Transmisioa eta batasuna, Itsasuko ekitaldiaren aldarrikapenetan

'Bagira' prozesuari jarraikiz, Aberri Egunerako bi eguneko egitaraua antolatu dute Iparraldeko abertzaleek. Gaur manifestazioa eginen dute

Garazi Aduriz Zuñeda.
Itsasu
2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Azken 60 urteetako Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen argazki eta afixa erakustaldiarekin hasi zuten eguna Itsasun (Lapurdi), atzo. Bagira prozesuaren barruan antolaturiko Aberri Egunaren lehen egunean transmisio historikoa izendatu fasea itxi, eta etorkizunera begira jarri ziren arratsaldean proposatu mahai inguruan: Aberri Eguna atzo, gaur eta bihar zuen izenburua. Sei hizlarik azaldu zuten beren ikuspuntua; denek bat egin zuten, garaiak gorabehera, Aberri Egunean abertzaletasuna «ospatu» eta «aldarrikatu» behar dela.

Ikusi gehiago:Batu, erronkei erantzuteko

Hain zuzen, Jean Louis Davant Enbata mugimenduaren sortzaileetarikoak, AB Abertzaleen Batasuneko kide izandako Mertxe Kolinak eta Jakes Bortairuk aipatu zituzten Ipar Euskal Herriko Aberri Egun historikoak. Duela 60 urte egin zen lehen Aberri Eguna. Mila lagun inguru bildu zirela azaldu zuen Davantek: «Hala ere, prefeturak 500 ginela zioen, haietarik 100 espainolak». Eta lau hitzaldi antolatu zirela gogoratu zuen; besteak beste, «euskararen aldekoa» eta «xede politikoa» azaltzen zuena. Lehen Aberri Egunak modu pribatuan egin baziren, 1971n jendaurreko lehena antolatu zuten Donibane Lohizunen (Lapurdi). «Noski, debekatu egin ziguten, eta, hala ere, egin genuen; pataxkak izan ziren». 1973an antolatu zen jendaurreko lehen Aberri Eguna «libreki», Donibane Garazin. Jakes Bortairuk, berriz, 1980ko hamarkadatik aurrera izandakoak izan zituen aipagai. Eguna bere garaiko erronka politikoaren eta orduko panorama politikoaren isla zela iruditu zitzaion: «Izan dira Aberri Egun batzuk batuagoak eta beste batzuk ez hain batuak».

Gazteen aldetik, Aitor Servier, Gaby Arestegi eta Nerea Peponnet izan ziren hizlariak, hirurak EH Baikoak. Gazteekin «ulerkorra» izateko eskatu zuen Servierrek. Haren ustez, gazteek gauzak «hankaz gora» jartzeko zilegitasuna dute: «Guk ere gure maneran mugimendu abertzalea elikatzeko gogoa dugu». Mugimendua gero eta segituagoa dela zeritzon, eta horren araberako Aberri Egunak beharko direla etorkizunean. Arestegi ados agertu zen ideia horiekin, eta mugimendu abertzaleak unean uneko egoerarekiko ukan duen moldatzeko gaitasuna jo zuen positibotzat. Alderdi arteko eztabaidak «bazter uzten» dituen Aberri Eguna amestu zuen: «Badakit zaila dela, baina uste dut Aberri Eguna korapiloak askatzeko parada dela».

Denek bat egin zuten Bagira prozesuak abertzaletasunarekiko gogoeta politikoa egiteko aukera ematen duela, «nazio, hizkuntza, kultura zapalkuntza batetik sortu dela ahaztu gabe», Bortairuren arabera.

Gaur, Aberri Egunean, topaketaren bigarren eguna ospatuko dute, Itsasun ere bai. 11:00etan manifestazio «alaitu eta aldarrikatzailera» deitu dute, oroigarrian amaituko dena ekitaldi politiko batekin. Ondotik, bazkaria eta animazioak egongo dira, eta kontzertuekin amaituko da eguna: Xiberoots, Liher, Kuartz, Dupla, eta DJ Xa2k alaituko dute Itsasuko ilunabarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.