GERRA UKRAINAN

Errusiak arma ekoizpena handitzeko neurriak hartu ditu

Moskuren arabera, urtea amaitu bitarterako nahikoa munizio dute borrokarako; Erresuma Batuak kontrakoa uste du. AEBen esanetan, azkeneko bost hilabeteotan Errusiako indarren 20.000 bat kide hil dira.

Emakume bat joan den ostiralean Umanen (Ukraina), Errusiak etxizitza bloke bat bonbardatu ondoren. EFE
Igor Susaeta.
2023ko maiatzaren 2a
13:57
Entzun

Borrokarako munizio gabeziaz kexatu izan dira Errusiako indarrak azkeneko hilabeteetan. Wagner talde paramilitarraren buru Yevgeny Prigozhinek ohartarazi izan du behar beste muniziorik ez badute atzera egin beharko dutela gudu zelaian, eta, hori plazaratzeagatik, hain zuzen, arazoak izan ditu Sergei Xoigu Defentsa ministroarekin. Bada, Xoiguk adierazi du gaur neurriak hartu dituztela armen eta ekipamendu militarraren ekoizpena handitzeko. Hori bai, Errusiako RIA Novosti berri agentziak jaso duenez, ministroak nabarmendu du urtea amaitu bitarterako Errusiako indarrek nahikoa munizio dutela borrokatzeko.

Horren harira, hain justu, Erresuma Batuko Gobernuaren zerbitzu sekretuek kontrakoa uste dute. «Ez du behar beste munizio erasoan arrakastatsua izateko», jaso du kaleratu duen azken txostenean. Iruditzen zaio ezen, arma industriaren jarduna lehentasunen artean dagoen arren, Kremlinek «porrot» egin duela eskariari erantzuterakoan. Eta gogoratu du, horrekin guztiarekin lotuta, Moskuk azkenaldian aldaketak egin dituela buruzagi militarren artean. Izan ere, lehengo astearen amaieran, logistika buru berri bat izendatu zuten: Alexei Kuzmenkov.

Eta joera horri jarraikiz, AEBetako zerbitzu sekretuek jakinarazi dute azkeneko bost hilabeteotan Errusiako indarretako 20.000 bat kide hil direla gerra frontean, eta zaurituak 80.000 inguru direla. John Kirby AEBen Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaileak eman zituen datu horiek atzo gauean, eta ez zuen zehaztu AEBek nola egin zuten kalkulua; erantsi zuen, hori bai, zendutakoen erdiak Wagner mertzenario taldeko kideak zirela. Errusia mertzenario talde horrekin ari da borrokatzen Bakhmuten (Donetsk). «Errusiak Donbassen egindako eraso saiakerak porrot egin du. Ez da gai izan ikuspuntu estrategiko batetik esanguratsua den toki bakar batez ere jabetzeko», azaldu zuen Kirbyk.

Errusiak berak ere eman ditu datu batzuk. Xoiguren arabera, azkeneko hilabetean Ukrainako indarretako 15.000 bat pertsona hil dira. «Mendebaldeko herrialdeen laguntza militarra inoiz aurretik ikusi ez bezalakoa izan den arren», azpimarratu du Defentsa ministroak, Errusiako Interfax berri agentziak jaso duenez. Iazko otsailean inbasioa hasi zenetik Errusiako 191.500 militar hil direla esan du Ukrainako armadak ordu batzuk lehenago, Facebook bidez.

Kieven esanetan, Bakhmuten kontraerasoan ari dira, eta, horren ondorioz, azken orduetan Errusiak posizio batzuk «abandonatu» behar izan ditu han. Hori esan du Oleksandr Sirskii jeneralak, gaur. Azken hilabeteotako bataila ikonikoena da Bahmutekoa. Ukraina hura defendatzen ari da, nahiz eta ez dagoen argi balio estrategikorik ote duen.

Ikusi gehiago: Bakhmut, higatze bataila bat

Ukrainak, bide batez, «dena» du prest gerra frontean kontraerasora jotzeko. Halaxe jakinarazi zuen atzo Oleksii Reznikov Defentsa ministroak. Horretarako, Mendebaldeko herrialdeek emandako laguntza militarra baliatzekoa da. Eta Ukrainako Luhansk eskualde okupatuan Errusiak duen ordezkari militar Andrei Marotxkok ohartarazi du hilaren 9an hasiko dela kontraeraso hori; hain zuzen, Errusian Garaipenaren Eguna ospatzen dutenean, 1945eko egun horretan naziek Sobietar Batasuneko armadari amore eman ziotela eta. «Eguraldi ona espero da astebururako, eta horrek ahalbidetuko die ukrainarrei bete-betean erabiltzea NATOko herrialdeek emandako armak. Ziurrenik, Garaipenaren Eguna zapuzten ahaleginduko da etsaia», esan du, Errusiako TASS berri agentziak jaso duenez.

Zerealen akordioa

Ukrainako, Errusiako, Turkiako eta NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariak zerealen akordioaz hitz egiteko bilduko dira bihar, Kieveko iturri ofizial batek Reuters berri agentziari esan dionez. Ituna hilaren 18an bukatzen da berez. Joan den uztailean sinatu zuten, eta bi aldiz luzatu dute: azaroan eta martxoan. Horrekin lotuta, NBEko iturri batek adierazi du erakundearen merkataritza buru Rebeca Grynspan Moskura bidaiatzekoa dela asteon, akordioa luzatzea errazteko. Kremlinek uste du ituna ez dela bete-betean funtzionatzen ari, iruditzen baitzaio bere nekazaritza produktuen esportazioei jarritako oztopoak mantentzen direla. Mendebaldearen zigorrek ez diete eragiten produktu horiei, baina kexu da, iritzita zigorrek zaildu egiten duela garraioa segurtatzea, finantzatzea eta kontratatzea, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.