Euskararentzat aro berri bat zabaltzeko eskatu dute Baionan

Euskalgintzak manifestazioa egin du Baionan, euskarak Ipar Euskal Herrian dituen trabak salatu eta hizkuntza politika berri bat exijitzeko. Adin guztietako jende andana bildu da.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko apirilaren 22a
18:19
Entzun

Jendetza bildu da gaur Baionan euskarak Ipar Euskal Herrian dituen trabak salatu eta hizkuntza politika berri bat eskatzeko. Euskalgintzak manifestaziora deitua zuen arratsalderako, eta milaka lagunek bete dituzte karrikak. Euskararen aldeko aldarriak oihukatu dituzte. Ekhi Erremundegi BERRIAko kazetaria izan da zuzenean mobilizazioa jarraitzen.

Besteak beste, politika publiko sendoen beharra eta euskaraz ikasteko eskubidea defendatu dituzte. Orain baxoa euskaraz! Euskarak trabarik ez lelopean egin dute protesta. Bernat Etxepare lizeoko txaranga aritu da mobilizazioa girotzen, eta bertsoen bidez ere egin dituzte aldarrikapenak.

Manifestazio bukaeran Xabi Ibarboure Uda Lekuko lehendakariak eta Elorri Falxa Seaskako irakasleak hartu dute hitza, Euskal Konfederazioaren eta Azterketak Euskaraz kolektiboaren izenean. Frantziako Estatuari dei egin diote, baina baita Ipar Euskal Herriko erakundeei ere, zinezko hizkuntza politika bat, euskalgintzako eragileentzat baliabideak, eta euskararentzat lege koadro bat eskatzeko.

Azterketen gaia aipatu dute lehenik. Seaskako ikasleek brebetako zientzietako proba euskaraz pasatzeko baimena izanen dute ekainean, baina eskubide hori eskola publikoan eta eskola pribatu katolikoan ele bitan ari diren ikasleei aplikatzea «ezinbestekoa» dela aldarrikatu dute, beste behin. Halaber, ikasleek baxoa ere euskaraz pasatzeko aukera izan dezaten lehenbailehen urratsak egin daitezen galdegin dute. «Haur hezkuntzatik baxoraino murgiltze eredua hedatuz, euskara transmititzeko gai izanen diren hiztun osoak sortzeko garaia da. Euskaraz eroso aritzeko arnasguneak sortu eta biderkatzeko garaia da».

Hala ere, Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren iritziz, hizkuntza politika publiko osoa dago jokoan. Berriki argitaratu diren inkesta soziolinguistikoaren datuek erakusten dute belaunaldirik gazteenetan euskara emeki-emeki berreskuratzen ari dela, baina erabilera beheititzen ari da, eta hizkuntza maila gero eta apalagoa da. «Euskaldunak gero eta zokoratuagoak gara». Euskara biziarazteko, hizkuntza politikan «ziklo aldaketa» bat gertatu behar dela erran dute. «Dagoeneko politika minimalistek ez dute balio; itxurakeriak ez du balio. Zinezko inbertsioa egin behar da, herri honek bizirauteko duen kapital garrantzitsuena, euskara, garatzeko».

Gehiago eta fiteago

Datuak kezkagarriak izanik ere, euskararen gainbehera «ez da saihestezina» Euskal Konfederazioa osatzen duten eragileen hitzetan, baina egoera «irauli» behar da: «orain arteko hizkuntza politika ez da gehiago egokia egungo erronkei erantzuteko», adierazi dute. «Gehiago eta fiteago egin behar dugu, erabilera eta transmisio arlo guzietan eskaera sozialari erantzutetik eskaintza proposatzera pasatuz. Euskarak ezin du gehiago goaitatu». Hizkuntza politika berria, orain artekoa baino anitzez eskumen eta diru gehiagoz hornitua izan beharko dela baieztatu dute.

Euskalgintza eragileek sostengua behar dutela erran dute. «Izan irakaskuntzan, helduen alfabetatzean, hedabideetan, aisialdietan edo lehen haurtzaroan, urtez urte gero eta gehiago egiteko eskatzen zaie eragileei, baina baliabideak hein berean gelditzen dira». Euskal Konfederazioaren hitzetan, ezin da horrela segitu. «Nola zabalduko dugu euskara, arlo horietan ez bada behar den heinean inbertitzen?». Euskalgintzako eragileek baliabide «duinak eta egokiak» behar dituztela defendatu dute, bakoitzak duen jarduera segitzeko ez ezik, horietan lanean ari diren langileak prekarietatetik ateratzeko.

Hala ere, Ibarbourek eta Falxak azpimarratu dute hizkuntza politika bat ez dela diruz bakarrik osatzen. «Baitezpadakoa da lurralde hizkuntzen lege koadroa hobetzea, euskarak estatus berria lortzea, eta Ipar Euskal Herriaren eraikitze instituzionalean urrunago joateko lege egutegiak eskain ditzakeen aukera guziak jorratzea».

Erakundeei deia

Lau hanka ditu Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikak, EEP Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten lau instituzioak: Euskal Hirigune Elkargoa, Pirinio Atlantikoetako departamendua, Akitania Berria eskualdea eta Frantziako Estatua. Laurei dei egin diete euskalgintzako eragileek, baina tokiko hautetsiei mintzatu zaie bereziki.«Herri honen ordezkari badira, herri honen nahia errespetatu eta jatorrizko hizkuntza garatzeko berehalako neurriak har ditzatela. Euskararik gabe ez da Euskal Herririk izanen».

EEPren egitura juridikoa iraungitzear da, eta haren berritzeaz gogoetatu beharko dute aurten hura osatzen duten erakundeek. Gaur egungoa baino indar handiagoa emateko eskatu dute. Era berean, Bretainiako eta Okzitaniako egoerarekin alderatu dute hizkuntzari begirako politika publikoa. «Estatuaren eta eskualdeko kontseiluen arteko hitzarmen berriak izenpetzen edo negoziatzen ari diren bitartean, Ipar Euskal Herrian deus ez da pentsatua euskararentzat», deitoratu dute.

Argi egin dute galdera: «Ba ote da, instituzioen aldetik, euskara biziberritzeko egiazko borondate politikorik?». Dudak zilegi dira, euskalgintzaren ustez. Otsail hastapenean gutuna bidali zieten elkargoko, departamenduko eta eskualdeko presidenteei EEPren aurrekontua emendatzeko urratsa egin dezatela eskatzeko. Ez Jean Rene Etxegaraik, ez Jean Jacques Lasserrek, ez Alain Roussetek, bi hilabete eta erdi pasa badira ere hiruetako bakar batek ere ez die erantzun. Euskal Konfederazioko eragileak prest agertu dira euskaren aldeko hitzarmen berri baterako lanetan parte hartzeko.

Frantziako Gobernuari ere egin diote eskaera, Euskal Herriko eskaera sozialari jartzen dizkion «trabak eta oztopoak» kentzeko. Hizkuntza politika eraginkorra izateko, euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen koadro berri bat behar duela aldarrikatu dute, eta Euskal Elkargoari dei berezia egin diote: «Hizkuntza politika berri bat abian ezartzeko elkarrizketak abia ditzala Frantziako Gobernuarekin, hizkuntza politikan eragiten duen arlo orotako eskumenak eskura ditzala, esperimentaziorako lege organikoak aurreikusten duen gisan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.