Gerra Ukrainan

Putin hiltzen ahalegindu izana egotzi dio Moskuk Kievi

Errusiako Gobernuak salatu du Kremlin bonbardatzen saiatu direla, droneak erabiliz. Ukrainak erantzun du ez duela zerikusirik.

Ustez Putin hiltzen saiatzeko erabili dute drone bat, erasoa indargabetu dutenean. EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Ander Perez Zala
2023ko maiatzaren 3a
14:08
Entzun

Salaketa larria egin berri du Kremlinek. Errusiako komunikabideek zabaldu dutenez, gobernuak salatu du Vladimir Putin presidentea hiltzen ahalegindu dela Kiev, Kremlin droneen bidez bonbardatuz. Horien arabera, Putin onik irten da eraso ahaleginetik —RIA berri agentziaren arabera, ez zegoen eraikinean—, eta Moskuk bi drone suntsitu ditu. «Bart gauean, Kiev Errusiako Federazioko presidenteari eraso egiten ahalegindu da tripulaziorik gabeko airekoekin. Droneak Kremlinera zihoazen, baina gailuak indargabetuak izan dira, irrati maiztasuneko sistemak erabiltzen dituzten zerbitzu sekretuek eta armadak hartutako neurri egokiei esker», irakur liteke Moskuk zabaldutako komunikatuan.

TASS albiste agentziaren arabera, Errusiak iragarri du erantzun egingo diola «hilketa saioari». Moskuk salatu du «eraso terrorista antolatua» izan dela. Gobernuko iturrien arabera, erasoak ez du kalte materialik eragin Kremlinen. Presidentetzaren bulegoak, berriz, jakinarazi du Putinek eutsi egingo diola eguneko agendari; sare sozialetan zabaldutako bideo batean, ikusten da nola lehertzen duten drone bat, Kremlin gainean.

Akusazio horren aurrean, Ukrainako Gobernuak erantzun du ez duela zerikusirik izan. Reuters berri agentziak Volodimir Zelenskiren bulegoko kide batekin hitz egin du, eta horrek adierazi du Kremlinen kontrako eraso batek ez lukeela «ezer aldatuko gudu zelaian», eta ziurrenik Errusia «probokatu» egingo lukeela «ekintza erradikalagoak» egiteko.

Gerora, Ukrainako presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek Twitter sare sozialean idatzi du «dena aurrez iragarri» daitekeela, argudiatu baitu droneen afera aitzakia bat dela eraso baterako: «Argi dago Errusia eskala handiko eraso terrorista bat prestatzen ari dela. Horregatik atxilotu du, lehenik, ustezko talde subertsibo zabal bat, Krimean. Eta, gero, Kremlin gainean droneak erakusten ditu».

Podoliakek erreferentzia egin dio eraso salaketaren bezperan gertaturikoari ere; FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak esan duenez, «errusiarrez eta ukrainarrez osaturiko» komando bat atxilo hartu dute, helburu zuena, FSBren arabera, Krimeako gobernuburu Sergei Aksionov hiltzea. Eta, horren aurretik, Moskuko alkate Sergei Sobianinek droneak erabiltzeko debekua ezarri zuen hiriburuan, agintariek hori egiteko baimena eman dietenentzat izan ezik.

Ez da lehen aldia ustez Ukrainarenak diren gailu horiek agertzen direla Errusiako hiriburuan edo inguruetan. Azkena, kasurako, joan den apirilaren 22an izan zen, Moskuren ekialdean dagoen Noguinsk hirian.

Garaipen eguna ospatzen dute Moskun maiatzaren 9an —datorren asteartean—, eta atzerriko hainbat estatuburu daude gonbidatuta egun horretarako. Kremlinek jakinarazi du gaurko erasoak ez dituela ospakizunak oztopatuko.

Mila milioi euro armak erosteko

EB Europako Batasuneko estatu kideek, bien bitartean, adostu dute mila milioi euro erabiltzea Ukrainako armadari bidaliko dioten munizioen eta misilen erosketa bateraturako. Ideia orokorra iragan martxoan onartu zuten, baina gaur arte estatu kideak ez ziren ados jartzen finantzaketaren inguruan.

Hala, Suediako Gobernuak jakinarazi duenez —EBko Kontseiluko presidentetza du ekain amaiera arte—, diru hori Bakearen Aldeko Europako Funtsetik hartuko dute; programa bat da, eta estatu kideek diruztatzen dute, EBren aurrekontutik kanpo. Hain justu, funts hori erabiltzen ari dira estatu kideek Ukrainari bidaltzen dizkioten armetan gastaturikoa itzultzeko.

Gaur adosturikoaren arabera, ekoizpen katearen «parte handienak EBren edo Norvegiaren barnean» egon beharko du, «eragile ekonomikoek erosketetan parte hartu ahal» izan dezaten. Eta, hain justu, funts horretako dirua jasotzeko.

Ukrainako gerra beste fase baten atarian egon liteke, herrialde horretako armadaren kontraerasoa hastear dagoela baitirudi. Joan den larunbatean, Defentsa ministro Oleksii Reznikovek esan zuen «dena prest» dagoela horretarako, baina ez zuen zehaztu noiz. Luhanskeko Herri Errepublikako agintariek atzo esan zutenez, uste dute, hain justu, datorren asteartean ekingo diotela erasoaldiari, baina Kievek ez du ez baieztatu eta ez ezeztatu adierazpen hori.

Gaur, berriz, Wagner talde paramilitarraren buru Jevgeni Prigozhinek adierazi du uste duela kontraeraso hori jada hasi dela, gerra fronteak «mugimendu gehiago» ikusi baitu. Hori bai, Telegram sare sozialean esandakoaren arabera, zehaztu du eraso horren «fase aktiboa» datozen egunetan hasiko lukeela Ukrainako armadak.

Erasoek, hori bai, ez dute etenik, eta gaur gutxienez hamasei lagun hil eta 22 zauritu dituzte Khersonen egindako bonbardaketetan. Ukrainako fiskal nagusiaren bulegoaren arabera, Errusia da erasotzailea, eta jada ikerketa bat abiatu du gerra krimenik izan ote den argitzeko.

Diplomaziari dagokionez, Finlandian da gaur Zelenski —NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko estatu kide berria da—, eta Europa iparraldeko agintariekin batzartu osteko agerraldian esan du Ukrainak ez diola eraso egin Errusiari: «Ez diogu Putini edo Moskuri eraso egiten. Gure lurraldean borrokatzen gara».

Hurrengo bidaiei begira, Alemaniako NTV telebistak argitara atera du hilaren 13an herrialde horretan izango dela. Kievek ez zuen ofizial egin bisita hori, eta, Reuters berri agentziari esan dionez, orain zalantza dute egingarria izango den; argudiatu duenez «arduragabekeria bat» izan baita hitzordu hori filtratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.