Hezkuntza Legea proiektua
ELAk esan du legeak ez dituela «konponduko» arazoak
Uste du testua egungo hezkuntza sistema «betikotzeko» asmoz ondua dela, eta protestak «ezinbestekoak» izango direla sakoneko aldaketak lortzeko.

ELA sindikatuak Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren «behin-behineko» balorazioa egin du. Uste du lege horrekin «azaleko» aldaketa batzuk baino ez direla egingo, eta egungo sistema «betikotzea» duela helburu.
Iruditzen zaio, besteak beste, hezkuntza sistemaren egungo «aje» batzuk «betikotuko» direla. Hona horietako hainbat. Baga: «Hiru saretan banatzen den hezkuntza sistema. Legeak ez du aukera emango ELAk aldarrikatzen duen sare publiko burujaberako trantsiziorik egiteko». Biga; «Hizkuntza eredu eleaniztuna inposatuko da, egungo D ereduaren kaltetan, eta A eta B ereduak desagerrarazi gabe». Horren harira, salatu du «murgiltze eredua» orokortzeko biderik ezin dela ireki testu horrekin. Higa: «Legeak ez du hezkuntzaren edukirik aipatu ere egiten; ondorioz, ez da biderik izango euskal curriculuma askatasunez garatzeko». Laga: «Segregazioaren oinarrian dauden elementu estrukturalak ez dira ukituko».
Era berean, ELAk nabarmendu du langileen lan baldintzak ez direla aipatu ere egiten legearen aurreproiektuan. Horiek horrela, ezinbestekoa iruditzen zaio «benetako aldaketak» eragiteko «dinamika sozial, politiko eta legal» bat sustatzea. Bide horretan, grebetarako deia egiteko asmoa du.
LABek ere esan du «borrokarik eta presiorik gabe» ezingo dela benetako aldaketarik egin; legea hobetzeko «eragiten» jarraitu nahi du.
CCOO sindikatuak, berriz, lege aurreproiektuaren kontra dagoela esan du. Eskola publikoaren aurkako «mehatxutzat» jo du, eta arbuioa besterik ezin dela erakutsi horren harira.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.