Sanferminak

Entzierroaren irudi batek iragarriko ditu aurtengo sanferminak

Raul Lopez Martin diseinatzaile bizkaitarrak irabazi du kartel lehiaketa, Une bat izeneko lanarekin.

Raul Lopez Martin marrazkigilea eta kartel irabazlea. IDOIA ZABALETA, FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko maiatzaren 9a
11:23
Entzun

Enrique Maia Iruñeko alkateak gaur jakinarazi du zer kartel aukeratu duten aurten iruindarrek sanferminak iragartzeko. Entzierroaren irudi bat hautatu dute, Une bat izenburukoa, zeinetan ikusten den korrikalari bat zezena atzean duela. Kartelaren egilea Raul Lopez Martin diseinatzaile barakaldarra da. «Festaren istant txiki bat islatu nahi izan dut kartel honekin. Denbora gelditzen den unea. Esfortzua, abiada, dinamismoa, indarra... Entzierroa bera. Hori guztia islatzen du kartelak».

Lopezek gehitu du teknika mistoa erabili duela, analogikoa eta digitala, diseinua ontzeko: «Pinturaren arrastoak, pintzel markak eta tantak... hori guztia benetakoa da, inprobisazioaren kutsua eman nahi niolako; gero, irudia digitalizatu, eta tresna digitalekin osatu dut konposizioa», azaldu du kartel irabazlearen aurkezpenean. Funtsean, «kaos kontrolatua» erabili duela esan du: «Kaotikoak diruditen zertzeladak, baina ongi pentsatuta».

Guztira, 6.242 boto eman dituzte herritarrek: 3.945 udal webgunean, 2.182 aurrez aurreko arretarako bulegoetan, eta 115 boto telefono bidez. Horietatik guztietatik, 1.913 boto jaso ditu kartel irabazleak (%30,7). Bigarren sailkatua izan da Alfredo Leon Mañu diseinatzaile nafarraren 204 ordu izeneko kartela, 1.551 botorekin (%24,9) eta hirugarrena, berriz, Martin Legasa Cortesen Bederatzi letra, bederatzi egun, bederatzi enblema, 897 boto paper lortuta (%14,4).

Ibilbide profesional luzea

Eskarmentua du kartelgintzan Lopezek. Arte Ederrak ikasi zituen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, eta diseinu grafikoan eta ilustrazioan espezializatu da. 30 urteko ibilbide profesionalean, 200 sari baino gehiago lortu ditu kartelgintzan Euskal Herrian, Katalunian eta Espainian. Besteak beste, Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketa irabazi zuen 2001. urtean, eta haren sinadura daramate Nafarroako hainbat herrietako jaiak iragartzeko afixek ere; hala nola Tafallan, Lerinen, Aiegin, Uharten, Barañainen, Altsasun, Larragan eta Atarrabian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.