Albistea entzun

Nekazaritza

Tapiak justifikatu egin du helegiterik ez jarri izana Arabako Mahastiak eten zuen ebazpenari

Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoen aholkuei jarraituz hartu zuten erabakia. Sor-markaren bultzatzaileen kritiken aurrean, Arabako Mahastiak sortzeko lanean jarraituko duela agindu du.

Arabako Mahastiak sor-markaren bultzatzaileen protesta, apirilaren 21ean, Lakuan.
Arabako Mahastiak sor-markaren bultzatzaileen protesta, apirilaren 21ean, Lakuan. Raul Bogajo / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko maiatzak 5

Ez zuen merezi, erantzuna bera izango zelako. Beste hitz batzuekin bada ere, horrela justifikatu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak zergatik ez duten helegiterik jarri Arabako Mahastiak zigilua behin-behinean ez erabiltzeko EAEko Justizia Auzitegiaren ebazpenaren aurka. «Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek uste dute aurretik aurkeztutako argudioen eta orain aurkeztu behar zirenen artean ez dela alderik izango; argudio ezagunak dira eta areto horrek berak baztertu egin ditu. Horregatik ez dugu justiziaren bidean jarraitu».

Edonola ere, bide juridikoan eta administratiboan lanean jarraituko duela agindu du Tapiak, Arabako Mahastiak «errealitate bat» izan dadin.­

Arabako Mahastiak sor-markaren sorrera Eusko Legebiltzarrera itzuli da gaur. Gobernuaren kontrol saioan, EH Bilduko Itxaso Etxebarriak Jaurlaritzari aurpegiratu dio nahikoa ez egitea Arabako Mahastiak babesteko, eta bereziki txarretsi dio EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren aurkako helegiterik ez jartzea: «Jaurlaritza mutu geratu da. Ez duzue zuen lana egiten».

Antzeko salaketa egin zioten sor-markaren bultzatzaileek Jaurlaritzari, duela bi aste Lakuan egindako elkarretaratze batean.
«Zergatik ez du Jaurlaritzak helegite bat aurkeztu berak emandako baimen baten aurka doan auto baten aurrean? Zergatik ez du bere lana eta kudeaketa defendatu Errioxa jatorri izenak emandako argudio eta txostenak ez dituela behar bezala ezeztatu esaten duen auzitegiaren aurrean?», galdetu du Etxebarriak.

Gainera, bere txostenetan sor-marka berriaren aldeko argudioetan motz geratzea ere egotzi dio EH Bilduk Gasteizko gobernuari. «Auzitegiak autoan dioenez, bi jatorri izenak bereizten dituzten elementuak agerikoak eta funtsezkoak dira, eta jatorri izen horien arteko bizikidetza baketsua eragozteko oztoporik ez dagoela besterik ez du adierazten Jaurlaritzak. Baina, auzitegiaren arabera, era orokorrean egiten ditu baieztapen horiek, inolako peritu irizpenik aurkeztu gabe. Autoaren arabera, Jaurlaritzak ez du kontsumitzailea nahasteko arriskua errefusatzeko argudiorik eman. Ezta Errioxa jatorri izenari eragin lekiokeen kalte erreputazionala edo ekonomikoa indargabetzeko ere».

Esku sartzerik ez

Salaketa horien aurrean, Tapiak defendatu egin du bere gobernuak «bere zeregina» bete duela. Hau da, Arabako Mahastiak sor-marka sortzeko eskaria iritsi zitzaiola, administrazio prozedura guztia bete egin zuela, eta horren barruan eman ziola behin-behinean Hego Euskal Herrian eta Espainian zigilu hori erabiltzeko baimena, Europako Batzordeak bere azken erabakia hartu bitartean.

Ukatu egin du, gainera, EH Bilduren beste salaketa bat: aukera eman diola Espainiako Gobernuari gaian «eskua sartzeko». Izan ere, sor-marka eskatzeko dosierra egitea Jaurlaritzari zegokion —bere lurraldeko ekoizleei soilik dagokiolako eskaera—, baina Bruselara bidalitako txostenean Espainiako Nekazaritza Ministerioaren kontrako iritzia ere gaineratu zuen. Prozeduraren arauei jarraituz, ministerioak «legitimitate osoa» zuen baimenaren ukatzea eskatzeko. «Gustuko al dugu hartu duen norabidea? Ez. Baina ez da esku sartzea».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Whatsapp mezuak, lan harremanen erdigunean
 ©BERRIA

AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Imanol Magro Eizmendi

Langileen datuekin elikaturiko algoritmoak eta adimen artifiziala bete-betean sartu dira lan harremanetan. Zein langile hartu, zein kaleratu eta halako erabakiak programa informatiko baten ondorioen menpe egon daitezke. Ikerlariek diote haien ustezko objektibotasuna ez dela erreala.
Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. ©CCO

Ostikada digitalaz kaleratuak

Iñaut Matauko Rada

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.
 ©CCO

Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Iñaut Matauko Rada

Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...