Biktimak

Udalak ukatu egin du Galdakaoko biktimei buruzko PSEren salaketa

EAJk eta PSEk legez besteko proposamen batekin eskatu dute udalak web orria zuzendu dezala.

Galdakaoko Udalaren webgunea. BERRIA
xabier martin
2023ko apirilaren 12a
11:34
Entzun

Ez dira berriak Aranzadi zientzia elkarteak indarkeriaren biktimak zerrendatzeko egindako lan historikoak zenbait udalerritan; esaterako, Tolosan, Hernanin eta Azpeitian (Gipuzkoa). Lan horiek ez dira polemikarako bide izan, harik eta Galdakaoko (Bizkaia) zerrenda iritsi den arte, udal eta foru hauteskundeen atarian. PSE-EEk salatu du EH Bilduk gobernatzen duen udal horren ekimenez egindako zerrendak «iraina eta umiliazioa» ekarri dizkiela ETAren biktimei. Uste dute haiekin batera beste pertsona batzuk azaltzen direla udal webgunean, «ETAren terrorismoa» egin zutenak.

Salaketa horren harira, PSE-EEk eta EAJk legez besteko proposamen bat erregistratu dute Eusko Legebiltzarrean, Galdakaoko alkate Iñigo Hernandok biktimen zerrendatik ken ditzan «ETAren terrorismoan aritu zirenak urte askoan». Horietako batzuk «bizitzaren aurkako delitu larriak» egindakoak direla ere gaineratu dute alderdi horiek.

Galdakaoko Udalak eta Aranzadik, berriz, gezurtatu egin dute PSE-EEk lehenik eta EAJk gero egindako salaketa. Aranzadiren arabera, «erabilitako identifikazio eta kategorizazio irizpideek bereizi egiten dituzte giza eskubideen urraketa larrien biktimak eta motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz sufrimenduak jasan dituzten pertsonak». Azken horiek ezin dira hartu «giza eskubideen urraketa larrien biktimatzat», elkarteak argitu duenez.

Aranzadik argi esan du Galdakaoko PSE-EEren idazkian aipatutako batzuk ez direla giza eskubideen urraketa larrien biktima gisa sailkatu, beste kategoria batean baizik, eta, azaldu du «indarkeria politikoaren ondoriozko gertakari batzuk pairatutakoak» daudela batetik, eta «espetxe politika eta salbuespenezko legeen aplikazioa» pairatu dutenak bestetik.

Alkatearen azalpenak

Halaber, Aranzadik jakinarazi du aplikatutako metodologia «zehatz-mehatz» azaldu zitzaiela Galdakaon udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei, eta, beraz, baita PSE-EEko ordezkariari ere.

Galdakaoko alkate Hernandok, berriz, kontatu du urte eta erdiko lanaren ostean Aranzadik egindako web orria jendaurrean aurkeztu zela 2023ko otsailaren 2an, 503 galdakoztarren kasuekin. «EAJko, Herri Batasunako eta PSEko alkate eta zinegotzi ohien adierazpen bideoak aurki daitezke», esan du. Aranzadiren azalpenak osatu ditu alkateak: «Hainbat eskubide urraketaren sailkapenak agertzen dira, bi ataletan banatuta: giza eskubideen urraketak eta beste sufrimendu batzuk». Zenbait hedabidetan agertu diren pertsona batzuk azken atal horretan daudela dio alkateak, «zehazki, espetxe politikaren eta salbuespenezko legeen aplikazioari dagokion atalean».

Hernandok garbi utzi du «biktima guztiei erabateko begirunea» adierazten diela udalak, «inolako salbuespenik gabe eta haien erabilera politikoa guztiz arbuiatuta». Udalak «ulertu» egiten du «biktimek eta ingurukoek sentitzen duten mina, eta hori baretzeko» lanean jarraituko ei du.

EH Bilduk Ahal Dugu-rekin gobernatzen du Galdakaon, koalizioan, eta talde horren ordezkariek adierazpen kontrajarriak egin dituzte. Udal taldeak esan du webguneak ez duela esaten Xabier Garcia Gazteluk eta Jon Bienzobasek «giza eskubideen urraketa larriak» pairatu dituztela.

Aranzadiren irizpidearekin bat dator Galdakaoko Ahal Dugu, baina, Eusko Legebiltzarrean, beste iritzi bat eman du Elkarrekin Podemos-IUren bozeramaile Miren Gorrotxategik. Harentzat, ezin dira «parean jarri inolaz ere biktimak eta biktimarioak». Hori egitea «umiliazioa da terrorismoaren biktimentzat», Gorrotxategiren hitzetan.

Azalpenei muzin eginda

Aranzadiren eta udalaren jakinarazpenak, ordea, ez dira nahikoak izan EH Bilduko udal gobernuaren aurkako salaketak aurrera jarraitzeko, eta auzia Eusko Legebiltzarrera iritsi da, udal eta foru hauteskundeetarako hilabete eta erdi baino falta ez den honetan. Talde bien legez besteko proposamenak biktimen zerrenda hori «zuzentzeko» eskatzen dio Galdakaoko Udalari.

Eusko Jaurlaritzak ere bat egin du tesi horrekin. Justizia sailburu Nerea Melgosak gogorarazi du Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak «argi eta garbi» zehazten duela «zer oinarriri eta irizpideri jarraitu behar zaien» udaletan giza eskubideen urraketen biktimen zerrendak egitean. Melgosak esan du ezin zaiela antzeko tratamendurik eman «bizitzeko eskubidea urratzeari eta nazioarteko zuzenbidearen arabera giza eskubideen urraketatzat jo ezin daitezkeen gertakariei».

Galdakaoko alkateak Melgosari erantzun dio, eta esan du «bizikidetzaren alde eta gizarte hobea eraikitzeko» lanean ari dela udala. «Jaurlaritzak eta Gogora institutuak aldarrikatzen dituzten egia, justizia eta erreparazio irizpideak gauzatu ahal izateko kontratatu zuen udalak Aranzadi. Bide horretan, beharrezkoa da lehenik herriaren egia integralaren berri jakitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.