Sudan

Su etena zapuztu da Sudanen

Bi aldeek elkarri leporatu diote akordioa urratzea. NBEk, berriz, liskarrak eteteko eskatu du laguntza humanitarioa sar dadin.

Sudandik ihes egindako hainbat lagun Aswanen, Egipton. KHALED ELFIQI, EFE
2023ko maiatzaren 4a
17:03
Entzun

Hego Sudanek iragarri zuen eta gaur indarrean sartzekoa zen astebeteko menia berehala zapuztu da Sudanen. Herrialdeko armadako buru Abdel Fattah al-Burhanek eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarreko buru Mohamed Hamdan Dagalok borrokan jarraitzen dute gatazka hasi eta hiru astera.

Gatazka armatua hasi zenetik hainbat menia adostu dituzte, baina ordu batzuz soilik iraun dute. Orain arte, borrokaldiak bereziki gogorrak izan dira hiriburuko gobernu eta base militar nagusien inguruan; izan ere, bi aldeak ari dira saiatzen boteregune nagusien kontrola eskuratzen.

Bi bandoek beraien indarguneak dituzte, eta orain arte bietako batek ere ez du atzerapausorik eman. Bata ez da bestea ahultzeko eta garaipena ziurtatzeko gai izan oraingoz. Omar al-Baxir presidente ohiaren aliatuak izan ziren denbora askoan Al-Burhan eta Dagalo. 2019an, ordea, indarrak batu zituzten Al-Baxir kargugabetzeko.

Asteazkenean, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek bi bandoei eskatu zien borrokaldiak gelditzeko, «jende gehiago hil eta gatazka bera guda armatu bihurtu baino lehen». Horrez gain, defendatu zuen bi buruzagiek «bakearen, oparotasunaren eta gobernu zibilaren itzulera» bermatu behar dituztela, horiek direlako «herritarren interesak». Gatazkak, ordea, ez du amaitzeko itxurarik.

Krisi humanitarioa

Egunak pasatu ahala egoera geroz eta larriagoa da Sudanen. Ospitale gehienak zerbitzutik kanpo daude, eta eremu asko argindarrik eta urik gabe ere geratu dira. Elikagai eta erregai horniduran ere arazoak daude.

Egoera korapilatsua bada ere, laguntza humanitarioa atzeratzen ari da. Apirilaren 15ean borrokaldiak hasi baino lehen, 45 milioi biztanle zeuden laguntza beharrean. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia Zentralaren (CIA) esanetan, 2019an Sudango biztanleen %47k bakarrik zuen elektrizitaterako sarbidea, eta elikadura segurtasuna kolokan dago azken urteetan.

NBEk ohartarazi du borrokak eten ezean ezingo dietela giza laguntzarik banatu herritarrei. Erakundeak atzo jakinarazi zuenez, Darfurrera laguntza zeramaten sei kamioiri eraso zieten, eta janaria eta materiala lapurtu zituzten.

NBEk emandako datuen arabera, 100.000 pertsonek jadanik alde egin dute Sudandik, eta litekeena da 800.000 lagunek baino gehiagok herrialdea uztea. Atzo hainbat hegosudandar atera zituzten hegazkinez, eta gaur gehiago aterako dituztela pentsatzen da.
Gatazka hasi zenetik gutxienez 500 lagun hil direla jakinarazi dute, baina benetako kopurua handiago da seguruenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.