GERRA UKRAINAN

Kontraerasoa gertu den honetan, Ukrainak Khersongo zenbait eremu berreskuratu ditu

‘The New York Times’-en arabera, Ukrainako 4.000 soldadu inguru gerra frontera joatekoak dira hil honen amaieran. NATOk esan du agindutako ibilgailuen %98 bidali dizkiola Ukrainari.

Ukrainako armadako kideak, apirilaren 23an, Bakhmut hiritik gertu, Donbassen. MARIA SENOVILLA / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko apirilaren 27a
12:49
Entzun 00:00:0000:00:00

Ukrainako armadako indarrek aurrera egin dute azken asteotan Errusiak «gaizki babestutako» Kherson probintziako zenbait eremutan, Dnieper ibaiak banatzen duen hegoaldeko eskualdean, Errusiaren erasoaldia hasi zenetik 61 asteren ondoren kaleratutako zenbait txostenen arabera. Al-Jazeera hedabideak jaso ditu ikerlan horiek. Iaz, Errusiak okupatutako eskualdeko zerrenda zabal bat berreskuratu zuen Ukrainak, Kherson hiriburua barne, baina ordutik tropa errusiarrak ibaiaren ekialdean finkatuta daude.

Errusiako berriemaile militar batek apirilaren 22an argitaratutako geolokalizazio irudiek erakusten zutenez, Ukrainako indarrek posizioak ezarri zituzten Olexki iparraldean, Kherson hiritik zazpi kilometro hego-mendebaldera, ISW Gerra Ikertzeko Institutua AEB Ameriketako Estatu Batuetako think tank-aren arabera.

«[Ukrainako armada] Etsaia erasoak egiten ari da ezkerreko ertzean, AEBek bidalitako txalupa txikiak erabiliz», idatzi zuen Rybar izeneko kazetari militar errusiarrak, Al-Jazzerak jasotakoaren arabera. Kazetari haren esanetan, itsasertza oso zabala denez eta bonbardaketak sarri izaten direnez, Errusiako tropek «ezin» zioten kostaldeko eremuaren kontrol fisikoari eusteko, «Ukrainako Indar Armatuaren mesederako».

Horrez gain, beste berriemaile errusiar batek duela astebete idatzitako albiste bat jasotzen du Ekialde Hurbileko hedabideak. Azaldu zuenez, indar ukrainarrak beren posizioak «gotortzen» aritu ziren Errusiak okupatutako lurretan, suntsitutako Antonivski zubitik gertu. «Gure ergelkeriari esker, etsaiek hornikuntza bermatua dute, indarrak pilatzen ari dira, eta zaurituak, ihes egiten», erantsi zuen berriemaile errusiarrak Telegramen. Hain zuzen, ISWren arabera, «Kherson probintzian dagoen Errusiako armada taldea da, ziurrenik, operazio militar osoan desantolatuena eta militar gutxien dituena».

The New York Times egunkariak filtratu eta argitaratutako AEBetako dokumentu militarraren arabera, Washingtonek eta Kievek espero dute Ukrainako hamabi brigada —4.000 soldadu guztira— gerra frontera joateko prest egotea datozen egunotan, baita brigada horietako bederatzi AEBek eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak trebatuta egotea ere.

Mendebaldearen laguntza, beharrezkoa

Ukrainaren kontraerasoak higadura nabarmena eragiteko, Kievek laguntza militarra eskatu dio Mendebaldeari behin baino gehiagotan. Hain zuzen, Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldeak urtarrilean Ramsteinen (Alemania) egindako bileran AEBek iragarri zuten 295 milioi euroko laguntza militarra emango ziotela Kievi; besteak beste, Himars suziriak, artilleria eta aireko defentsa sistemarako munizioa. Halere, Washingtonek agindutako 31 tankeak ez dira Ukrainara iritsiko urteko azken hiruhilekora arte, Pentagonoaren arabera.

Txekiako Errepublikak, berriz, T-92 motatako 90 tanke bidaliko ditu, baina ez zuen zehaztu noiz. Danimarkak eta Herbehereek hamalau Leopard 2 tanke bidaltzea adostu zuten, eta, ondorioz, Mendebaldeko kideek 266 tanke eman dizkiote urtarriletik Ukrainari. Laguntzarekin lotuta, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak gaur ziurtatu du Ukrainari agindutako ibilgailuen %98 baino gehiagoentregatuak dituztela jada: «1.550 ibilgailu armatu, 230 tanke, munizioa eta beste ekipamendu batzuk». Ez dago argi, ordea, barne hartu ote dituen Varsoviako Ituneko herrialdeek emandako armategi sobietarra eta Mendebaldeko tankeak.

Prentsaurrekoan, bestalde, Stoltenbergek txalotu egin zuen Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik eta Xi Jinping Txinakoak atzo telefonoz izandako elkarrizketa, Errusiaren erasoaldia hasi zenetik lehenengoz. Xik esan zuen bake ordezkaritza bat bidaliko duela Ukrainara, eta horri aipamena eginez, NATOko idazkari nagusiaren esanetan, «agian, gerra negoziazio mahai batean amaituko da». Hori bai, ohartarazi du Ukrainari dagokiola erabakitzea zein izango diren elkarrizketarako baldintzak, baita solasaldiak zer-nola egin beharko diren ere. Stoltenbergek oroitarazi du, ordea, Ukraina militarki «indartuta» egongo dela agertoki horretara iristerako: «[Errusiako presidente Vladimir] Putinek ez du gudu zelaian irabaziko».

Hildako bat, Mikolaiven

Gerra frontean, Errusiako armadak Donetsk eskualdeko Mikolaiv hiria bonbardatu du Itsaso Beltzetik jaurtitako misilekin, gaur goizaldean, eta, eraso horretan, gutxienez pertsona bat hil da, eta 23 zauritu. Zelenskik eman du gertakariaren berri. «Herrialde inbaditzaileak agerian jarri du haren helburua Ukraina suntsitzea dela», salatu du Ukrainako estatuburuak, sare sozialetan zabaldutako bideo batean.

Bien bitartean, bi aldeek hilabete batzuk daramatzate Donetsk probintziako Bahkmut hiria kontrolatzeko borroketan. Errusiako Defentsa Ministerioak adierazi du tropak Bahkmut mendebaldean pilatuta daudela duela astebete. Al-Jazeeraren arabera, kazetari militar errusiarrek baieztatu zuten Errusiako Wagner mertzenario taldeko indarrek hiriaren %83 hartua dutela. Bada, Donetsk Herri Errepublikako buruzagi Denis Puxilinek ziurtatu du Khromovera doan bidea —Bahkmutetik mendebaldera— erabat kontrolatua dagoela.

Hain zuzen, Kievek Bahkmuteko soldaduak hornitzeko erabiltzen zuen bide nagusietako bat zen hura. Halere, Ukrainako lurreko indarren komandante Oleksandr Syrskiren esanetan, ukrainarrak, hiria defendatzeaz gain, indar errusiarren aurkako borrokan ere ari dira. «Horrek bide ematen digu hilabete batzuetan etsaiaren erasoaldiei eusteko eta frontea ez handitzeko».

Borrokaldi bero horren erdian, ostera, Wagner taldeko buru Jevgeni Prigozhinek «aldi baterako» su etena iragarri du gaur eguerdian, «kazetari estatubatuarrek aukera izan dezaten Bahkmut segurtasunez grabatu eta etxera itzultzeko». Era berean, Ukrainako indarrei ohartarazi die «kokalekuak ez indartzeko kazetarien bisitaren aitzakian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.