Heldu da. Hezkuntza akordiotik urtebete pasatxo igarota eta zenbait protestaren ostean —tartean, bi greba egun—, gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluan onartu du Hezkuntza Lege proiektuaren testua. Irailean egin zuten publiko lehen zirriborroa, eta harrabotsa eragin zuten zenbait gaik, batez ere euskarari, segregazioari eta ikastetxe publikoen eta itunpekoen presentziari lotutakoek. Orain, testu hari zenbait aldaketa egin dizkiote; esaterako, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko eskolek «oinarri» gisa eduki beharreko «printzipioak» zehaztu dituzte: besteak beste, hezkuntza sisteman euskara lehenestea eta ikasle zaurgarriei «arreta ematea».
Gaur egindako agerraldian, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gogorarazi du duela urtebete legebiltzarkideen %90ek babestu zutela akordioa, eta ziurtatu du onartu berri duten testuak haren «edukia eta espiritua» errespetatzen dituela. Esan duenez, testuak kalitatezko hezkuntza du helburu: «Hezkuntza Lege proiektuaren helburu nagusia da Euskadiko ikasleei ahalik eta hezkuntzarik onena eskaintzea: kalitatezko hezkuntza, integratzailea, aukera berdintasuna eskaintzen duena, euskalduna, eskola publikoa funtsezko zutabe duena eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa egiten duena».
Ikusi gehiago:Hezkuntza Legeak «euskara gehiago» behar duela uste du Kontseiluak
Kazetarien galderei erantzunez, adierazi du hizkuntza ereduak mantenduko dituztela, baita familiek aukeratzeko eskubidea izango dutela ere. Testuan Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko ikastetxeen «irizpideak» zehaztu dituzte. Horien inguruan, Bildarratzek esan du diru publikoa jasotzeko bete beharreko baldintzak direla; esaterako, ziurtatu du ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeek ez dutela dirurik jasoko.
Alderdi politikoen jarrerari dagokionez, PSE-EE ados ote dagoen galdetu diote. Argi erantzun du: «Gobernu Kontseiluko kide guztien babesa du».
Hurrengo lerroetan jasota dago gaur onartutako testuak eztabaida sortu duten gaiei buruz aipatzen duena, eta lehenengo testutik egindako aldaketak. Orain, dokumentua Eusko Legebiltzarraren esku lagako dute, bertan tramiteekin jarraitzeko.
Euskara
Lehenengo zirriborroan bezala, lege proiektuak ez du aipatzen murgiltze eredua, ezta ereduen sistema gaindituko dutenik ere. Hau dio: «Euskal Hezkuntza Sistema eleaniztuna da, euskararen inguruan artikulatua, eta bi hizkuntza ofizial eta atzerriko hizkuntza bat gutxienez ditu hezurduratzat». Hitzez harago, aurretik egin bezala, aipatzen du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerako ikasleek B2 maila lortu beharko dutela euskaraz. Ikastetxeetako irakasleen esku egongo da hala den edo ez ebaluatzea, lehen bezala.
Horretarako, Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten ikastetxe guztiek hizkuntza proiektu bat egin beharko dute, eta hezkuntza administrazioaren esku egongo da horien jarraipena eta ebaluazioa egitea. Puntu horietan ez dago funtsezko aldaketarik.
Ikasleen euskara mailari ez ezik, irakasleenari ere erreparatzen dio lege egitasmoak. Lehenengo testuak dio euskara irakasleentzako C1+ maila lortzeko prestakuntza sustatuko dutela; eta ingeleseko irakasleentzako, C1 maila. Aldiz, behin betiko testuan adierazi dute irakasleek euskarako C1 maila eta ingeles irakasleek ingeleseko C1 maila lortzeko prestakuntza sustatuko dutela.
Aurrez egin bezala, Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua sortzea ere lege proiektuan jasota dago. Xedeak, besteak beste, hauek izango dira: euskal curriculuma lantzea eta eskola materialaren ekoizpena antolatzea, eta irakasleak hizkuntzaren eta metodologiaren alorretan gaitzea, baita euskal kultura transmititzeko ere. Hain zuzen, zirriborroak ez bezala, lege proiektuak euskal kulturari ere egiten dio erreferentzia: «Hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak euskararen erabilera indartuko du berariazko planen bidez, eskola ekintzan hizkuntza horren ohiko erabilera normalizatzeko xedez. Helburu berarekin, arreta berezia eskainiko zaio euskal kultura ezagutzeari».
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa
Hauxe izan da legea ontzeko prozesuan zehar eztabaida iturri nagusia. Lege proiektuak Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren definizio xehea egin du: «Hezkuntzarako funtsezko eskubidea bermatzen duen zerbitzua da, ikastetxe publikoen eta pribatu itunpekoen bidez gauzatzen dena, lege honetan eta beronen agindu bidezko garapenean ezarritako betekizunen bitartez».
Aurrez ez bezala, zehaztu dute Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko ikastetxeek zein «printzipio» izango dituzten «oinarri»: diskriminaziorik eza, «gardentasuna», irabazi asmorik ez edukitzea, ikasle zaurgarriei eta ikasleen pluraltasunari «arreta ematea», segregazioaren aurkako «konpromisoa», euskara hezkuntza sisteman «lehenestea» eta ezarritako hizkuntza helburuak betetzea, besteak beste.
Dena dela, legeak aitortzen du badaudela titulartasun publikoko eta pribatuko ikastetxeak, baita azken horiek ituntzeko aukera ere. Baina hau gehitu dute: «Itunen araubideari begira, lehentasuna izango dute baldintza ekonomiko txarrak dituzten ikasleak hartzen dituzten ikastetxeek, hezkuntza sistemarako interes pedagogikoa duten esperientziak egiten dituztenek, hurbileko eskolatzea sustatzen dutenek eta kooperatiba araubidean eratu eta funtzionatzen dutenek».
Segregazioa
Ikasleen segregazioa da egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemak dituen arazo eta kezka nagusietako bat. Horren inguruan, lege proiektuan zenbait proposamen jaso dituzte. Testu berrian adierazi dute pertsona orok duela eskubidea Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikora —lehen, euskal hezkuntza sistema aipatzen zuten— «berdintasun baldintzetan» sartzeko. Halaber, oraingoan esan dute eskola lekuen eskaintza eskolatze premia errealetara egokitu beharko dutela, eta leku gehiegi edo leku gutxiegi eskaintzea saihestuko dutela: «Hezkuntza eskumenak dituen sailak zehaztuko du funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetako lekuen eskaintza, sarbide eskubidea arautzen duen aginduen arautegiarekin bat etorriz, lurralde bakoitzeko beharrak eta aurrekontu baliabideak kontuan hartuz». Dena dela, aurrez egin bezala, bereziki aipatzen du «behar adina leku publiko» daudela bermatu beharko dutela.
Segregazioari ere erreparatu diote: «Beharrezkoak diren neurriak hartuko dira ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik segregatzearen aurka». Lehen ez bezala, lekuen erreserbaz mintzo dira: «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ematen duten ikastetxe guztiek hezkuntzaren arloko eskumena duen sailak erabakitzen duen leku kopuru jakin bat gorde beharko dute, berariazko hezkuntza laguntzaren premia duten ikasleak eskolatzeko». Baita zaurgarritasun indizeaz ere: «Berariazko hezkuntza laguntzaren premia duten ikasleak modu orekatuan eskolatzeko eta eragin eremu bakoitzean zaurgarritasuna modu orekatuan banatzeko, eragin eremu bakoitzeko ikastetxe guztiei zaurgarritasun indize bera esleituko zaie, eremu horri dagokiona, eta ikastetxe bakoitzak egin beharreko leku erreserba kalkulatzeko erabiliko da. Eskolatze orekatu hori mailaka-mailaka lortu behar da».
Maila sozioekonomikoaren araberako segregazioa da nagusi, baina beste segregazio mota bat ere debekatu nahi dute: ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeak ez dituzte onartuko Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan. Egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan horrelako sei ikastetxe daude.
Doakotasuna
Segregazioari estuki lotuta dago hezkuntzaren doakotasuna, eta hori bermatu asmo dute lege berriarekin. Ikastetxeei baliabide gehiago agindu dizkiete: «Hezkuntza administrazioak behar diren baliabide publikoak jarri behar ditu, derrigorrezko ikasketak eta doakotzat jotako ikasketak benetan dohainik izan daitezen». Horiek, berriz, ezingo dute kuotarik kobratu: «Doako ikasketetan, arrazoi sozioekonomikoengatik diskriminaziorik gerta ez dadin, funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeek ezin izango dute jaso familietatik datorren inolako funts edo diru-kopururik doan emandako ikasketen truke, eta, era berean, ikastetxe horiek ezin izango dute kuotak edo ekarpenak egiteko betebeharrik ezarri, ezta ikasketei lotutako nahitaezko zerbitzurik ezarri ere, baldin eta finantzaketa publikoaren xede diren zerbitzu, prestazio edo esparru materialei eragiten badiete». Aurrez ere jasota zegoen.
Erlijioa
Laikotasunaren arloan, hezkuntza sistemaren helburuetako bat hau dela zioen lehen testuak: «Funts publikoen bitartez finantzatutako ikastetxeetako irakaskuntzen laikotasunean oinarritutako hezkuntza eredua garatzea, itunpeko ikastetxe pribatuen berezko izaera errespetatuz». Orain, puntu hori ez da ageri; horren ordez, adierazi dute Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoko eskolek «oinarri» izango duten printzipioetako bat dela erlijio irakasgaian oinarrizko legediak ezarritako gutxienekoa izango dela ikastetxeek eskain dezaketen gehiena, eta doktrinamendurik ez dagoela bermatu beharko dutela.
Tokiko erakundeak
Ikasleen matrikulazioan udalek izan ditzakete zereginak, testu berriaren arabera: «Udalek hezkuntza arloan eskumena duen sailarekin lankidetzan jardun ahal izango dute matrikulazio prozesuen esparruan, familientzako informazio, orientazio eta matrikulazio bulego espezifikoak sortzeko espazioak emanez». Aurrez, lehen testuan, hau zegoen jasota: «Udalak, erregelamendu bidez zehazten den moduan, lankidetzan arituko dira matrikulazio prozesuen alorrean».