta herrien autodeterminaziorako eskubidea defendatzen».

Kearneyk, berriz, euskal presoak askatzeko eskatu zuen, eta EH Bilduren alde bozkatzeko.

EH Baik eta Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak, berriz, bi eguneko egitaraua antolatu dute Itsasun (Lapurdi), eta manifestazio «alaitu eta aldarrikatzailea» egin zuten atzo goizean, 11:00etan. Ondotik, bazkaria eta animazioak egon ziren, eta kontzertuekin amaitu zuten eguna: Xiberoots, Liher, Kuartz, Dupla, eta DJ Xa2k alaitu zuten Itsasuko ilunabarra.

Jardun, Gernikan

Ez ziren horiek izan atzoko deialdi bakarrak. Jardun antolakundeak, adibidez, Gernikan (Bizkaia) ospatu zuen eguna, «aldarrikapenen bidez kontzientziazioari ekiteko». Manifestazioa egin zuten goizean, eta iluntzean hainbat kontzertu izan ziren.

Mugimendu Sozialistari dagokionez, GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak «Euskal Estatu Sozialistaren aldeko konpromisoa» berretsi du ohar baten bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.