Landa garapena

Lau ibarren elkartea, Irati bizi berritzeko

Lehenik, Zuberoako Mendi Sindikatua eta Zaraitzuko Biltzarra aritu ziren elkarlanean; ondotik, lau ibarrek bat egin zuten, Garaziko sindikatuarekin eta Aezkoako Biltzarrarekin, Poctefa deialdiaren diru laguntzekin. Elkarlanean segitu nahi dutelako, Irati, Lau Ibarrak elkartea sortu dute orain.

Iratik ordokia. STéPHANE ETXEGARAI / ETXEKOIPRO
Joanes Etxebarria.
2023ko maiatzaren 5a
10:15
Entzun

Iratiko ibar desberdinen arteko harremanak ez dira berriak, baina galzorian ziren. Badira urteak orain Aezkoa, Zaraitzu, Zuberoa eta Garaziko instituzioak elkartzen hasi zirela. 2007an abiatu zuten lehen Poctefa programa, Europako diru laguntzez baliatzeko hastapen batean. Orain, programa horiek burura eramanak dituzte, eta diruaren aitzakiarik gabe ere, elkarlanean segitu nahi dute. Irati, Lau Ibarrak izeneko elkartea sortu dute, harreman eta elkarlan horiek egonkortzeko xedez.

Poctefa programak aitzin ere, halere, Iratiko oihanean gurutzatzen diren lau ibarrek bazuten elkarren berri. Aezkoako Batzarrak eta Garaziko Mendi Sindikatuak, adibidez, uztaileko azken asteburuan itun bat izenpetzen dute urte oroz, aspalditik, David Tourreuil Garaziko sindikatuko zuzendariak dioenez: “Mendiko bazken erabilpenerako mugaz gaindiko ituna berresten da egun horretan”. Zaraitzuko Batzar Nagusiak eta Zuberoako Mendi Sindikatuak, berriz, harreman informalagoak ukan zituzten, elkarlanean aritzea deliberatu zuten arte, Poctefaren lehen programaren garaian.

Mugaz bi aldeetan, ukaezina da, errealitate desberdinek baldintzatzen dituzte Iratirekiko bakoitzak dituen xedeak: Zuberoa eta Baxenabarren, laborantzak leku handia du oraino ere, Nafarroako eskualdeetan gibel egin duelarik. Aezkoa eta Garazi arteko itunak “folkloretik” doi bat baduela iduri zaio Tourreuili, alde bakarrean baitira laborari gehienak. Sortu berri duten elkartearekin, berriz, harago joateko parada ikusten du sindikatuko zuzendariak: “Harremanak indartzea eta proiektu berriak sortzea da xede nagusia, folkloriko bilakatua baitzen azken denboretan egiten zena”.

Zuberoko sindikatuko presidente Jacques Barreixek ere, ikusten du bidea egin dutela lau ibarren arteko harremanetan: “Hastapenean sosarekin hasi ginen, Poctefarekin. Baina atzeman ditugu harreman azkarrak”, erran du, elkartearen sortzea esplikatzeko. Aezkoako Batzarreko buruzagia ere, Karlos Bueno, Poctefa ondoko urratsaz poztu da: “Lau bailarek elkarrekin jarraitzea erabaki genuen, Xareta eredutzat hartuz. Bide horretatik jarraitzea erabaki genuen, elkarlana edozein arlotan sustatzeko”.

Ainhoa, Sara, Urdazubi eta Zugarramurdi biltzen dituen Xareta elkartea ezagutu nahi zuten Iratiko lau ibarretako ordezkariek, orain arteko elkarlanari tresna berri bat emateko; eta, Xaretan bezala, Frantziako Estatuko egitura hautatu dute azkenean, “eredu juridiko anitz baitira: batzuk mugaz gaindikoak, beste batzuk Espainiako eredu juridikokoak… Baina guretzat egokiena Frantziako eredua zen”, zehaztu du Tourreuilek.

Lau xedeetatik komunera

Poctefa Europako laguntza programak bi milioi eurotik goitiko aitzinkontua ekarri zuen, baina lau xedetan partekatua, bakoitzak bere proiektua garatu zezan. Hala, Zuberoan ornitologia zentroa egin zuten Iratiko etxoletan, Garazin Etxola ostatuan artzaintzaz erakusketa eta gasnak ontzeko gela egin zituzten, Zaraitzun bi aterpetxe berritu, eta Aezkoan, Orbaitzetako Olako jauregian, armategiek utzi ondarea agerian ezarri zuten.

Poctefa laguntzekin egin Abodiko aterpetxea. Stephane Etxegarai / Etxekoprod

Elkarrekin, berriz, bizikletaz edo oinez egiteko xendak eta webgune bat sortu zituzten (Irati.org), besteak beste. Baina diru iturri gehiena, lurralde bakoitzeko xedeetan ezarri zuten. Orain, elkarte berriarekin, komunak hartuko du lehentasuna, Tourreuilen arabera: “Elkartea finantza iturrietatik harago doa; bizia sortzeko ideiak gaitu bultzatzen, bai eta harremanak egonkortu nahiak ere”.

Lehendik gauzatu diren xedeak eta eraiki azpiegiturak bazter utzi gabe, elkarteak beste intentzioak baditu, Buenoren erranetan: “Lau ardatzak Poctefarekin finkatu ziren, eta ibar bakoitzak erabaki zuen zer landu nahi zuen. Horri jarraipena eman behar zaio, baina ez du esan nahi horrekin bakarrik joango garenik aurrera”. Emeki aitzinatzen dira, Barreixen ustez, baina jadanik ideia zehatzak agertu dira elkarlanerako: “Xendak badira jadanik, eta orain ideien artean bat bada, Iratiko itzuli oso bat proposatzea: hotel edo aterpetxeekin, lau ibarrak zeharkatuz”.

Turismoaren garapenean besterik ere badute eginik —xendak biltzen dituen telefono aplikazio bat, adibidez—, baina elkarteak bestelako lanak ere eramanen ditu, Barreixek dioenez: “Egia da honaindian laborantzak dinamika azkarra duela eta mugaz bestalde gibel joan dela. Han herri handietara joan dira lanera, baina erraten da gazteek nahi dutela herri ttipietara joan bizitzera eta lurrari atxikiak direla, eta nahi dute lan hori aitzina eraman. Beraz, aitzina eramanen dugu, ororen artean”. Buenok jakinarazi du etxebizitzen inguruko lan bat abiatu dutela, preseski, Aezkoan: “Etxe anitz hutsik ditugu, kasu batzuetan erortzen ari zaizkigu. Hasi gara arazoa lantzen, baina behar da indar handiagoa, behar dira lan sakonagoak”.

Lau ibarretako eskolen arteko harremanak sortzea ere gogoan dute: “Ibarretako eskolen arteko topaketak bultzatzea aipagai da, beharbada luzera begirako lana eginez; bi urtez, adibidez”, zehaztu du Tourreuilek. Kasu batzuetan, ibar bateko xedeak partaideetara zabaltzea ere gerta daiteke, Garaziko sindikatuko langilearen arabera: “Garaziko ikastolak eta Buru Beltza elkarteak berriz ere Bortuaren Eguna antolatuko dute, eta hor Garaziko sindikatua inplikatua da. Elkarte honek partaide gehiago inplikatzea ekar lezake, adibidez”.

Mugaren zailtasunekin

Irati oinez edo bizikletaz deskubritzeko xendak bai, baina ibar batetik bestera joateko bideak “luzeak” direla pleinitu da Barreix. “Estatu bakoitzak bere bideak egin ditu”, dioenez, muga zeharkatzeko bide hoberenak egin gabe, haren ustez. Larrainen, neguan, “elurra ez da baztertua ere”, gehitu du. Bideen hobetzeko esperantza guti badu ere, Zuberoako Mendi Sindikatuko presidenteak argi du mugen zerratzea ere arazo gehigarri bat dela, baina Irati lau ibarrak elkartearekin arazo “horien gainetik igaran” nahi dutela, “harreman onen begiratzeko”.

Iratiko ordokiko etxola, Mendiben, Poctefa laguntzekin berriturik. Harrera, ostatua eta gasnen ontzeko gasnategi berria ditu. Joanes Etxebarria

Ibarren elkarlanean, mugak beste trabarik ekarri izan du lehendik ere, Poctefaren barnean, Hego eta Ipar Euskal Herriko egiturek eskaera desberdinak egin behar izan baitituzte: Aezkoak eta Zaraitzuk, Iratiko biosfera erreserba bilakatzeko eskaera egin zuten; Ipar Euskal Herriko Iratiren partea, berriz, Eskualdeko Parke Nazionalaren xedeak bere baitan kokatzen du. “Zoritxarrez, estatuen menpe gaude, eta bakoitzak badu bere legedia”, laburbildu du Buenok.

Zuberoako partetik ikusirik, Barreixek argi du anitzek soilik “honaindiko Irati ikusten” dutela, nahiz eta zabalago izan. Baina ez da soilik mugak ekarri trabetan ardazten, bi aldeei komuna zaiena ez baita soilik lurra: “Ber mintzaira dugu, han ere indar handia egiten dute mintzaira eta kultura atxikitzeko, eta hori behar dugu elkarrekin egin”, aldarrikatu du. Barreixi iduri zaio lurraldea eskuz esku animatzea dela elkartearekin egin behar dutena, “bakoitza bere indarretan bermatzez: hemen laborantza, eta mugaz bestaldean, ondare historikoa”.

Bortuaren Eguna egiten den bezala, beste animazio bati pentsatu dute jadanik, Iratiko lau ibarren besta izanen baita heldu den ekainaren 25ean, Poctefa xedearekin egin zen Zaraitzuko Abodi mendi zentroan. Mugaz bestaldeko partaideen intentzioarekin harritu da Barreix, “ehunka pertsonarentzat antolatua” izanen baita.

17.000

ZENBAT HEKTAREA DITUEN IRATIK

Pagadi eta izeidi handienetan bigarrena da Europa osoan Irati. 17.000 hektarea ditu. XV. mendetik goiti egurra ustiatu zen, kableekin enborrak oihanetik ateraz. Gaur egun, artzaintza eta turismoa dira aktibitate ekonomikoak.

2007

LEHEN POCTEFA XEDEAREN HASIERA

Zaraitzuko Biltzarra eta Zuberoako Mendi Sindikatuak kudeatu zuten lehen Poctefa programa Iratin (2007-2013). Turismoa garatu eta erabilpen publikoa sustatzea zuen xede. Ondotik bat egin zuten Garaziko Mendi Sindikatuak eta Aezkoako Biltzarrak.

2,2

BIGARREN POCTEFAREN MILIOIAK

2015ean hasi eta 2021ean bukatu zen bigarren Poctefa xedea, lau ibarren parte hartzearekin. Bakoitzean xede zehatz bat eta komunak garatzeko, 2.273.108 euroko aitzinkontua ukan zuten, batez ere Europako diru laguntzei esker.

4

ELKARTEAN DAUDEN IBARRAK

Apirilean sortu zuten ofizialki Irati, Lau Ibarrak elkartea. Europako laguntzak ekartzen dituen Poctefa xederik gabe, elkarlanean segitzea dute xede lau ibarrek. Ekainaren 25ean Iratiko besta antolatuko dute, Zaraitzuko Abodin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.