Arizkun Rock

Olaia Inziarte eta Ibil Bedi izango dira azken Arizkun Rocken

Hamar urteren ondoren, aurten ospatuko da azkenekoz Arizkun Rock

jarraia226679.jpg
Miren Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 12a
20:50
Entzun

Martxoan eman zuten antolatzaileek berria: ekainaren 23an izango da Arizkun Rock jaialdiaren azken aldia. Horregatik, hain zuzen ere, aurtengoa «berezia» izango dela jakinarazi dute aurrez. «Aldi hau aspalditik ari gara maitasun eta ilusio handiz prestatzen».

Egun horretako egitaraua jakinarazi dute berriki jaialdiaren sare sozialetan. Arratsaldeko zazpietan ekingo diote jaiari, Andoni Ollokiegiren kontzertuarekin. Afarirako tartea egingo dute ondotik, eta 23:00etan jarraituko dute kontzertuekin. Ibil Bedi taldea eta Olaia Inziarte izango dira, hurrenez hurren. Bi kontzertu horiek amaitutakoan, berriz, Bines Katiko DJak borobilduko du egitaraua. Ohi gisan, doakoa izango da sarrera, eta kanpatzeko aukera ere egongo da. BERRIA da Arizkun Rock jaialdiaren babesleetako bat.

Orain hamar urte antolatu zuten aurrenekoz jaialdia. Euskal Herriko taldeei lekua egin nahi dien festibal bat izanik, hamaika banda igaro dira bertatik urte hauetan: besteak beste, Sofokaos, Juantxo Skalari & Rude Band, Ze Esatek!, Ufestuek, Esne Beltza, Kaotiko, Nafarroa 1512, En Tol Sarmiento, Jon Maia, eta Skabidean.

Pozik agertu dira antolatzaileak jaialdiak egindako ibilbidearekin: «Ez da bide erraza izan, eta, oztopo ugari eduki arren, arras kontent eta eskertuta gaude proiektu hau aitzinera eramaten lagundu duzuen guztiekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.