Lehortea

Belar mozketa %40 murriztu da Araban eta Bizkaian, eta %20 Gipuzkoan

Arantxa Tapiak eman ditu datuak Eusko Legebiltzarrean, Elkarrekin Podemos-IUren galdera bati erantzunez. Hala ere, ur-hornidura arazorik ez dagoela bermatu du.

Belar mozketaren artxiboko irudia, Errigoitin (Bizkaia). LUIS JAUREGIALTZA / FOKU
inaut matauko rada
2023ko maiatzaren 5a
15:38
Entzun

Nafarroan ez ezik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere nabaritzen ari da azken hilabeteetako euri falta. Elkarrekin Podemos-IUko Gustavo Angulo legebiltzarkideak lehorteari eta klima aldaketari buruz galdetu dio Arantxa Tapia Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari gaur, Eusko Legebiltzarreko bilkuran, eta ur erreserben egoeraren datuak eman ditu. Tapiak onartu du ur erreserbak ohiko mailatik behera daudela, eta lehen sektoreko langileak nabaritzen ari dira euri falta hori. Izan ere, Tapiaren datuen arabera, urteko lehen belar mozketan normalean baino %40 belar gutxiago jaso da Araban eta Bizkaian, eta %20 gutxiago Gipuzkoan.

Abeltzaintzan jarduten dutenei eragingo die batez ere belar gutxiago jasotzeak, abereak elikatzeko pentsu gehiago erosi beharko baitute hutsune hori betetzeko. Hala ere, urteko bigarren mozketak kontua aldatu lezake, baina, hainbat meteorologoren arabera, udako eguraldi eta prezipitazio aurreikuspenak ez dira oso baikorrak.

Hala ere, sailburuak ziurtatu du ez dagoela ur-hornidura arazorik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Horrekin lotuta, etxeak, industria eta bestelakoak hornitzen dituzten sistemak %70ean daude beteta, bai isurialde atlantikokoak eta baita isurialde mediterraneokoak ere. Urkulu urtegia (Aretxabaleta, Gipuzkoa) da hortik behera dagoen bakarra, %65ean baitago. Hala ere, Gipuzkoako Urak partzuergoko urtegiak %75ean daude batez beste.

Hornidura mailak «normalak» badira ere, sailburuarentzat labore zelaietan gertatzen ari dena da kezkagarriena, eta uste du batez ere abereen elikaduran eragingo duela: «Laborantza zelaiak, isurialde mediterraneo idorrekoak batez ere, ohikoa ez den garapen bat izaten ari dira, eta espezie batzuen germinazioa eta garapena ez da egokia izaten ari. Eremu ureztatuei ere eragingo die egoerak, ur erreserben defizitak batez ere. Arabako lurrak oso lehor eta gogor daude, eta ezinezkoa da ezpezie batzuk ereitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.