Euskal presoak

Asier Ezeiza euskal preso ohia espetxeratzeko agindu dute

Ezeizak hamabi urte egin zituen preso; orain, hemeretzi urteko beste zigor bategatik espetxeratuko dute.

Asier Ezeiza, Zaballan (Araba), libre geratu ostean. BERRIA
2023ko maiatzaren 4a
10:40
Entzun 00:00:0000:00:00

Asier Ezeiza euskal preso ohia berriz espetxeratzeko agindu dute, Auzitegi Nazionalak ezarritako hemeretzi urteko espetxe zigorra betetzeko; gaur sartu daiteke kartzelan. Ezeiza 2020ko maiatzean geratu zen aske, hamabi urteko beste zigor bat beteta. Erabakiaren aurka mobilizatzeko deia egin dute Hernanin (Gipuzkoa): 19:00etan, Gudarien enparantzan.

Ezeiza 2008an atxilotu zuten Frantzian, ETAko kide izatea egotzita. Hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta Fresnesen, Tarasconen (Frantzia) eta Mont de Marsanen (Okzitania) egon zen preso. 2020 hasieran, baina, Espainiaratu egin zuten, Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu zezan. Orduan, Soto del Realgo espetxera (Espainia) eraman zuten. Gerora, Zaballara (Araba) lekualdatu zuten. Izan ere, Frantziara bidaltzekoak ziren, zigorra betetzeko, baina COVID-19ak eragindako egoerak eragotzi egin zuen. Hala, zigorra osorik beteta, aske geratu zen 2020ko maiatzean.

Ezeizaren aurka bi prozesu ireki ziren Auzitegi Nazionalean. Batetik, 2002ko martxoan epaitu zuten, Orioko (Gipuzkoa) PSE-EEko zinegotzi Juan Priederen hilketan parte hartzea leporatuta. Ekintza horri lotuta, Auzitegi Nazionalak abenduan ezarri zion hemeretzi urteko espetxe zigorra. Zehazki, egileak autoz lekualdatu izana egotzi zioten.

ETAk 2003an Benidormen eta Alacanten (Herrialde Katalanak) egindako atentatu batzuetan parte hartu izana, berriz, ez zuen frogatutzat jo Auzitegi Nazionalak, eta 2020ko martxoan absolbitu egin zuen. Halere, Espainiako Auzitegi Gorenak bi aldiz baliogabetu ditu absoluzio ebazpenak, eta sententzia egokitzeko agindu dio auzitegi hari; azkena, apirilean. Gorenak argudiatu zuen Auzitegi Nazionalak ez zuela aztertu Ezeizak atentatu haietan «lagundu izana», eta lehen epaiak frogatutzat jo zuela ETAko kidea zela eta 2003ko udan Herrialde Katalanetako kostaldean hainbat «kudeaketa» egin zituela erakunde armatuaren eskariz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.