Gora doa, baina mantso. Nastat Nafarroako Estatistika Institutuak gaur argitaratu du Nafarroako euskararen ezagutzaren gaineko txostena, eta, haren arabera, herritarren %26,5 dira euskaldunak edo euskaldun hartzaileak. Horien artean, herritarren %14,9 jotzen ditu txostenak euskalduntzat [B2, C1 eta C2 mailako ezagutza dutenak], eta %11,6 euskaldun hartzailetzat [A1, A2 eta B1 mailan leudekeenak]. Herritarren %73,5ek ez dute inongo harremanik euskararekin.
1986. urtean hasi ziren gisa honetako ikerketak egiten, eta, ordutik, nabarmen handitu dira euskaldunen ehunekoak Nafarroan; batez ere, euskaldun hartzaileenak: urte horretan, herritarren %4,1ek zekiten zerbait euskaraz; 35 urte geroago, %11,6 dira. Erdaldunen ehunekoak hamabi puntu egin du behera 1986az geroztik.
Hala ere, igoera oso mantsoa da: azken hamar urteotan, euskaldunen ehunekoa bi puntu eskas handitu da Nafarroan, eta Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioak eragin handia du horretan. Txostenean irakur daitekeenez, herritarren jaioterriak eragina du euskararen ezagutzan: eremu euskaldunean jaiotakoen ia %74 euskaldunak dira; kontrara, eremu ez-euskaldunean jaiotakoen artean, euskaraz dakitenak ez dira %3ra iristen. Eremu mistoan, berriz, igoera oso apala da: euskaldunen ehunekoa puntu bat handitu zen 2011 eta 2021 artean, eta zortzi puntu 1986tik.
Inkesta soziolinguistikoak ez bezala, Nastaten ikerketak 3 urtetik gorako herritarrak hartzen ditu aintzat, eta, hain zuzen, gazteen artean nabari da igoera progresiborik handiena. Hala, 1986an 14 urtetik beherakoen %11,8 ziren euskaldunak, eta %3,7 euskaldun hartzaileak. Azken txostenean, berriz, %26,7 dira euskaldunak, eta %21,4 euskaldun hartzaileak. Nafarroako haurren ia erdiek, beraz, badakite zerbait euskaraz.
Datuok xeheki aztertuta, ordea, badago kezkarako motiborik: izan ere, 14 urtetik beherako euskaldun osoen ehunekoa apur bat apaldu da azken hamar urteotan: %29,1 ziren 2011n, eta %26,7 dira orain. Hau da, euskaraz zerbait dakiten haurrak gehiago dira orain; euskaraz maila ona dutenak, aldiz, apur bat gutxiago.