Bezperan NBE Nazio Batuen Erakundeak aurkakoa esan arren, badirudi badela bakerako aukerarik Sudanen. Ekialdeko Afrikako Garapenerako Gobernuarteko Aginteak bultzatu du ekimena Hego Sudan, Kenya eta Djibutiko presidenteen bitartekaritzarekin, eta, erakundearen arabera, Sudango armadako buru Abdel Fattah al-Burhanek onartu du ordezkaritza bat izendatzea RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarrarekin biltzeko. Elkarrizketak Juban egingo lirateke, Hego Sudango hiriburuan. Dena den, talde armatuko buru Mohamed Hamdan Dagalok ez dio oraindik erantzun proposamenari.
Bien bitartean, Al-Burhanek iragarri du beste 72 orduz luzatuko duela gaur iluntzean amaitzekoa den su etena. Menia, hala ere, ez dute erabat errespetatu aldeek, eta borrokek jarraitu egin dute Khartumen. Lekukoen arabera, ehunka lagun hil dira azken orduetan hiriburuan. Borroka gogorrenak Omdurmanen izan dira, Khartum iparraldean. AFP agentziaren arabera, gerra hegazkinek inguruak bonbardatu dituzte han. Hegoaldean, berriz, Dagaloren etxeetako bati eraso diote —borrokak hasi zirenetik ezkutuan dago RSFko burua—. Armadak gaur esan du herrialdeko eskualde gehienak dituela kontrolpean, baina ohar batean nabarmendu du hiriburuko zenbait tokitan «zaila» dela egoera, paramilitarrek horietan mobilizatu dituztelako beren «porrot egindako indarrak».
Duela bi aste borrokak hasi zirenetik, 512 pertsona hil dituzte, eta milaka zauritu. Horrez gain, erietxe asko itxita daude, eta ia ezinezko bilakatu da oinarrizko baliabideak eskuratzea; ondorioz, askok herrialdetik ihes egitea erabaki dute. Borrokak hasi baino lehenago ere herrialdeko biztanleen herenak giza laguntzaren menpe bizi ziren. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak eta World Vision zein Save the Children gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazi dute, ohar bateratu batean, borrokek «azkar» okertzen dutela adingabeen egoera humanitario lehendik ere «izugarria».
Osasun larrialdia
OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, erietxeen %16 bakarrik daude zabalik hiriburuan, eta horrek ia ezinezko egiten du laguntza behar duten guztiak artatu ahal izatea. «Borrokak hasi aurretik elikadura urritasuna zuten 50.000 adingabe artatzen zituzten erietxe horietan, baina orain arazoak dituzte botikak, eta edateko ura eskuratzeko ere eta argindar mozketak etengabeak dira», ohartarazi du OMEk. Bestalde, NBEk iragarri du 270.000 pertsona inguru heldu direla ihesi Txadera eta Hego Sudanera.
Europako Batzordeak gaur jakinarazi zuenez, talde komunitarioa osatzen duten herrialdeetako 1.600dik gora herritar ebakuatu dituzte Sudandik azkeneko egunetan.