MIGRAZIOA

Italiak larrialdi egoera ezarri du sei hilabeterako, migrazioari aurre egiteko

Meloni buru duen gobernuak bost milioi euroko laguntza emango die estatuko egiturei, besteak beste, migratzaileak aberriratzeko eta kanporatzeko tresnak indartzeko. Erromaren arabera, %300 handitu da Mediterraneoko ibilbideetatik iritsitako etorkinen kopurua.

Hainbat migratzaile Italiako Kostazainaz inguratuta, gaur, Lampedusa irlan, Siziliatik gertu. ELIO DESIDERIO / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko apirilaren 12a
12:27
Entzun

Azken hiru egunotan 3.000 migratzaile baino gehiago Italiako kostaldean egoera gordinean lehorreratu diren honetan, Giorgia Meloni ultraeskuindarra buru duen Italiako Gobernuak larrialdi egoera ezarri du indarrean datozen sei hilabeteetarako, migrazioari aurre egiteko asmoz, Barne Ministerioko iturriek Efe albiste agentziari atzo baieztatu ziotenez. Neurri hori indarrean dagoen bitartean, gobernuak Larrialdi Nazionalaren funtsetik bost milioi euroko laguntza emango die estatuko egiturei, migratzaileak aberriratzeko eta kanporatzeko tresnak indartzeko, besteak beste.

Ikusi gehiago: Mediterraneoan 1.200 migratzaile erreskatatu dituzte

Ministroen Kontseiluaren bileran hartu dute etorkinen aurkako erabakia, Nello Musumeci Babes Zibileko eta Itsas Politiketako ministroak bultzatuta. Musumeciren arabera, %300 handitu da Mediterraneoko ibilbideetatik iritsitako migratzaileen kopurua. «Utzidazue argi eta garbi esaten: arazoa ezin da konpondu. Hartutako erabakia EB Europako Batasunaren esku hartze kontziente eta arduratsu bati lotuta dago soilik», zehaztu du Musumecik. Babes Zibileko eta Itsas Politiketako ministroa Barne Ministerioaren beste bilera batean ere izan da, migrazio krisiaren irtenbideez eztabaidatzeko.

Italiako zenbait hedabidek Barne Ministerioko iturriak aipatuta aurreratu dutenez, Aberriratzeko Egonaldi Zentro gehiago irekiko dituzte, eta, gisa horretara, identifikazio eta deportazio jarduerak «errazago» egingo dituzte agintariek. Hain justu, Matteo Salvini Italiako presidenteordeak gai horri buruz hitz egin zuen atzo, eta, azaldu zuenez, beharrezkoa ikusten du «gutxienez eskualde bakoitzerako aberriratze zentro bat». Halaber, migrazioaren aurrean neurri «gogorragoak» ezartzearen alde azaldu zen. Salvinik, gaur egun Garraio ministro ere badenak, 2018 eta 2019 artean Barne ministroa zela, migrazioaren aurkako neurri gogor bat bultzatu zuen, ontzi humanitarioei portuetan lehorreratzeko baimena emateari uko egiteko.

Azken asteotan, milaka migratzaile iritsi dira Italiaren hegoaldera; hain zuzen, duela bi hilabete eskas, Calabriako kostaldean 90 pertsona baino gehiago hil ziren itota, haien ontzia hondoratuta. Bide horretan, Salvinik ziurtatu zuen Italia «erabat ezgauza» dela migrazioa kudeatzeko. Hala, EBri eskatu zion esku hartu dezala auzi horretan: «Europak esnatu egin behar du. Urteak daramatza hizketan, baina inoiz ez du hatzik mugitu. Bada garaia erakusteko badela komunitate bat, batasun bat. Ez da soilik Italiaren, Espainiaren, Greziaren eta Maltaren ardura».

Larrialdi egoeraren bitartez, Erromak prozedura eta ekintza azkarragoak ezarri ahalko ditu migratzaileen egoera gobernatzeko. Babes Zibilak eta Italiako Gurutze Gorriak izango dute lan hori egiteko ardura, gobernuak baieztatu zuenez. «Ganoraz esku hartzen badugu, etorkinen trafikatzaileen mafia neutralizatuko dugu», nabarmendu zuen Musumecik.

Babes Zibileko eta Itsas Politiketako ministroaren esanetan, gobernuak ezarritako neurriak «modua ematen du indarrean dagoen ordenamenduko arau batzuk indargabetzeko», eta «nazionala» izango da: «Izan ere, eskualdeei lagundu behar diegu, sistema geldiarazteko arriskua baitago migratzaileak samaldaka iristen badira».

Lehen hiruhilekoan, 441 hildako

2023a hasi zenetik, gutxienez 31.000 migratzaile iritsi dira Italiara, joan den urteko epe berean baino ia lau aldiz gehiago, zenbaketa ofizialaren arabera. Hori aski ez, eta azken hiru egunetan soilik 3.000 etorkinetik gora heldu dira herrialde horretara, kostazainek esku hartu ondotik; zehazki, dozenaka ontzi erreskatatu zituzten iragan asteburuan. Eta, herenegun, Italiako kostazainek 800 pertsona zeramatzan arrantzontzi bat eta 400 zeramatzan beste bat atzeman zituzten, Siziliako eta Calabriako kostaldetik gertu. Italiako agintarien arabera, erreskate lanak ez dituzte amaitu oraindik, erregairik gabe geratu baitira, eta etorkin askok laguntza medikoa jasotzeko beharra dute.

Mediterraneoa zeharkatzeko ahaleginean itota hil diren migratzaileen kopuruari dagokionez, berriz, datu kezkagarriak plazaratu berri ditu IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak. 2023ko lehen hiruhilekoan gutxienez 441 etorkin zendu dira, 2017tik eremu horretan izandako hildako kopururik handiena. 2014az geroztik, gainera, 20.000 hildako baino gehiago izan dira. «Beldur naiz heriotza horiek guztiak normalizatu ote diren», deitoratu du IOMko idazkari nagusi Antonio Vitorinok, krisi humanitario iraunkorra «onartezina» dela iritzita. Aferari «erantzuteko» deia egin die herrialdeei: «Itsasoan bizitzak salbatzea estatuen legezko betebeharra da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.