Merkatalgune handiak

Eroskiren mozkinak %38 murriztu dira irabazi tartea estutu duelako

64 milioi euroren emaitza positiboa izan zuen, 2021ean baino 41 gutxiago. BEZaren murrizketa haragira eta arrain freskora ere zabaltzea eskatu du kooperatibak. 44 milioi euroan murriztu zuen zorra eta egun 909 milioikoa du

Gizon bat esnea erosten, Eroskiren saltoki batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko maiatzaren 3a
19:46
Entzun

Eroski taldeak 64 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz, 2021ean baino 41 milioi gutxiago (-%38). Kooperatiba taldeak inflazioaren eraginari egotzi dio mozkinen murrizketa, eta kostuen gorakada osoa azken preziora eraman ez izanari. Hala ere, azken hamar urteetako bigarren emaitza onena zen iazkoa, salmenta bolumena %2 murriztu arren, fakturazio osoa %7 handitu zelako. Era berean zorra kitatzen jarraitu zuen. 44 milioi euro ordaindu zizkien hartzekodunei eta orain 909 milioi euroren zorra du.

«Gure hornitzaileen prezioak %15 igo dira batez beste, gureak, aldiz, %12. Ahalegin oso handia egiten ari gara igoera osoa azken preziora ez eramateko», nabarmendu du Rosa Carabel Eroski taldeko zuzendariak, iazko balantzearen aurkezpenean. Erabaki horrek irabazi marjinaren murriztu zuen eta hark eragin zituen mozkin txikiagoak. Zehaztasun handiz azaldu du: «Gure irabazi marjina %1,32koa izan zen. Sektorean, ohiko tartea, %2 eta %3 artekoa denean. Guk puntu bat murriztea erabaki genuen. Zenbat den hori? 55 milioi euro inguru gutxiago irabaztea».

Nondik ateratzen dira 55 milioi euro horiek? Eroskiren fakturazio osoa 5.478 milioi eurokoa izan zen, eta haren %1 da. Carabelek, hala ere, garrantzia handia eman dio EBITDAren —Irabaziak interes, zerga, balio-galera eta amortizazioen aurretik— datuari: 280 milioi euro; eta azaldu du haien hainbat gastu finko —energia, finantzarioak, soldatak— %38 inguru handitu direla.
   
«Gure sektorean irabazi marjina oso txikiekin egiten dugu lan. Gure irabazien gakoa bolumen handian saltzea da. Oso zaila da prezioak are gehiago jaistea», nabarmendu du, eta distribuzio kate handiei egozten zaien sakrifizio ahalmen gabezia ez dela egia kritikatu. Gai berean, azaldu du prezioen gorakadak prezio merkeenak dituzten kateei mesede egin diela: «Erosleak aurrezte moduan dago, egun prezioa da erosketa ohiturak gehien baldintzatzen dituen aldagaia».

Carabelek azaldu zuen erosketa ohiturak aldatu egin direla, eta iazkoa urteak aurrea egin hala salmenta bolumena jaisten joan zela eta aurtengoaren hasieran joera hori mantendu dela. «Erosleak prezioari asko begiratzen dio orain. Eskaintza bereziek erosketen %28 baldintzatzen dituzte. Guk, esaterako, gure markako produktuetan nabaritu dugu. %7 igo zen fakturazioa, produktu merkeenak direla kontuan hartuta, pila bat da». Zentzu horretan, azaldu zuen oinarrizko produktuekin osaturiko saskiak oso harrera ona izan duela.

Lan erreformaren eragina
Eroski taldearen iazko balantzeak uzten duen datu deigarrietako bat Hego Euskal Herrian izandako langile kopuruaren jaitsiera izan zen. 11.302 izatetik 10.428 izatera igaro zen. Carabelek, baina, legedia aldaketaren eragina dela azaldu du: «Lan erreformaren eragina izan da hori. Behin behineko langileak izateko traba gehiago ditugu orain. Horiek askotan ez dute lanaldi osoa izaten. Orain langile finko gehiago ditugu, eta hainbatek aldi baterako biren lana egiten dute. Finkotasunean irabazi dugu». Prozesu hori langile kooperatibistaren kopuruaren igoeran islatzen da. Iaz 1.268 pertsona egin ziren bazkide eta egun 9.500 dira guztira.

Carabelek behin baino gehiagotan aipatu du saltoki handiei eragiten dieten legeak, eta gehienek balio katearen kostua handitzen dutela kritikatu zuen. Esaterako, plastiko txikien erabilera debekatu izana asko nabaritu omen zuten. Espainiako Gobernuak sektorearekin adosturiko neurriak hartu beharko lituzkeela esan du, baita bat iradoki ere: «Esaterako, mesede egingo liguke oinarrizko hainbat produkturi aplikatu zaien BEZaren murrizketa luzatzea. Are gehiago, haragiari eta arrainari ere aplikatzea eskertuko genuke. Produktu horien salmenta %15 murriztu da. Horiek gainera produktu osasungarriak dira».

Zorra kentzen
Eroskiren jardunaren zama handietako bat pilaturiko zorra da. 2009an 2.514 milioi euroko finantza zorra izatera iritsi zen, eta egun 909 milioikoa da. Iaz 44 milioi euroko kitapena egin zuen. Zuzendariak eginiko ahalegina goratu du, eta egun hartzekodunekin lau urterako finantziazioa negoziatzen ari direla onartu.

Zor horren kitapen handi bat taldearen atalak salduz egin dituzte. Oraingoan, baina, ez dute halakorik espero: «Gure hartzekodunekin dugun akordioa 2024ko uztailean amaituko da, eta berria negoziatzen ari gara. Gure aspirazioa finantza akordio bat lortzea da. Atal gehiago saldu behar izatea ekuazioan sartzen ez den aldagai bat da».

Eroskik, besteak beste, Caprabo Kataluniako supermerkatu katearen zati bat saldu zuen zorra arintzeko, eta baita bidai agentzien atala ere. Azken urteetan Forum Sport kirol denda kateen balizko salmentaren zurrumurrua bili-bolo ibili da. Pixka bat lehenago Carabelek aurkakoa esan arren, ondoren gehitu duenak ez du lagunduko esamesak isiltzen. «Forum Sportek bere tamaina handitu beharra dauka lehiakorra izateko. Zentzu horretan bazkide bat aurkitzeko aukerak  aztertzen ari gara. Horraino hitz egin dezaket gaiari buruz».

Inbertsioei eutsi
Salmenta bolumenak behera egin eta irabaziak murriztu arren, Eroskik ez du hurrengo urterako inbertsio kopurua murriztuko. Urtean hamar eta hamabi denda  berri artean irekitzeko asmoari eusten dio. Zentzu horretan Katalunian hedatzeko moduak aztertzen ari dira. Egun Hego Euskal Herrian merkatu kuota handiena duen katea da. Horri Katalunia eta Espainiaren iparraldea gehituz gero, bere «indarguneetan» %13ko merkatu kuota du.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.