Lan gatazkak

Implikak 87 langile kaleratu nahi ditu Bilbon

%90 emakumeak dira, eta langile batzordeko zazpi kide daude tartean. Enpresak antolakuntza eta ekoizpen arrazoiak argudiatu ditu lan erregulazioa egiteko; langileek, ordea, gezurra dela diote.

Implikako langileen manifestazio bat Moyua plazan sartzen. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko apirilaren 20a
15:14
Entzun

Implika hezkuntza zentroak gutxienez 87 langile kaleratu nahi ditu Bilbon. Lan erregulazio espedientearen derrigorrezko negoziazio epea iragan astean amaitu zen, eta jada iritsi dira kaleratze gutunak. Dena den, enpresak maiatzera arteko epea du jakinarazpenak banatzen jarraitzeko, eta Bilboko bulegoko langile batzordeak ez du baztertzen gehiago iristea. Bien bitartean, zerbitzuetako langile gehienek greban jarraitzen dute, irizten baitiote erregulazioa «bidegabea» eta «arrazoitu gabea» dela. Helegitea jarri diote erabakiari, ELA sindikatuaren babesarekin, eta litekeena da epaitegietan amaitzea.

Edurne Ibarretxe (Laudio, Araba, 1985) batzordeko kidea da, eta kaleratze gutuna jaso duten langileetako bat. Batzordeko zazpi kide sartu dituzte kaleratzeen zerrendan. «Negoziazio epea etsigarria izan da. Enpresak tankera guztietako arrazoiak erabili ditu kaleratzeak justifikatzeko: langile heziketaren gainbehera, pandemia, Ukrainako gerra... Enpresak antolakuntza eta ekoizpen arrazoiak erabili ditu argudio gisa, baina ez da egia, iazko azarora arte lan karga gora eta gora baitzihoan». Eta zer gertatu zen, bada, azaroan? «Educa Bidco taldeak erosi zuen enpresa. Inplikako zuzendaria kaleratu zuen, eta gauzak aldatzen hasi ziren. Esan zuten departamentu batzuk ez zituztela behar». Hori, baina, ez zen izan barne mugimendu esanguratsu bakarra: aurretik, iazko ekainean, KKR inbertsio funtsak Implikaren kontrola hartu zuen Suma Capital funtsaren esku zeuden akzioak erosiz. Cinco Días agerkariak argitaratu zuen 60 milioi euroko operazioa izan zela.

Implika enpresa euskal jatorrikoa da, baina Katalunian eta Espainian ere baditu irakaskuntza zentroak. KKRk erosi zuenetik, baina, MasterD eta Medac enpresek kudeatzen dute. Aurrenekoak, irakaskuntza ez arautuaren atala, nagusia; eta besteak, lan hezkuntzarenak. 336 langile dira guztira, eta 130 kaleratu nahi dituzte. Lantokirik handiena Bilbokoa da, eta horregatik egingo dira han kaleratze gehienak. Kaleratu nahi dituzten langileen artean irakasle gutxi daude, ia guztiak bulegariak, telefonistak eta komertzialak dira. %90 emakumezkoak dira, eta prekarioak. Komertzialen soldata aldakorra da, baina besteek 14.000 eta 18.000 euro gordin inguruko soldata dute urtean.

«Gure jarduna azpikontratatu egin dute», salatu du Ibarretxek. «Aurretik hala zuten haien zentroetan, eta orain gurea gehitu dute. Horrela merkeago ateratzen zaiela onartu ziguten, baina horiek ez dira antolakuntza edo ekoizpen arrazoiak. Berriz diot, azken urteetan ondo ari ginen lanean». 2019tik 2022ra Implikaren negozio bolumena %16 handitu zen urtero eta EBITDA %13tik %18ra igo zuen. 2022an, 22 milioi euroko fakturazioa izan zuen.

Negoziazio epean, enpresak jaitsi egin zuen hasieran jakinarazitako kaleratze kopurua, eta lan urte bakoitzeko 33 laneguneko kalte ordaina eskaini zuen, urte bateko soldataren mugarekin. Langileek, baina, ez zuten onartu. Langile batzordeko hamahiru kideen artean, gehiengoak aurka bozkatu zuten, hala nola ELA sindikatuko zazpiek. Sindikatu subiranistak bere gain hartu du babes juridikoa, eta hainbat salaketa jarriak ditu jada, greba eskubidea urratzeagatik, besteak beste. Litekeena da kasuak epaiketan amaitzea; hori bai, epaiketa Madrilen izango da, hain baitago enpresaren egoitza nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.