Gaztetxeak

Epaiketa eta lokal berria urte berean

2021eko agorrilaren 21ean, Hazparneko Davidenia etxea okupatu zuten Ttattola gaztetxeko kideek; handik lau astera kanporatuak izan ziren. Jabeak ezarri salaketaren ondorioz, epaiketa ukanen dute maiatzaren 25ean, Baionan. Herriko etxeak, bestalde, gaztetxe bat eginen die laster.

jarraia227320.jpg
Joanes Etxebarria.
2023ko apirilaren 28a
12:54
Entzun

Aste hastepenean, sare sozialetan jakinarazi dute Hazparneko Ttattola gaztetxe ohiko kideek epaiketa ukanen dutela heldu den maiatzaren 25ean. 2021eko agorrilean Ttattola gaztetxe ezagunaren mentsa sentiarazteko, eta, bide batez, Hazparneko etxe hutsen kopurua salatzeko, hiriguneko etxe huts bat okupatu zuten, hura gaztetxe bilakatzeko xedez. Agorrilaren 21ean izan zen; aste bat berantago, jabeak hala galdeturik, kanporatze agindua eskuratu zuten. Okupazioak duela bi urteko irailaren 21a arte iraun zuen, halere, eta orduan hedexuriek kanporatu zituzten. Jabearen salaketaren ondorioz, orain Ttattolako kide bat epaitua izanen da.

Salaketatik auzira

2021ean, urtarrilean, Ttattola gaztetxearen hemezortzi urteko bide luzea gelditu zen jabeak bere lokala berreskuratu nahi zuelako. Egoitzarik gabe izateak kezkatu zituen gazteak, Iulen Vrignon gaztetxeko kidearen erranetan: «Guretzat aski kezkagarria zen, zeren gaztetxe bat galtzen delarik eraiki den guztia eta dinamika biziki fite hausten da; politikoki, kulturalki… biziki pobre bilakatzen da». Hauteskunde garaiak zirenez haiek, aurkeztu ziren hiru zerrendekin bildu, eta denek hartu zuten gaztetxearentzat egoitza berri bat atzemateko engaiamendua.

Isabelle Pargade auzapez izendatu eta urte eta erdiz ez zelako lokal proposamen izpirik izan, hiriguneko jabe pribatu baten eraikina okupatzea deliberatu zuten. Pargadek salatu zuen okupazioa, baina gazteekin «okupazioa aitzin, okupazio denboran eta ondotik harremanetan» egon dela erran du beti. Aste hasiera honetan, Ipar Euskal Herriko Hitza-ren galderei ihardestean, ez zuen oraino epaiketaren berria ukana. Okupazioa hasi eta fite heldu zen, Prefeturatik, kanporatze agindua. Gazteek helegite bat ezarri zuten Paueko (Okzitania) Auzitegi Administratiboan, baina ez zuen kanporaketa trabatu. Irailaren 21ean sartu zen Polizia Davidenean.

Okupatu etxe haren jabeak ezarri salaketa baten ondorioa da heldu den maiatzaren 25ean Baionan iraganen den epaiketa. 2021eko irailaren 21ean, kanporatze egunean present zen kide bat da, zehazki, epaitua izanen; baina, Vrignonek erran duenez, ez da hura bakarrik joanen: «Ezin diote elkarte bati auzia egin, soilik pertsonei. Pertsona bakar batek du auzia, baina guk hastapenetik erran genuen okupazioa kolektiboa zela eta ondorioak ere kolektiboki hartuko genituela, eta hori eginen dugu».

Maiatzaren 17an sostengu gaualdia antolatu dute horregatik, Aiherrako denen etxean. Isun bat pagatzera zigortuak izatea ez dute baztertzen, eta, «sostengu ekonomikoa» aitzinikusten hasiak badira ere, Vrignonen ustez sostengu «morala» da inportanteena: «Geure burua berriz erakusteko, berriak emateko, errateko borrokatu garela eta, ondorio juridikoak baldin badira ere, herritarren sostenguari esker lortzen ahal direla ondorioak», zehaztu du, umilki ari direla gehiturik.

Gaztetxe berri bat bidean

Okupazioaren ondoriotzat jotzen du Vrignonek, hain zuzen, Hazparneko Herriko Etxeak eskaini dien lokala; axuri merkatua bi partetan zatitu eta gaztetxe bat izanen da merkatuaren ondoan, obrak bukatzean, hiriaren erdigunean: «Okupazioak aitzinarazi du dena. Okupazioa izan eta hilabete batzuk berantago auzapezak proiektua aurkeztu zigun, eta hori zen ideia: gauzak azeleratzea eta erakustea gazteen problematikak zeintzuk diren, bigarren etxebizitzen eta etxe hutsen kopuruak erakutsiz».

Pargade auzapezak bere hitza betetzen duela erran du proiektu berria aipatzean: «Badu urte bat aitzinkontuaren kredituak bozkatu ditugula, eta orain gaztetxea eraikitzen ari gara. Enpresen kontsultak abiatu dira, merkatu publikoa bidean da; obrak hasiak dira hirigunean gaztetxe berri bat egiteko». Egoitza berritzeko planak Ttattolako kideekin landu dituztela gehitu du Pargadek.

Okupazioa aitzin, 2021ean herriak bestelako proposamenak egin zituen gaztetxe bat nahi zutenentzat, herriko egoitzak eskas zirelakoan: herriko lokal batzuk puntualki erabiltzea. Vrignonek gogoratu du ez zitzaiela proposamen egokia iruditzen: «Herriko lokalak proposatzen zizkigun, puntualki baliatzeko, eta hori ezin da. Gaztetxe bat autokudeatua da, guk dugu barnea antolatzen, guk dugu gure egiten…; gaztetxe batek nortasun bat badu. Nahi dugularik biltzeko da, herriko etxeari baimena galdegin gabe aste bat lehenago».

Alta, Pargade zinez atxikia da partekatze ideia horri oraino ere. «Gaztetxearentzat ala beste nornahirentzat, nik beti erraten dut egoitzak mutualizatu behar direla. Lehentasunez gaztetxearentzat izanen da, baina haiek ez dutelarik erabiliko, beste elkarteek baliatzen ahalko dute, beste egoitza sozialekin egiten dugun bezala. Ondasun publikoa ondasun komuna da, eta ezin da manera pribatu batez hartaz jabetu».

Hazparne erdigunean okupatu zuten eraikina gaztetxe bilakatuko zutela iragarri zuten Ttattolako kideek. Auzapezari, aldiz, ez zitzaion egokia iruditzen; besteak beste, auzoz inguratua zelako. Ezkerparetaren ondoan, berriz, axuri merkatuaren egoitza aparkalekuek inguratzen dute; gainera, herriak gaztetxearentzat abiatu obrekin, bakartua izanen da egoitza, eta, Pargadek argitu duenez, ¨lasaiki antolatzen ahalko dituzte haien aktibitateak auzoen arrangura ukan gabe. Erdigunean da, baina auzoak hurbil ukan gabe».

1996an ukan zuten Hazparneko eta inguruko gazteek lehen gaztetxea, Batzokia izenekoa, 2000. urtea arte. Azken belaunaldiek ezagutu duten lokal koloreztatua, berriz, 18 urtez gaztetxe izana zen 2002az geroztik. Bi lokalak alokairuan hartu zituzten gazteek, eta gaur egungoek ere begiratu zituzten jabe pribatuen proposamenak gaztetxe berri bat bilatzean, baina «prezioak karioegi» zitzaizkien.

Okupazioarekin, lokal baten beharra agerian uzteaz gain, Hazparneko etxe huts eta bigarren etxebizitzen kopurua ere salatu nahi izan zuten Ttattolako kideek, bostehun etxe hutsen kopurua zabalduz. Gaztetxearen beharraz gain, Hazparneko Herriko Etxean etxebizitza hutsei buruzko eztabaidak ere ireki ziren okupazioaren ondoko herriko kontseiluetan.

KRONOLOGIA

Momentu berean iragarri dituzte biak: epaiketa eta sostengu gaualdia. Ttattola Hazparneko gaztetxearen aldeko sostengu gaualdian Zetknin, Ramonheurs de Menhirs eta DJ Mixela ariko dira Aiherrako denen gelan.

1996. Batzokia, Hazparne inguruko lehen gaztetxea.
2000. Batzokia utzi zuten jabeak, egoitza berreskuratu nahi zuelako.
2002. Ttattola gaztetxearen lehen urtea.
2021eko urtarrila. Batzokia bezala, jabeak lokala berreskuratu zuen. Gaur egun lokal komertziala da.
2021eko agorrila. Agorrilaren 21ean hasirik, Davidenia etxearen okupazioa lau astez, kanporatuak izan arte.
2023. Maiatzaren 17an, sostengu gaualdia Aiherran; 25ean, epaiketa Baionan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.