Zinema

Kaurismaki, Rohrwacher, Haynes eta Loach izango dira Cannesko lehian

Erizeren Cerrar los ojos filma Cannes Premiere sailean emango dute, lehiaketatik kanpo. Andersonen, Kitanoren eta Hausnerren lan berriak ere erakutsiko dituzte.

Thierry Fremaux eta Iris Knobloch, gaur, Parisen, Cannesko 76. Zinemaldia aurkezten. TERESA SUAREZ / EFE
Andoni Imaz.
2023ko apirilaren 13a
13:33
Entzun

Izen handiz betetako Sail Ofizial bat izango du Cannesko 67. Zinemaldiak, Iris Knboloch jaialdiko presidenteak eta Thierry Fremaux zuzendari nagusiak gaur goizean egin duten agerraldi batean aurreratu dutenez. Parte hartuko duten film gehienen berri eman dute: lehian izango dira Aki Kaurismaki, Hirokazu Kore-eda, Marco Bellocchio, Alice Rohrwacher... Eta lehiatik kanpo, berriz, Victor Erize, Takeshi Kitano eta Martin Scorsese, besteak beste. Maiatzaren 16tik 27ra egingo dute jaialdia.

Azken urteetan, nabarmen handitu da Cannesen izan diren filmen kopurua, pandemiaren eraginez zinemetara iristeko lanak izan dituzten proiektuak bultzatzeko asmoz, Fremauxen hitzetan, eta aurten, egoera normaldu dela ikusirik, kopuru hori lehengoratzeko asmoa izan dute. Oraingoz, 24 film izango dira Sail Ofizialean —horietatik bost, lehiaketatik kanpo—, eta hamazazpi Un Certain Regard sailean. Dena dela, Fremauxek esan du film gehiagoren berri emango dutela datozen asteetan, eta dokumental bat eta animaziozko lan bat egongo direla tartean.

Sail Ofizialean, Urrezko Palma eskuratzeko lehian izango dira jaialdian parte hartu duten zinemagile ezagun batzuk: Aki Kaurismaki (Kuolleet lehdet / Fallen Leaves), Nanni Moretti (Il sol dell'avvenire), Alice Rohrwacher (La chimera), Marco Bellocchio (Rapito), Todd Haynes (May December), Ken Loach (The Old Oak), Wes Anderson (Asteroid City), Jessica Hausner (Club Zero), Hirokazu Kore-eda (Monster), Jonathan Glazer (The Zone of Interest), Nuri Bilge Ceylan (Kuru otlar ustune / Abour Dry Grasses) eta Tran Anh Hung (La passion de Dodin Bouffant).

Gainontzean, Kaouther Ben Haniak Les filles d'Olfa aurkeztuko du Sail Ofizialean, Justine Trietek Anatomie d'une chute, Chatherine Breillatek L'été dernier, Karium Ainouzek Firebrand eta Ramata Toulaye Syk Banel et Adama.
Wim Wendersek eta Wang Bingek bina film izango dituzte Sail Ofizialeko lehian eta emanaldi berezietan: Wendersek Perfect Days eta Anselm (3Dn), hurrenez hurren, eta Wangek Jeunesse eta Man in Black.

Dagoeneko esana zuten Maiwenn zuzendariaren Jeanne du Barry filmak irekiko duela jaialdiko Sail Ofiziala. Harekin batera, honako film hauek emango dituzte lehiaketatik kanpo: Martin Scorseseren Killers of the Flower Moon, Sam Levinsonen The Idol, Kim Jee-woonen Cobweb eta James Mangolden Indiana Jones and the Dial of Destiny. Herenegun jakinarazi zuten, halaber, Sail Ofizialean eta lehiaketatik kanpo emango dutela Pedro Almodovarren Extraña forma de vida film ertaina.

Kitano eta Mendoça Filho

El sol del membrillo estreinatu eta 30 urtera, Victor Erize zinemagileak Cannesko Zinemaldian erakutsiko du ordutik egin duen lehen film luzea, Cerrar los ojos izenekoa. Espero izatekoa zen Erizeren itzulerako filma Cannesen izatea —Sail Ofizialean aurkeztu zituen El sur (1983) eta El sol del membrillo (1992), eta bigarrenak epaimahaiaren saria irabazi zuen—. Hala ere, lehiaketatik kanpo emango dute filma, Cannes Premiere sailean. Sail horretan, bestela, Katell Quillevereren Le temps d'aimer, Martin Provosten Bonnard, Pierre et Marthe eta Takeshi Kitanoren Kubi lanak erakutsiko dituzte.

Wendersen eta Wangen filmez gain, Kleber Mendoça Filhoren Retratos fantasmas eta Steve McQueenen Occupied City emango dituzte Emanaldi Bereziak sailean. Gauerdiko Emanaldiak sailean, berriz, Just Philippoten Acide, Elias Belkeddarren Omar la fraise eta Anurag Kashyapen Kennedy.

Un Certain Regard sailaren eskaintza geografiko zabala nabarmendu du Fremauxek: besteak beste, Afrikako herrialde batzuetako zinemagileak egongo dira, baita Mongoliako bat ere, lehenengo aldiz. Film hauek erakutsiko dituzte Rodrigo Moreno argentinarraren Los delincuentes, Joao Salaviza eta Renee Nader Messora brasildarren Crowra, Monia Chokri quebectarraren Simple comme Sylvain, Asmae El Moudir marokoarraren Kadib abyad (The Mother of All Lies), Anthony Chen singapurtarraren The Breaking Ice, Stephanie Di Giusto frantziarraren Rosalie, Warwick Thornton australiarraren The New Boy, Ali Asgari eta Alireza Khatami irandarren Terrestrial Verses eta Thomas Cailley okzitaniarraren Le regne animal.

Opera prima ugari egongo dira sail horretan, gainera: Molly Manning Walker ingelesaren How to Have Sex, Mohamed Kordofani sudandarraren Goodbye Julia, Felipe Galvez txiletarraren Los colonos, Baloji Tshiani kongoarraren Augure, Zoljargal Purevdash mongoliarraren If Only I Could Hibernate, Kim Chang-hoon korearraren Hopeless, Delphine Deloget bretoiaren Rien à perdre eta Kamal Lazraq marokoarraren Les meutes.

Ruben Ostlund zinema zuzendari suediarra izango da epaimahai ofizialaren burua. Iaz, bere bigarren Urrezko Palma irabazi zuen, Triangle of Sadness filmarekin —lehena, 2017an, The Square-rekin—.

Datorren astean jakinaraziko dute zein filmek parte hartuko duten Cannesko Zinemaldiko jaialdi paraleloetan: Zinemagileen Hamabostaldian eta Kritikaren Astean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.