Enpresak

Cebekek greba gehiegi antolatzen dituztela egotzi die sindikatu abertzaleei

Bizkaiko patronalak «astakeriatzat» jo du ELAk eta LABek negoziazioetan duten «malgutasun falta», eta goratu egin du CCOOk eta UGTk Madrilen duten jarrera

Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea eta Francisco Javier Azpiazu Francisco idazkari nagusia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko maiatzaren 9a
13:39
Entzun

«Euskal Herrian dugun lan gatazken kopurua onartezina da; sindikatu abertzaleen malgutasun gabezia astakeria bat da», Carolina Perez Toledo Cebekeko presidenteak hitz oso gogorrak izan ditu ELA eta LABentzat egoera ekonomikoaren inguruko urteroko inkestaren emaitzen aurkezpenean. Era berean, goratu egin du Espainiako Elkarrizketa Sozialeko mahaian sinatu berri den akordioa, baita hari esker osasun agiriak emateko orduan mutualitateek izango duten zeregin berria ere.

Bizkaiko enpresarien elkartea ernegatuta dago azken urteetan euskal enpresetako langileak egiten ari diren greba kopuruarekin. Cebeken arabera, sortzen duten enplegua «ez da prekarioa», eta gogoratu du soldata igoerak «Espainiakoak baino handiagoak» direla. Aletu duenez, iaz soldatak %4,11 igo zituzten batez beste, eta aurten, %4,16. Indarrean eta berrituta dauden lan hitzarmenen datua da hori.

Bizkaiko patronalaren kalkuluen arabera, 2019tik 2022rako tartean KPIa %8 igo zen; haien lan hitzarmenetako soldatak, berriz, %8,31. Era berean, kritikatu du batez beste hiru urte eta erdi behar izaten direla lan hitzarmenak berritzeko, eta «astakeria» horrek langileei eta enpresei kalte egiten diela. Gaur egun Bizkaiko langileen %17k bakarrik dute enpresa hitzarmena, eta horietako «gehienek» sektore mailako hitzarmena dute oinarrian.

Greba eskubidearen mugak

Cebekek onartu du ELArekin akordioak lortzea gehiago kostatzen zaiela, baina bi sindikatu abertzaleei egin die kritika. «Konfrontazio sindikatutzat jotzen dute beren burua, elkarrizketa alboratzen dutelako», salatu du Perez Toledok: «Greba eskubide bat da, baina negoziazio batean arrakastarik ez dagoenean erabili beharko litzateke, ez hasieratik». Era berean, nabarmendu du gero eta zailagoa dela KPIaren azpitik dauden soldata eguneraketak adostea, eta egoera zailetan bi aldeek egin behar dutela ahaleginen bat negoziazioan.

Beste muturrean, Cebekek goratu egin du Espainiako patronalak CCOOrekin eta UGTrekin lorturiko akordioa. Haren ustez, sindikatu horiek «heldutasuna» erakutsi dute, eta «akordio garrantzitsuak» lortzeko gaitasuna. Aldi berean, adierazi du begi onez ikusiko lukeela akordio horren arabera mutualitateek duten rola Euskal Herrira iristea: «Osasun publikoan itxaron epeak luzatzen ari dira eta asko arinduko lituzke langileek osasun agiria lortzeko egin behar dituzten tramiteak».

«Egonkortasuna» nagusi

Cebekek ohiko batzar nagusia egingo du bihar Euskalduna jauregian, eta, haren atarian, Bizkaiko enpresen egoeraren erradiografia egin du. Inkesta bidez lorturiko iritziak dira, eta, horien arabera, urte hasieran baino baikorragoak dira oro har. Eskariei dagokienez, enpresen %54entzat egoera normala da; %15entzat, ona; eta %30entzat, ahula. Batezbesteko hori %33koa zen iaz. Fakturazio datuak antzekoak dira: %55 iazko mailetan daude, %25 hobeto, eta %20 okerrago. Etorkizunera begira, lautik hiruk antzera jarraitzea espero dute aurten; eta %22k gora egitea.

«Datuek erakusten dute oro har jardun ekonomikoa hobera egiten ari dela, eta atzean utzi dugu balizko atzeraldi baten arriskua», nabarmendu du Perez Toledok. Dena den, azaldu du errentagarritasuna jaisten ari dela, enpresa asko ekoizpen kostuen garestitze osoa azken preziora eraman ezinda dabiltzalako, eta egoera horrek irabazi marjinei eragiten diela. Enpresen %44entzat marjina hori iazkoa bera da, eta %25entzat txikiagoa. Kostuen arloan, Cebekek salatu du interes tasen igoeraren eraginez enpresei gero eta gehiago kostatzen zaiela maileguak lortzea.

Enpresen %63, langile egokiak aurkitu ezinda
Cebeken inkestako daturik deigarrienetako batzuk lan merkatuaren egoerari buruzkoak dira. Enpresen %81ek uste dute oraingo lantaldeari bere hartan eutsiko diotela aurten; %14k, berriz, handituko egingo dutela, eta %5ek murriztu egingo dutela. Gai berean, %63k onartu dute arazoak dituztela beren beharrak asebeteko dituzten langile aproposak aurkitzeko, eta %53k iaz kontratazioren bat egiteke utzi zutela arazo horregatik. Buruhauste hori bereziki larria da industrian, sektore horretako enpresen %70ek adierazi baitute langile aproposak aurkitu ezinda dabiltzala.

Cebeken ustez, trebaturiko langileen gabezia «arazo oso larria» bilakatzen ari da, eta okerrera egingo du arrazoi demografikoen eraginez. Gaur egun, Bizkaian 500.762 langile daude Gizarte Segurantzan izen emanda, duela urtebete baino 8.188 gehiago (+%1,5).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.