KPI-A

Inflazioa %3,4ra jaitsi da, baina elikagaiak %15,8 garestitu dira

Iazko martxoko prezioekiko konparazioak eragin du beherakada, bereziki energienak. Azpiko inflazioak otsailean bezala jarraitzen du, datu historikoetan.

Martxoan barazkiak garestitu ziren gehien. GORKA RUBIO (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko apirilaren 14a
11:26
Entzun

Apal bada ere, Hego Euskal Herrian beheranzko joeran jarraitzen du inflazioak, baina ez produktu guztietan, elikagaienak KPI orokorretik oso gora jarraitzen baitu. INE Espainiako estatistika institutuaren arabera, kontsumo prezioen indizeak beste koska bat egin du behera otsailetik martxora, %5,9tik %3,4ra. Energiaren merkatzeak eragin du beste behin jaitsiera. Izan ere, azpiko inflazioa —zeinak ez baititu kontuan hartzen erregaien prezioak— oso goian dago oraindik: %7,5ean, otsailean bezala, 2000. urtean abiatutako ziklo historikoko mailarik altuenean.

KPI orokorraren jaitsiera datu ona baldin bada ere, letra txikia irakurri behar da. Otsaileko datuarekin konparatuta, kontsumo produktuen prezioak 2,5 puntu jaitsi dira, baina hilabete batetik bestera beste %0,5 igo dira. Datuak kontraesana irudi dezake, baina badu azalpena. Gaur egungo prezioak iazko martxokoekin alderatzen dira. Orduan hasi ziren nabaritzen Ukrainako gerraren ondorioak —otsailaren 20an hasi zen gerra—. Inflazioa %9,6era igo zen, %3 hilabete batean, eta erregaiak, berriz, %37,4.

Martxo honetan prezioak %0,5 bakarrik igo dira otsailarekin alderatuta. Hau da, iaz baino nabarmen gutxiago, eta horrek azaltzen du inflazioaren jaitsiera. Orain arte, inflazioa kalkulatzen zenean, gerra hasi aurretik zeuden prezioekin alderatzen ziren. Eta hori zen inflazioari buruzko hain datu handiak izatearen arrazoietako bat. Orain, gerra hasita zegoen hilabetekoekin egiten da konparazioa, eta aldea (inflazioa) txikiagoa da.

KPI orokorra energien prezioak merkatu direlako apaldu da bereziki. Etxeko gastuak deiturikoak —berokuntza, argia eta ura— iaz baino %30,8 merkeago daude. Gogoratu behar da orduan %68,4 igo zirela. Erregaietan, alde handia dago urte batetik bestera: aurtengo martxoan %7,9ko jaitsiera izan dute, eta iaz, %37,4ko igoera.

Barazkien garestitzea

Beste aldean, elikagaiak daude. Iazko martxoko prezioekin alderatuta, %15,8 garestiago daude, eta orduan ere igoera handia izan zen, %6,9koa. Hurrengo hilabeteetan, halere, baliteke behera egitea, aipatutako koska efektuarengatik, apiriletik aurrera etengabe garestitu baitziren jakiak. Bestalde, azpiko inflazioak eta elikagaien prezioek oso altu jarraitzen badute ere, nahiko egonkor mantendu dira urte hasieratik —otsailean bezala, %7,5ean eta %15,8ean, hurrenez hurren—, eta badirudi goia jo dutela.

Edonola ere, oinarrizko produktu batzuen garestitzeak ez du etenik, eta, kontsumitzaile elkarte batzuek salatu duten moduan, ezerezean geratu da Espainiako Gobernuak horietako batzuei BEZa kendu izanaren eragina. Adibidez, lekaleak eta barazkiak %6,8 garestitu dira otsailarekin alderatuta, olioa %2,3, eta arrautzak, %2,1.

Urte arteko bilakaerari dagokionez, azukrea da, alde handiz, Hego Euskal Herrian gehien garestitu den produktua, %60,8 iazko martxotik. Ondoren, esnea (%31,3), olioa (%30,4), arrautzak (%26,3) eta lekaleak eta barazkiak (% 23,6). Elikagaien artean, 10 puntutik beherako igoera produktu gutxi batzuek baino ez dute izan; horien artean, arrain freskoa eta izoztua (% 6,2) eta fruta freskoa (%2,4).

Haragien artean, txerrikiek izan dute igoerarik handiena otsailetik martxora: %3,3. Eta iaz baino %18,8 garestiago dago. Hegazti okela apur bat merkatu den arren (%0,9), duela hamabi hilabete baino %11,8 gehiago ordaintzen da kiloa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.