Albistea entzun

Diru politika

Gutxiago igo ditu EBZk interes tasak, baina %3,75an dira jada

Lagardek ohartarazi du ez dutela amaitu igoerekin, baina ez du argitu noraino iritsiko diren. Euroguneko bankuak mailegu gutxiago ematen ari dira, interes tasa handien ondorioz.

Joxean Apeztegia Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko maiatzak 4 09:17

Gailurrera iritsi ahala, polikiago. Oxigenoaren gutxitzeak moteldutako mendizaleen antzera, Europako Banku Zentralak ere interes tasak motelago igotzea erabaki du, igoera fase hori goia jotzetik gero eta hurbilago baita. Gaurko bileran, puntu laurden igo zituen interes tasak, bai bankuek EBZn egiten dituzten gordailuena (%3,25eraino), baita bankuei maileguen truke kobratzen dien interesena ere (%3,75eraino).

Tasarik handienak dira 2008az geroztik, baina are gehiago igoko direla oso argi utzi du Christine Lagarde EBZko presidenteak: «Bidaia batean gaude, eta oraindik bide gehiago egin behar dugu». Hau da, maileguak gehiago garestitu nahi dituztela, horrela lortuko dutelakoan inflazioa apaltzea, bankuak egokitzat jotzen duen %2ko tasara. Noraino igoko dituen ez du argitu Lagardek: «Ez dugu zenbaki magiko bat; jakingo dugu iristen garenean».

Belatzen presioa ez da amaitu. Hartutako erabakiak «adostasun handia» izan zuela aipatu zuen Lagardek, baina izan ziren 0,5ekoa eskatu zutenak ere.

Etenik ez igoeretan

EBZren Frankfurteko egoitzan egindako agerraldian, beste gauza bat nabarmendu du Lagardek: ez dutela «atsedenaldirik» egingo igoeretan, eta, hortaz, beste bat espero behar dela banku zentralaren kontseiluaren hurrengo bileran, ekainaren 15ean. Maiatzean inflazioak gora nabarmen egiten ez badu, bilera horretan ere puntu laurden bateko igoera espero daiteke.

Igoeretan eten bat egin ez duela ohartarazita, EBZk bere burua bereizi nahi izan du AEBetako Erreserba Federalak asteazkenean egindakotik. Izan ere, hark ere 0,25 puntu handitu zituen interes tasak, baina Jerome Powell Fed-eko buruak iradoki zuen igoeretan geldialdi bat egingo zutela.

Atlantikoaren bi aldeetan egoera makroekonomikoa antzekoa da: inflazioa apaltzen ari da —bizkorrago AEBetan, %4,4an baitago—, eta interes tasen igoera bortitzak ez du ito ekonomiaren hazkundea, baina bai moteldu. Eta langabezia behera egiten ari da batean eta bestean; eurogunean, %6,5ekoa da, euroa zirkulazioan dagoenetik izandako txikiena.

Baina, langabeziari baino gehiago, inflazioari erreparatzen dio EBZk, eta arlo horretan ikusitakoa ez zaio lasaitzeko modukoa iruditzen. «Inflazioa oraindik oso handia izango da aldi luze baterako», dio haren agiriak. Banku zentralak huts egin zuen inflazioaren igoera oso aldi labur baterakoa izango zela iragarri zuenean, eta are gehiago iaz, bizkor jaitsiko zela kalkulatu zuenean.

Urrian jo zuen goia inflazioak, urte arteko tasa %10,6ra iritsi zenean, eta apirilean, lehen kalkuluen arabera, %7 izan da. Martxotik apirilera hamarren bat igo izanak erakusten du luze joko duela %2ra jaisteak, baina badira zantzu positiboak ere: azpiko inflazioa, jaki freskoak eta energia aintzat hartzen ez dituena, lehen aldiz apaldu da 2022ko ekainaz geroztik —hamarren bat, %5,6raino—.

Mailegu gutxiago

Puntu laurden bakarrik igo izanaren beste arrazoietako bat da banku zentralak ulertu izana interes tasen igoerak bere helburua lortu duela. Izan ere, asteartean argitaratutako txostenean, EBZk ziurtatu zuen bankuek jada murriztu dietela maileguen jarioa bai herritarrei baita enpresei ere. Horrek erakusten du, Lagarderen arabera, interes tasak dagoeneko «murriztaileak» direla, nahiz eta artean ez diren inflazioa bezain handiak. Euriborra, esaterako, %3,843ra iritsi zen atzo, eta maiatzean %4ra iristea espero da.

Maileguak gutxitzea zen, hain zuzen ere, interes tasa handiagoen bitartez EBZk lortu nahi zuena. Kreditu gutxiagorekin, ekonomia hoztu egin ohi da, eta eskari txikiagoaren ondorioz prezioen igoera moteldu egiten da. Bereziki gutxitu dira enpresek eskatutakoak, «eta enpresek esaten dute interes tasen ondorioz dela». EBZk galdekatutako bankuek argudiatu dutenez, maileguak emateko baldintzak gehiago estutuko dira bigarren hiruhilekoan.

Zorra arintzen

Atzoko bileran beste erabaki bat hartu zuen EBZk: APP programaren bidez erositako zorra gutxitzea. Martxoan eta apirilean 30.000 milioi euroren zorra saldu zuen banku zentralak, eta, merkatuek ongi digeritu dutela iritzita, uztailetik aurrera hilero 25.000 milioi salduko ditu.

APPren eta PEPP pandemiari lotutako erosketa programa bereziaren bitartez, EBZk 8,5 bilioi euroren zor publikoa eta pribatua pilatu du 2015. urteaz geroztik. Besteak beste, programa horiek ahalbidetu zuten gobernuak merke eta erraz finantzatu ahal izatea.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. ©Oskar Matxin Edesa / FOKU

Langileek greba egiteko arrazoi asko dituztela salatu dute ELAk eta LABek

Iraia Vieira / Imanol Magro Eizmendi

EAJko agintariek Alderdi Egunean esanikoei erantzun diete sindikatu subiranistek, eta gizarteari bizkarra ematea leporatu.

Trafikoa Donostiako erdigunean. ©Jon Urbe / Foku

Euro 7 urardotu bat onartu dute EBko gobernuek

Iker Aranburu

Proposamenak ez ditu behartuko autogileak beren ibilgailuen motorren CO2 eta NOx isuriak gutxitzera, baina pneumatikoek eta galgek isuritako partikulak gutxitu beharko dituzte. Europako Parlamentuarekin negoziatu beharko dute orain.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, artxiboko irudi batean. ©David Aguilar / Efe

Jaurlaritzak hamarren bat igo du hazkunde iragarpena, %1,7raino

Iker Aranburu

Aurten 13.000 lanpostu sortzea espero du, eta beste 16.000 datorren urtean.

Whatsapp mezuak, lan harremanen erdigunean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...