Bero bolada

Inoizko apirilik beroena jasaten ari dira Indian

Dagoeneko hamahiru lagun hil dira beroak jota, eta ospitalera eraman dituzte 60 herritar inguru. Asia hego-ekialdeko zenbait herrialdetan ere muturreko tenperaturak dituzte, hala nola Thailandian eta Txinan.

Emakume bat aterkiarekin, beroaz babesteko, Bombayn, astelehenean. DIVYAKANT SOLANKI/ EFE
maddi iztueta olano
2023ko apirilaren 20a
12:37
Entzun

Aurten inoizko apirilik beroena jasaten ari dira Asiako zenbait herrialdetan, Indian bereziki. Azken egunotan 40 gradutik gora izan dituzte ia herrialde osoan, eta, zenbait tokitan behin-behineko prebentzio neurriak martxan jarri dituzten arren, dagoeneko hamahiru lagun hil dira beroak jota, eta ospitalera eraman dituzte 60 herritar inguru.

Tenperaturek 44 graduren langa igaro dute India iparraldeko eta ekialdeko sei hiritan. Hiriburuan ere, New Delhin, antzekoa da egoera. Asteartean 40,4 gradu izan zituzten hor: hil honetan batez beste izan ohi dituztenak baino bost gradu gehiago.

Bero boladarengatik abisu laranja ezarri dute hainbat lekutan, hala nola Jharkhanden, Odishan eta Mendebaldeko Bengalan. Landa eremuak dira, eta eguzkipean egiten dute lan han bizi diren herritar gehienek.

Ur asko edateko, arropa erosoa eta fina janzteko, eta kalean saltzen den janaria saihesteko aholkatu diete Indiako agintariek herritarrei. Are, astebeterako eskolak eta unibertsitateak itxi dituzte zenbait eskualdetan.

Indiako Lan Ministerioak ere beroaren inguruan ohartarazi ditu herrialdeko konpainiak, eta langileen osasuna zaintzeko eta bermatzeko eskatu die. Besteak beste, aholkatu die edateko nahikoa ur eskaintzeko eta behar adina deskantsu egiten uzteko.

Asiako herrialdean muturreko tenperaturak ohikoak izango dira datozen urteetan ere. Bada, Cambridgeko Unibertsitateko ikerketa baten arabera, bero boladak jasateko arrisku eremuan daude Indiako lurren %90. Horien artean, New Delhi da zaurgarriena. Baina oraingoa ez da Indian duten lehenengo bero sapa. Ikerketa baten arabera, muturreko tenperatura beroen ondorioz 17.000 hildako baino gehiago izan dira han azken 50 urteotan.

Asia hego-ekialdean ere bero

Indian bakarrik ez, Asia hego-ekialdeko beste zenbait herrialdetan ere ezohiko tenperatura beroak dituzte egunotan; hala nola Txinan, Thailandian, Laosen eta Bangladeshen.

Termometroek Txinako ia eskualde guztietan markatu dituzte 40 gradu baino gehiago. Gainera, haize beroak hondarrezko ekaitzak harrotu ditu, eta horiek kalte nabarmena egin diote zenbait hiri handitako airearen kalitateari. Gobi basamortuan sortu dira gehienak, Mongoliaren eta Txinaren arteko mugan, eta baliteke horiek Asiako beste lurralde batzuetara hedatzea.

Thailandian, berriz, 45 graduren langa igaro zuten larunbatean, eta ordutik horren bueltan daude termometroek. Agintariek prebentzio neurriak hartzeko aholkatu diete herritarrei. Laosen eta Bangladeshen ere aspaldiko tenperatura beroenak izan dituzte aste honetan; 40 gradutik gorakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.