Albistea entzun

Erretreten kapitulua ixten saiatu, eta batasunerako deia egin du Macronek

Herritarren «haserrea» entzuten duela erran badu ere, erreforma beharrezkoa zela berretsi du. Hiru ardatz jarri ditu ondoko hilabeteetarako: lana, justizia eta aurrebideak.

Emmanue Macron Frantziako presidentea
Emmanue Macron Frantziako presidentea Lewis Joly / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2023ko apirilak 17

Erretreten erreforma gainditu, eta ondoko fasera pasa nahi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Helburu horrekin egin du telebistako mintzaldia astelehen arratsalde honetan, azken hilabeteetako mugimendu soziala baretu, eta ondoko hilabeteetarako Frantziako Gobernuaren norabidea azaltzeko asmoarekin. Ordu berean ehunka protesta antolatu dituzte Frantziako Estatu guzian zehar, kazolak eskuan presidentearen ahotsari gaina hartzeko.

Ostegunean eman zuen erreforma ontzat Frantziako Konstituzio Kontseiluak, eta biharamunerako promulgatu zuen Macronek. Telebistako agerraldian ezinbesteko neurria zela berretsi du: «pentsioak bermatzeko eta aberastasun gehiago sortzeko». Presidentearen hitzetan, ez zegoen «beste aukerarik», baina «indar» bat eskatzen badu ere, neurri aringarriak ere badirela erran du.

Aitortu du erreforma ez dela «onartua», eta adierazi den «haserrea» aintzat hartu du, baina «zatiketen gainetik» aitzina egin eta «batasuna» aldarrikatu du.

Hiru lansail

Ondoko hilabeteetarako hiru lansail finkatu ditu Frantziako presidenteak. Lanarena lehenik: langabeziaren aitzinean emaitza onak lortu dituztela erran du, «1,7 milioi enplegu sortu ditugu azken sei urteetan». Lizeo profesionalaren erreforma, eta gutxieneko errentan direnak lanera eramateko neurriak ere aipatu ditu.

Patronalarekin bilkura eginen du bihar gai horiek aipatzeko; sindikatuak ere gomitatu ditu, baina erreforma bertan behera uztea jarri dute baldintza gisa edozein elkarrizketa abiatzeko. «Atea beti irekia izanen da», adierazi du Macronek.

Justizia eta ordena demokratikoa ere jarri ditu helburu: 10.000 agente eta magistratu kontratatuko dituzte, eta berrehun jendarmeria unitate irekitzen ari dira landa eremuetan. Legez kanpoko imigrazioaren kontra segitzeko asmoa ere erakutsi du.

Hezkuntza eta osasuna aipatu ditu azkenik. «Batasuna» lehenetsi du: «Elkarrekin epidemiari eta krisi bat baino gehiagori aurre egin diegu. Aldi bakoitzean, elkarlana helburu, nazioaren interesak lehenetsita». Ildo beretik jo behar dutela erran du. «Lege eta burokrazia gutxiago, eta askatasun eta ekintza gehiago», aldarrikatu du.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Imanol Magro Eizmendi

Langileen datuekin elikaturiko algoritmoak eta adimen artifiziala bete-betean sartu dira lan harremanetan. Zein langile hartu, zein kaleratu eta halako erabakiak programa informatiko baten ondorioen menpe egon daitezke. Ikerlariek diote haien ustezko objektibotasuna ez dela erreala.
Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. ©CCO

Ostikada digitalaz kaleratuak

Iñaut Matauko Rada

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.
 ©CCO

Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Iñaut Matauko Rada

Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...