CAFek Solaris Urbino modeloaren hidrogenozko 52 autobus egingo ditu Alemaniako Rostock eskualdeko garraio publikoko operadorearentzat. CAFen kontraturik handiena da hidrogenozko autobusei dagokienez.
2024. urtearen amaieran entregatuko ditu ibilgailuak. Autobus berrien hornidurarekin batera, Gueˆstrow eta Bad Doberan hirietan hidrogenozko bi zerbitzugune eraikitzea adostu dute. Beasaingo multinazionalak ez du xehetasunik eman kontratuaren kostuen inguruan.
Bi autobus modelo egingo ditu. Horietatik 47k 12 metroko luzera izango dute, eta 70 kilowatteko potentzia; gainerako bostak 12 metroko autobus artikulatuak izango dira, eta 100 kilowatteko potentzia izango dute. Ibilgailuek hidrogenozko azken belaunaldiko erregai gelaxkak erabiltzen dituzte, eta Solaris High Power trakzio bateria bat izango dute, ibilgailuaren energia eskari handieneko uneetan erregai pilari laguntzeko.
Solaris hidrogenozko autobusen lehen ekoizlea da Europan: merkatu kuotaren %60 baino gehiago du. Halako 100 ibilgailu baino gehiago egin ditu Italiako, Alemaniako, Herbehereetako, Suediako eta Poloniako operadoreentzat, eta beste 100 inguru ari da egiten.
Hidrogenoa erabiltzen duten edo beste teknologia batzuk erabiltzen dituzten autobus elektriko eta hibridoen artean, CAFek espero du 2023aren amaierarako halako 3.000 ibilgailu inguru izatea Europako 20 herrialdetan baino gehiagotan. Beasaingo tren ekoizleak 2018an erosi zuen Poloniako Solaris autobus konpainia, sektore horretara jauzia egiteko.