Hollywoodeko Gidoilarien Sindikatuak greba mugagabera deitu du

Hainbat egunetako negoziazioen ostean, Hollywoodeko Gidoilarien Sindikatuak eta Zinema eta Telebista Ekoizleen Aliantzak ez dute akordiorik lortu.

Hollywoodeko gidoilarien greba, 2007an. ANDREW GOMBERT
Miren Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 2a
12:28
Entzun

«Gure Negoziazio Batzordeak prozesu hau akordio justu bat lortzeko asmoz hasi bazuen ere, jasotako erantzuna ez da nahikoa izan, inola ere, idazleak jasaten ari diren krisi existentzialari dagokionez». Hala iragarri du sareetan Hollywoodeko Gidoilarien Sindikatuak gaur hasiko duten greba.

600 milioi dolar inguru eskatzen ditu sindikatuak, bai soldata igoeretan, bai eta bestelako irabazietan ere; hala nola residuals direlakoetan, –taldeko kide batek jasotzen dituen konpentsazioak bere produktua telebistan berriro ematen den bakoitzean–.

Zinema eta Telebista Ekoizleen Aliantzak ziurtatu du gidoilarien gremioari proposamen bat aurkeztu ziola, idazleen ordainsarian «igoera oparoak» jasotzen zituena, bai eta residuals horiek hobetzeko eta eskaintza hobetzeko prest zeudenak ere. Sindikatuaren beste eskaera batzuen «tamaina» dela eta –tartean, telebistako gidoilarien gutxieneko langile kopurua izatea eta programa bakoitzeko, gutxienez, astebeteko lan bermatua izatea–, aliantzak atzera bota du akordiorako aukera.

‘Streaming’ plataformak

Hain zuzen ere, streaming plataformak iritsi zirenetik industriak produkzioan izan dituen aldaketek eragin dituzte idazleen kezka horiek. Izan ere, telebistako produkzioetan gorakada egon den arren, baldintzen kexu da sindikatua, salatu baitute telesailetako kapituluak murriztu direla, «talentu berrietarako aukera gutxi» dagoela eta oraindik onartu ez diren proiektuetan «ordaindu gabeko lana» dagoela. Sindikatuaren arabera, beraz, Hollywoodeko enpresa handiak dira idazle lanbidea «are gehiago debaluatzearen» erantzule, negoziazioetan jarrera «aldaezinak» dituztelako.

2007an egin zen Hollywoodeko gidoilarien azken greba, eta hilabete baino gehiago iraun zuen. 37.000 langile kaleratu zituzten orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.