Hezkuntzako sindikatuek manifestazioa eginen dute Nafarroan hilaren 24an

Carlos Gimeno kontseilariaren dimisioa eskatu dute LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek, negoziazioari uko egin diola iritzita.

Nafarroako Hezkuntza publikoko eragileek greba egin zuten iragan apirilean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko maiatzaren 8a
17:33
Entzun

Adostasun sindikal ia erabatekoa erdietsi du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok, bere kudeaketaren aurka. LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek kontseilariaren kargugabetzea galdegin diote Nafarroako Gobernuari, eta manifestazioa eginen dute maiatzaren 24an, hauteskunde kanpaina betean, Hezkuntza Departamentuak negoziazio bide oro «blokeatu» duela argudiatuta. Bi greba egin ostean ere, gobernuak «ezikusiarena» egin diela salatu dute.

«Bigarren lanuztearen ondoren, LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok bilera bat eskatu genion Maria Txibite lehendakariari, hezkuntza publikoa hobetzeko negoziazioa abiarazte aldera. Dirudienez, ordea, ez lehendakariak, ez Carlos Gimeno kontseilariak ez zuten beren agendetan tarterik topatu hilabete osoan gurekin elkartzeko, eta, euren ordez, bi zuzendari nagusi bidali zituzten maiatzaren 3ko bilerara», salatu dute sindikatuek ohar batean.

Bilera horretan, gainera, gobernuko bi zuzendari horiek «argi eta garbi» adierazi zuten «ez zutela sindikatuen aldarrikapenak aztertzeko asmorik», argudiatuta negoziazio sindikalerako organoak «beste batzuk» direla. «Jarrera hori ez dator bat Nafarroako Gobernuak beste sektore batzuetan agertutakoarekin, horietan langileen kontratazioak eta soldata igoerak adostu baitituzte», irakur daiteke sindikatuen oharrean. «Beraz, gezurra da esatea hobekuntza horiek ezin direla negoziatu Nafarroako Parlamentua desegin ostean eta Nafarroako Gobernua jardunean den bitartean», gaineratu dute. Gezurretan aritzea ere egotzi diote Gimenori, Hezkuntza Departamentuak ezarritako ratioak «sindikatuek eskatzen dutenaren azpitik» daudela adierazteagatik: «Ezin dira herrialde osoko batez besteko ratioak erabili, hiriguneetako ikastetxe askotako masifikazioa ezkutatzeko».

Hori dela eta, LABek, Steilasek, CCOOk, ELAk eta UGTk gaitzetsi egin dute kontseilariaren jokabidea, eta haren kargugabetzea eskatu: «Bere burua aurrerakoitzat duen gobernu batek ezin du Hezkuntzako buru izan irakasleen ordezkariekin negoziatzeari uko egiten dion pertsona bat». Hori dela eta, manifestaziorako deia egin dute: heldu den maiatzaren 24an izanen da, Iruñean. Bertan, sindikatuek gobernuari galdeginen diote ratioak murrizteko, lantaldeak egonkortzeko, lan gainkarga arintzeko eta langileek galdutako erosahalmena itzultzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.