Yemen

Yemenen gutxienez 80 pertsona hil dira pilaketa batean

Merkatari batzuk dirua «ausaz» banatzen ari ziren eskola batean; ohitura izaten da ramadanean. Pilaketak hirurehun zauritutik gora ere utzi ditu, huthien arabera.

Pilaketaren ondorioz hil direnen hilotzak. HOUTHI MEDIA CENTER / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko apirilaren 20a
11:54
Entzun 00:00:0000:00:00

Gutxienez 80 pertsona hil dira pilatuta Sanan, Yemengo hiriburuan, laguntza humanitarioa banatzen ari ziren eskola batean. Jende oldea erruz pilatu da merkatari batzuk dirua «ausaz» banatzen ari zirenean; ohitura izaten da ramadanean dirua eta donazioak ematea. Pilaketak hirurehun zauritutik gora ere utzi ditu, matxino huthien arabera. Mugimendu haren Barne Ministerioko bozeramaileak, Abdel Khaleq al-Aghrik, jakinarazi du bi merkatari atxilotu dituztela gertakariaren harira, eta Kontseilu Politiko Gorenak, huthien organo exekutiboak, ikerketa bat abiatuko du hura aztertzeko. Mohamed ali al Huthi matxinoen buruetako batek «jende gehiegi» egoteari egotzi dio jazotakoa; eskolako ateak ireki bezain laster, bertara sartzeko eskaileretan behera erori da jendea.

Zakataren eta Errentaren Aginte Orokorrak —Saudi Arabiaren Finantza Ministerioaren menpe dago— milioi bat rial yemendar (3.650 euro) banatuko dizkie biktima bakoitzaren senideei, eta azpimarratu du zaurituen ardura ere hartuko duela. Zakata islameko urteroko limosna moduko bat da, nor bere ondasunetatik eta diruzalekeriatik garbitzeko erabiltzen dena.

Ia hamarkada bat darama banatuta Yemenek. 2015ean piztu zen gerra, eta herrialde iparraldeko eremu ia osoa eta Sana hiriburua kontrolatzen dute huthi matxinoek. Beste aldean da Abd Rabu Mansur Hadi Yemengo presidentearen gobernua, Saudi Arabiak gidatzen duen nazioarteko koalizio militarrak babesten duena. Izan ere, Kubak eta Iranek baizik ez dute babesten huthien Kontseilu Politiko Gorena.

Azken asteetan, hainbatetan elkartu dira huthi matxinoak, nazioartean errekonozitutako autoritateak eta Saudi Arabia, prozesu politiko bat abian jartzeko. Saudi Arabiaren Yemengo enbaxadoreak igandean adierazi zuen «menia egonkortzeko» eta herrialdean «irtenbide politiko jasangarri eta ulerkorra» lortzeko asmoa zuela. Iaz, urte erdiko su etena adostu zuten bi aldeek, apirila eta urria bitartean.

Joan den martxoan, Arabia Saudik eta Iranek akordio bat sinatu zuten —Txinak bitartekari lanak egin zituen—, 2016tik etena zen harreman diplomatikoa berrezartzeko. Haatik, Yemengo gerrako bi aldeek ia 900 preso askatu zituzten joan den astean, truke batean. Teheranek konpromisoa hartu du huthiei arma gehiago ez emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.