Erretreten erreforma

Macronek indarrean jarri du erretreten erreformaren legea, Kontseiluaren oniritziaren ostean

Maiatzaren Lehena dute ikusmiran orain sindikatuek, erreformaren kontrako manifestazio handiak egiteko.

Emakume bat 'Zentzuna kalean dago, eta ez Kontseiluan' mezuarekin, atzo, Parisen. TERESA SUAREZ / EFE
Irune Lasa.
2023ko apirilaren 15a
07:28
Entzun

Frantzian erretiro adina 62 urtetik 64ra atzeratzen duen erretretaren erreformari oniritzia eman zion atzo arratsaldean Frantziako Kontseilu Konstituzionalak, eta Emmanuel Macron presidenteak ez du denbora galdu: handik ordu gutxira indarrean jarri du legea.

Gaurko datarekin sartu da indarrean legea. «Gizarte Segurantzako kodea honela moldatu da [...]», idatzi dute, eta lehenengo lerroan, «hirurogeita bi» hitzaren ordez, «hirurogeita lau» agertzen da.

Atzo arratsaldean emandako irizpenaren arabera, Frantziako Gobernuak «ez die izkin egiten konstituzioaren eskakizunei», ez Gizarte Segurantzaren finantzaketa legearen zuzenketa erabiltzean, ez erreforma 49.3 artikuluaren bidez onartzean.

Herritar askok, Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, kalean izan zuten erabakiaren berri, sindikatuek deitutako elkarretaratzeetan. Kolera izan zen adierazpenetan gehien aipatutako hitza, eta, besteak beste, Poliziak Parisen zenbait oldarraldi egin zituen.

Hori bai, Kontseiluak neurri batean aintzat hartu du Nupes ezkerreko koalizioko diputatuek eta RN Batasun Nazionalekoek euren helegiteetan aurkeztutako argudioetako bat. Erreforma ez da legegai gisa etorri, baizik eta Gizarte Segurantzaren finantzaketa legearen zuzenketa gisa. Horrela, 47.1 artikuluarekin, gobernuak parlamentuko eztabaida 50 egunera mugatu du. Baina, helegiteen arabera, eta orain Kontseiluaren irizpenaren arabera, zenbait artikuluk ez dute zerikusirik Gizarte Segurantzaren finantzaketarekin.

Horiek horrela, bertan behera gelditu da, besteak beste, adineko langileentzako kontratu mota berri bat jasotzen zuen artikulua, eta baita 1.000 langiletik gorako enpresak adineko langileen indize bat egitera behartzen zituen artikulua ere; hain zuzen, zenbait diputaturentzat erreforma onargarriagoa izateko gehitu ziren xedapenak.

Lerro nagusiak, aurrera

Erabakiaren berri izan bezain pronto, Elisabeth Borne lehen ministroak esan zuen ez dagoela ez garailerik eta ez garaiturik, eta erreformarekin 2030. urtean iritsiko dela pentsio sistemaren oreka. «Kontseilu Konstituzionalaren arabera, erreforma konstituzioarekin bat dator, bai muinean eta bai prozeduran. Testua bere prozedura demokratikoaren amaierara iritsi da. Gaur ez dago ez garailerik, ez garaiturik».

Zer egingo dute orain sindikatuek? Herenegungoarekin, guztira 12 protesta egun egin dituzte azken hiru hilabeteetan, eta horiei atzoko mobilizazioak gehitu zaizkie. Orain, Kontseilu Konstituzionalak erreformaren zati nagusiak balioetsi ondoren, sindikatuek badakite zaila dutela mobilizazio indar berberarekin jarraitzea; ostegunean jada jende gutxiago batu zuten.

Sindikatuen estrategia zen indarrak erreferendum proposamenaren inguruan batzea, oso posible ikusten dutelako 4,8 milioi hautesleren babesa biltzea. Kontseiluak, ordea, ezezkoa eman dio ezkerreko diputatuek martxoaren 20an aurkeztutako erreforma proposamenari.

Ezezkoa jaso zezaketela aurreikusia zuten, eta ostegunean ezkerreko diputatu eta senatariek erreferendumerako beste proposamen adostu bat aurkeztu zuten; bigarrena, hain zuzen. Aurrekoaren testu bera dauka, baina legeari artikulu bat gehitu diote, finantzaketarako zerga diruekin lotua, eta horrek, dirudienez, «seguruagoa egiten du juridikoki». Kontseilu Konstituzionalak atzo baieztatu zuen testua jaso duela, eta irizpena maiatzaren 3an emango duela.

Hurbilago, Maiatzaren Lehena dute ikusmiran sindikatuek, erreformaren kontrako manifestazio handiak egiteko. Atzo, hasiera-hasieratik, sindikatuen eskari nagusia testua ez promulgatzea izan zen; parlamentutik berriz pasatzea, edota zuzenean Macronek ez sinatzea. Baina TF1 telebista kateak azaldu zuenez, Macronek asteburu honetan bertan sinatuko du promulgazioa.

Ezezkoa Macroni

Macronek Kontseiluaren erabakiaren aurretik egin zien gonbit formala eragile sozialei, sindikatuei eta patronalei, datorren asteartean bilera bat egiteko, zehazki erretreten erreformaren inguruan. Gobernuko iturrien arabera, «berdin dio» zein izan Kontseiluaren ebazpena, astearteko «bilera, halabeharrez, ziklo baten hasiera izango da», zeinetan presidenteak eta gobernuak jarraituko duten hizketan eragileekin. «Eliseoko ateak irekita egongo dira aurrerantzean ere, elkarrizketa horretarako aurretik baldintzarik ezarri gabe».

Intersindikalak, ordea, adierazi zuen ez duela bilerarik egingo gobernuarekin Maiatzaren Lehenaren aurretik. Astelehen arratsaldean bilduko dira sindikatuetako ordezkariak hurrengo mobilizazioak eta Maiatzaren Lehenekoak antolatzeko.

Bitartean, Frantziako sindikatu nagusiek erreforma ez aldarrikatzeko deia egin zioten Errepublikako presidenteari. CFDTko idazkari nagusi Laurent Bergerrek «solemneki» eskatu zuen ez sinatzeko. CGTko idazkari nagusi Sophie Binetek ere dei bera egin zuen, esanez erreferendum handi bat antolatzea beste irtenbide demokratikorik ez dagoela, maiatzaren 3ko Kontseilu Konstituzionalaren erabakia buruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.