Osasuna Kopako finalean

Koparekin edo koparik gabe, topa

Partidan zer gertatuko arrastorik ez zenean ere, jai giroz lepo izan da Iruñea. Osasunaren aldeko kantuek eta oihuek guztiz hartu dute hiria, eta euforiak nabarmen egin du gora neurketaren hasiera hurbildu ahala; histeriak ere bai.

Hainbat zale gorritxo eguerdian Iruñeko Estafeta kalean. IñIGO URIZ, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko maiatzaren 6a
15:09
Entzun

Deus ez ospatu behar baino lehenago», eman ohi dute aholku zuhurrek. Baina inork ez zien eskatu gorritxoei zuhur jokatzeko, edo, inork halakorik esan bazien, ez entzunarena egitea hobetsi dute, aho batez. Ados baitirudite guztiek: Espainiako Kopa irabazi edo ez, Osasunak badu zer ospatua. Sevillako Cartuja estadioan Real Madrilen kontrako neurketa hasteko ordu mordoa falta zenean ere, jai giroa izan da nagusi Iruñean. Atzerako kontaketa estutu heinean, gero eta beroagoa izan da giroa. Eta gorriagoa.

Erlojuak 12:00ak jotzerako, bete-betea zen Udaletxe plaza, bai eta inguruko karrikak ere. Kamiseta gorriak ziren nonnahi, baina, ezinbestean, Iruñeko Udalak udaletxean paratutako kamiseta erraldoiak bereganatu du arreta handiena. Ilara luzeak ere sortu ditu. Izan ere, denek nahi izan dute argazki bat hartu bertan. Txandaka aritu dira, fotoak atera eta atera. «Selfie bat, baietz ba!», bota dio txilioka andre batek lagunari. «Ez da hobe bideo bat bidaltzea Sevillan direnei? Eta esan dezagun: goazen gorriak garaipenera arte!», erantzun dio hark.

Halaber, Kamiseta gorri guztiak ez dira berdinak, inondik ere. Miguel eta Maria Jesus iruindarrei ilobek oparitu zizkieten bi ale berezi: Miguelenean Abuelo (aitona) jartzen du bizkarrean; Maria Jesusenean, Abuela (amona). 13:00etan Mercaderes kalean paseoan zirela, aitortu dute ederra litzatekeela partida iloba txikiekin ikustea; baina, ezin. «Sevillara joan zaizkigu den-denak!».

Handik metro gutxira, Osasunaren kamiseta beltza darama 10 urteko Iker Orzaizek. Hark ere aitatxi-amatxiei zor die zaletasuna, eta, hain justu ere, haiekin egin du partida ikusteko plana. Orzaizek aitortu du «urduri» eman duela azken astea. Neurketa hasteko sei ordu falta zirenerako, onduak zituen bere bi kinielak. Bihotzak hau zioen: «Osasunak irabaziko du». Buruak, hau: «Madrilena da kopa». Hala ere, Orzaizek argitu du berdin-berdin egonen dela taldeaz harro.

Nabarrerian, kamisetak nonnahi. Gazteluko plazan, antzera. Baina kamiseta gorri guztiak ez dira berdinak. Eta kamiseta guztiak ez dira Osasunarenak. Bazkalorduan, kuadrilla txuri-urdin batek atentzioa ematen zuen Estafeta kaleko ertz batean. Ziotenez, asmoa ez zen probokazioa. «Aupa Reala, baina inportanteena osasuna da!». Gorritxoen aldeko pegatinak zituzten denek.

17:00etarako, lehertu da festa. Txarangak kaleetan barna, mexikanak Santa Ana plazan, eta tabernak lepo. Jendea, topa eta topa etenik gabe, eta, bat-batean, ilundu bezain laster, hasi da jendea larritzen. «Egonen da tokirik plazan, ala hobe dugu hara mugitu?», galdetu die Ainhoa Agirrek lagunei. 21:00ak ziren jada.

22:00etatik aurrera, zaleek Sevillari lotuta izanen dituzte begiak; askok eta askok, Gazteluko plazako pantailei so. Lehendik aurreikusitako emaitzek deus gutxirako balioko du ordutik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.