Ekialde Hurbila

Preso palestinar bat hil da Israelgo espetxe batean, 87 eguneko gose greba egin ostean

Jihad Islamikoaren Zisjordaniako buruzagia zen Khader Adnan, eta aurretik ere eginak zituen beste lau gose greba. Jakina zen hilzorian zegoela, eta PANek hilketa egotzi dio Tel Avivi.

Manifestaiak Khader Adnanen askatasuna eskatzen, atzo, Jeninen (Zisjordania). ALAA BADARNEH / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko maiatzaren 2a
12:36
Entzun

Khader Adnan Jihad Islamikoaren Zisjordaniako buruzagiaren gose grebak 87 egun iraun du, eta amaitu zitekeen modu okerrenean amaitu da: talde armatuko kidearen heriotzarekin. Israelgo Gobernuak azaldu duenez, Adnan konorte gabe topatu dute Ramleko espetxeko bere ziegan, eta Tel Aviveko erietxe batera eraman dute; han, hainbat bider saiatu dira presoa suspertzen, alferrik.

Otsailaren 5ean atxilotu zuten 45 urteko gizona, «talde terrorista bateko kide izatea» egotzita. Une hartan bertan ekin zion gose grebari; ez du ezer jan ordutik, ura soilik edan du, eta uko egin die medikuen azterketei eta tratamenduei. Aurrez, Adnanek eginak zituen beste lau gose greba; 2012an egin zuen 66 eguneko bat —elkarrizketa eskaini zion BERRIAri—, eta 2015ean egin zuen 50eko bat izan ziren luzeenak. Gutxienez 11 aldiz atxilotu dute 2004tik, eta erresistentziaren ikur bat zen hainbat palestinarrentzat.

Jakina zen hilzorian zegoela. PHRI Israelgo Giza Eskubideen Aldeko Medikuak erakundeko mediku batek atzo bisitatu zuen kartzelan, eta adierazi zuen edonoiz hil zitekeela, eta berehala eraman behar zutela ospitale batera. Mugitzeko arazoak zituen, eta ez zen «elkarrizketa erraz bat» izateko gai. Artatua izateko nahia erakutsi zuen Adnanek, hiru baldintzarekin: bere senideek bisitatu ahal izatea, PHRIko mediku bat ondoan izatea eta bere inguruko informazio medikua Israelgo erakundeekin ez banatzea.

Middle East Eye GKEak, berriz, salatu du atxiloketa administratiboa zela Adnanena; hori baliatuta, Israelek epaiketarik eta kargurik gabe atxilotzen ditu palestinarrak, eta preso izaten ditu hiru eta sei hilabete artean. Israelgo espetxeak Segurtasun Nazionaleko ministroaren eskuduntza dira, eta, gaur egun, Alderdi Sionista Erlijiosoko kide Itamar Ben-Gvir-ek du kargu hori. Postua hartu berritan, azaroan, hitzeman zuen «zorrotzago» tratatuko zituela Israelen segurtasunarekin lotuta atxilotutakoak.

Hilketa

PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Mohammad Xtayyehek Adnan erailtzea egotzi dio Israelgo Gobernuari: «Okupazioak, espetxeen arduradunek eta botere judizialak berariaz hil dute Adnan; hura askatzeko eskaerari uko egin diote, ez diote arta medikorik eman, eta, muturreko osasun egoeran egon arren, bere ziegan mantendu dute», gaitzetsi du. PANek jakinarazi du Nazioarteko Justizia Auzitegira txosten bat bidaliko duela, eta heriotza ikertzeko nazioarteko batzorde bat eratzeko ere eskatu du.

Jihad Islamikoak, berriz, esan du Adnanen heriotza ez dela «erantzunik gabe» geratuko, eta erresistentziak «indartsu eta ausart» jarraituko duela borrokan: «Hilketa horren arduradun erabatekoa eta zuzena Israelen okupazioa da. Tresna zikinak erabili dituzte Adnanen aurka: epaimahai faltsuak, segurtasun agentzia terroristak eta prozesu militarrak», salatu du erakundeak.

Hamasek ere gaitzetsi du «hilketa», eta Tel Aviv egin du erantzule.

Suziriak

Heriotzaren albistea jakin berritan, Gazatik hiru suziri jaurti dituzte Israelera. Israelgo Armadak jakinarazi duenez, ordea, inor bizi ez den eremuetan erori dira hirurak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.