Biktimak

Aranzadik esan du memoria lanetan «biktima guztiak» dituela aztergai

«Ikerketa integralak eta ez-partzialak» defendatu ditu, udalerriei «lurzoru zientifikoa» eskaintzeko. Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok «ikuspuntu kritikoa» eskatu du, izen-zerrendetatik harago.

Galdakaoko memoriaren web orria aurkezpeneko ekitaldia, Aranzadiko eta Gogora institutuko ordezkariekin. GALDAKAOKO UDALA
xabier martin
2023ko apirilaren 13a
20:09
Entzun

Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak biktimen udal txostenak egiteko irizpideak eman zituen 2018ko ekainean, 'Giza Eskubideen eta Oraintsuko Memoriaren (1960-2018) Udal Txostenak egiteko oinarriak eta irizpideak' agirian, eta Aranzadi zientzia elkarteak irizpide horiek bete ditu Euskal Herriko zenbait udalerrietarako egindako biktimei buruzko lanetan, elkarteak berak ohar batean esplikatu duenez.

Galdakaoko PSE-EEk eta gero EAJk irekitako auziaren harira eman ditu azalpenak Aranzadik. Gogora institutuaren aurretik ere Eusko Jaurlaritzak biktimen edukian emandako gidak nola izan diren gogoratu du zientzia elkarteak, eta azaldu du egindako lanak «udal erretratuak» direla «ez dituztenak gai moralak edo etikoak jorratzen». Udalerri guztietan eskema berari jarraituz, «gertaera bakoitzaren deskribapen labur batera mugatzen dira», Aranzadiren esanetan. Informazio horrek «oroitzapenezko ekintzak eta biktimen aitortza» sustatzea erraztuko duela erantsi du.

Besteak beste, Azpeitian, Tolosan, Erandion eta asteon polemikarako bide izan den Galdakaoren kasuan ere, Aranzadiren lanak «Jaurlaritzak egindako eskema horri jarraitu dio», zientzia elkartearen arabera. 2018ko Gogora-ren txostenaren irizpideak «bere egiten ditu» elkarteak: «ez baztertu, ez legitimatu, eta ez garrantzirik kendu». Elkarteak zehaztu du «nazioarteko estandarrei» erreparatzen diela, eta «adostasunetik» abiatzen direla haren memoriari buruzko lanak, Gogora-k jarritako bidetik.

Adostasunetik abiatuta

Azken puntu horri dagokionez, Aranzadik azpimarratu du egindako ikerketen abiapuntua «udal ordezkaritza duten talde politiko guztien aldez aurreko adostasun politikoa» dela. Talde politikoak dira, hain zuzen, elkartearen esanetan, elkarbizitza mahaien bidez, «Aranzadirekin harremanetan jartzen direnak proiektu integral bat egin dezan», lehen adierazitako irizpideei jarraikiz.

Aranzadirentzat, ikerketa horietan «funtsezkoa» den beste puntu bat da ikerketek «integralak eta ez-partzialak» izan behar dutela, udalerriaren «adostasun politiko eta sozialetik» abiatzen den eskakizuna izanda. «Aztergaia ez da biktima mota jakin bat biktimagilearen arabera, biktima guztiak baizik, biktimagilea edozein dela ere».

Lan horretan diharduten hainbat diziplinatako profesionalak ariko direla hartzen du aintzat kasu guztietan egon den adostasun politiko-sozialak, zientzia elkarteak helarazi duenez; «batik bat historialariak, antropologoak eta forentseak» aritzen dira memoriari buruzko txostenak egiten. Alderdi politikoen ika-mika handiaren aurrean zientzia aldarrikatu du Aranzadik: «Metodologia zientifikoarekin lan egiten dugu, Aranzadik 75 urteko historian egin duen bezala. Aranzadik lurzoru zientifikoa eraikitzen du datu objektiboak identifikatu eta bilduz, erakundeek ahalik eta adostasun handienarekin eraiki dezaten hain beharrezkoa den lurzoru etiko hori».

Eta jakinarazpen argi bat igorri du kontakizunarekin loturik: «Ikerketa horiek eskatu dizkigutenean, ez digute eskatu kontakizun bat eratzeko, baizik eta tokiko erakundeei laguntzeko, tresna erabilgarri baten bidez giza eskubideen bortxaketen biktimak zein motibazio politikoko indarkeriatik eratorritako sufrimenduak izan dituzten pertsonak identifikatzeko». Abisu zehatz bat ere eman du elkarteak eremu horretara iristean:«Azken horiek ezin dira giza eskubideen urraketa larrien biktimatzat hartu». Eta garbi utzi du ez direla horrela sailkatu beren lanetan, nahiz eta hori den leporatu diotena zenbait alderdik.

Izen-zerrendak baino gehiago

Hala eta guztiz ere, eragile instituzional, politiko, akademiko eta sozialei esan die «irizpideetan eta metodologian egin litezkeen aldaketei edo hobekuntzei buruzko hausnarketa bateratua egiteko beharra balute», Aranzadi prest egongo litzatekeela eragile horiekin lankidetzan aritzeko. Baina betiere «independentzia zientifikoz jardunez» ariko litzatekeela ohartarazi du elkarteak.

Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok ere eman du iritzia piztu den polemikari buruz. Haren ustez, «memoria ez dira soilik datuak eta izen-zerrendak; ikuspuntu kritikoa eskatzen du, etikoa eta baloratiboa».

Bien bitartean, Tolosako eta Erandioko Udalek, biak ere EAJren esku, beren memoriaren web orrien bilaketa bertan behera uzteko eskatu diote Aranzadiri, biktima batzuentzat orri horiek «iraina» direlakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.