Durangoko Azoka

Sormen Bekak haur eta familientzako lan bat sarituko du aurten

Edozein diziplinatako lanak aurkeztu ahalko dira Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak antolatutako bekara. Irailaren 21era arte bidali ahalko dira proiektuak, eta irabazleak Durangoko 2024ko azokan erakutsiko du.

Inma Garrastatxu Durangoko alkatea, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakaria eta Jore Varela udal ordezkaria, gaur, Bizenta Mogel Bibliotekan. DURANGOKO AZOKA
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko maiatzaren 4a
12:50
Entzun

Seigarren urtez antolatu dute Sormen Beka Gerediaga elkarteak eta Durangoko Udalak. Euskaraz egindako sorkuntza sustatu eta ezagutarazi asmo du proiektuak, eta aurten haur eta familientzako sorkuntza lana sarituko dute: edozein diziplinatakoak edota diziplinen arteko uztarketatik landutakoak izan daitezke, eta zabalik dago jada proposamenak aurkezteko epea. Irailaren 21era bitarte jasoko dituzte proiektuak gerediaga@durangokoazoka.eus helbidean; irabazleak 15.000 euro izango ditu ordainetan, eta Durangoko 59. Azokan erakutsiko du lana, Saguganbara gunean, 2024an.

18 urtetik gorako sortzaile berrientzat da beka. Askotariko erak onartzen dituzte: ikuskizun bat izan daiteke, adibidez, zirkuaren, antzerkiaren edota ipuin kontaketaren arlokoak. Euskarri bat ere aurkeztu daiteke aukeran: mahai jolasa, musika ala bideoa. Antolatzaileek iragarri dutenez, irabazlea aukeratzeko lau irizpide hartuko dituzte kontuan: proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, lanaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko defentsa —aurkeztutakoen artean lauzpabost hautatuko ditu epaimahaiak, eta horiek izango dira defendatu beharrekoak—. Durangoko 58. Azokan iragarriko dute zer proposamenek irabazi duen, abenduan.

Lan hauek saritu dituzte aurreko urteetan:

2018: ATOPIArpg euskarazko rol jokoa (literatura)

2019: Kai Nakai. Iratxe Aguileraren lehenengo lana (musika)

2020:Bañolet. Lau ataleko telesaila (ikus-entzunezkoa)

2021: Ibai Aizpururen Barraka. Bideojokoa.

2022:Eukalyptus dantza-antzerkia. Jon Ander Urresti. Aurtengo Durangoko Azokan estreinatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.