Polinesia Frantsesa

Independentistek gehiengo osoa eskuratu dute Polinesia Frantsesean

Tavini Huira'atira alderdiak botoen %44,5 eskuratu ditu bozen bigarren itzulian, eta beste inoren babesik gabe eratu ahal izango du datozen bost urteetarako gobernua.

Polinesia Frantseseko herritar bat, herrialeko bandera eskutan duela. TAVINI HUIRA'ATIRA
2023ko maiatzaren 1a
20:39
Entzun

Polinesia Frantseseko independentistek gehiengo osoa eskuratu dute lurraldeko hauteskundeen bigarren itzulian. Tavini Huira'atira alderdi irabazleak botoen %44,5 eskuratu ditu, eta harentzat izango dira parlamentuko 57 eserlekuetatik 38. Horrenbestez, ez du oztoporik izango datozen bost urteetarako gobernu bat eratzeko.

Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak alderdi independentista zoriondu du. «Polinesiako herritarrek aldaketaren alde bozkatu dute», adierazi du Twitter bidez. Darmaninek «elkarlana» agindu dio indar irabazleari, «gure herrikideen ohiko bizitza hobetzen jarraitzeko».

Independentistekin batera, bi alderdi autonomista izango dira parlamentuan. Agintea galdu duen Tapura Huira'atira alderdiak botoen %38,5 eskuratu ditu —16 eserleku—, eta botoen %17,2 izan dira A Here alderdiarentzat —hiru ordezkari—.

Independentisten lider Oscar Temaruk lortu du bozen lehen itzulian kanpoan gelditu ziren alderdien babesa bereganatzea, eta hori erabakigarria izan da bigarren itzulian garaipena eskuratzeko. Temaru itzal handiko politikaria da: 78 urte ditu, eta bost aldiz izan da Polinesia Frantseseko presidente.

Uhartedia Pazifikoko 118 irlak osatzen dute —horietatik 78 daude populatuta—, eta 300.000 biztanle ditu orotara.

Tavini Huira'atirak babesen %34,9 jaso zituen lehen itzulian, hilaren 16an, eta bere burua indartuta ikusi zuen gaurko bozketarako. Alabaina, emaitzak bereziki mingarriak izan ziren agintean dagoen alderdiarentzat, Tapura Huira'atira autonomistarentzat, eta, beraz, Polinesia Frantseseko presidentearentzat, Edouard Fritchentzat —2014tik dago kargu horretan—; uhartediko gobernuburua Emmanuel Macron Frantziako estatuburuaren aliatua da, eta boto emaileek bigarrenez zigortu dute hautetsontzien bidez, iazko bozen ondoren. Hori ikusirik, buruzagi autonomista independentziaren mamua astintzen aritu da egunotako kanpainan, bozen lehen itzuliaren gauean bertan hasita: «Hauteskunde hauek autonomisten eta independentisten artekoak dira».

Ikusi gehiago: Polinesia Frantseseko independentistak, garaipenaren atarian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.