Europa da azkarren berotzen ari den lurraldea

Europako Batasuneko Copernicus programak klimari buruz egindako azken txostenaren arabera, iaz 20.000 lagunetik gora hil ziren bero boladen ondorioz.

Atenastik hurbil piztutako sute bat, 2021eko abuztuan. KOSTAS TSIRONIS / EFE
maddi iztueta olano
2023ko apirilaren 20a
16:55
Entzun

Suteak, lehorteak, bero ikaragarriko denboraldiak. Horrelako fenomenoak ohiko bilakatu dira Europan, azken urteotan nabarmen egin baitute gora tenperaturek. Europako Batasuneko Copernicus programak klimari buruz egindako azken txostenaren arabera, iaz 20.000 lagunetik gora hil ziren bero boladen ondorioz.

Ikerketan adierazi dutenez, erregistroak daudenetik, 2022a izan zen Europako urterik beroenetan bigarrena. Iazko uda izan zen beroena. Hegoaldeko herrialdeetan, 70 eta 100 bero sapa egun izan ziren batez beste. Egun horietan, tenperaturak 32 gradutik gorakoak izan ziren. Baina iparraldean ere berotu ziren termometroak. Erresuma Batuan, esaterako, 40 graduren langa igaro zuten iaz lehenbizikoz. Igoera horien ondorioz, prezipitazioak urriagoak izan dira azken urteotan, eta suteak eta lehorteak areagotu egin dira.

Etorkizun beltza

Aurten joera bera izango dela uste dute adituek. Lehorra izan da aurtengo negua, eta udaberria ere halakoa izatea espero du ikerketako buru Rebecca Emertonek: «Zoritxarrez, tenperaturen igoeraren ondorioak jasaten ari gara dagoeneko, eta litekeena da aurtengo denboraldian ere nekazaritzako ekoizpena murriztea».

Copernicus programaren buru Carlo Buentemporen arabera, begiak irekitzeko balio behar luke ikerketak, baita karbono dioxidoaren isuriak murrizteko ekintzak indartzeko ere. Prentsa oharrean ohartarazi zuen, asteazkenean, klimaren joera horrek «ondorio larriak» izango dituela mundu osoko ekosisteman, gizartean eta ekonomian.

Bada, industrializazioaren aurreko datuekin alderatuta —1850 eta 1900 arteko datuak hartzen dira kontuan—, Europan 2,2 gradu igo da batez besteko tenperatura azken bost urteotan. Munduan, berriz, 1,2 gradu. Ikerketaren arabera, Europa da kontinente guztien artean azkarren berotzen ari den lurraldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.