Garbitzaileak

Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileek astebeteko lanuztea egingo dute maiatzaren 22tik 28ra

ELA sindikatuak deitu du grebara. Sindikatuaren arabera, sektore feminizatuen soldata arrakalaren eta prekarietatearen aurka borrokatzeko garaia da; Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileek bost urte daramatzate hitzarmena berritu gabe.

Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileek 2019an egindako mobilizazio bat, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
maddi iztueta olano
2023ko maiatzaren 9a
14:36
Entzun

«Emakume aurpegia du prekaritateak». Horixe adierazi dute Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileen ELAko ordezkariek gaur goizean, sindikatuaren egoitzan egin duten prentsaurrekoan. Izan ere, 5.000 langile inguru daude sektorean, eta emakumeak dira %90 baino gehiago. Soldata txikiak, lanaldi partzialak eta lan karga handiak salatu dituzte, eta astebeteko grebara deitu dute maiatzaren 22tik 28ra.

Mobilizazioen helburua da «erabat feminizatutako» sektore horren lan baldintzak hobetzea; zehazki, hauexek: soldatak KPIaren arabera igotzea, eta langileen erosahalmena bermatzea. Bada, bost urte daramatzate sektoreko hitzarmen probintziala eguneratu gabe, eta garbitzaileek erosahalmenaren %15 galdu dute ordutik.

Gaur-gaurkoz, 1.180 euro gordin irabazten dituzte hilean lanaldi osoan lan egiten duten garbitzaileek. Baina sektoreko langile ia guztiek, %80k baino gehiagok, lanaldi partzialak dituzte. Hortaz, hilean mila eurotik behera irabazten dute gehienek. Sindikatuaren esanetan, halako baldintzek «egiturazko pobrezia sistematikora» kondenatzen dituzte garbikuntzako langileak. Gainera, lanbide feminizatua da garbitzaileena, eta, horrenbestez, sektoreko soldata arrakala salatu dute ELAko ordezkariek. Haien arabera, emakumeei baino %40 gehiago ordaintzen diete garbitzaile gizonei.

Patronalaz harago, milaka langileren egoeraren erantzuletzat jo dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erabakiguneetan dauden arduradun politikoak: «EAEn lanbide arteko gutxieneko soldata eskatzen duten arduradun politiko horiek dira gero beren udaletan garbikuntzako langileak prekarietatera kondenatzen dituztenak, hileko 1.180 euroko soldatekin». Are, «arduraz jokatzeko» eskatu diete arduradun horiei, baita hauteskundeetako kanpaina politikoa alde batera utzi, eta sektorearen onerako liratekeen politikak bultzatzeko ere.

Bost urteko borroka

2018tik hona, birritan irten dira kalera Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbitzaileak: 2019an, 2020an eta 2021ean egin zituzten lanuzteak. Garai hartako helburua oraingoaren antzekoa zen, zera: «funtsezko» sektore batean lan baldintza duinak bermatzea, eta langileen erosahalmena babesteko neurriak hartzea.

Patronalaren erantzunaren aurrean, negoziazio mahaiak eten zituzten gaur bi urte, eta joan den otsailaren 9an ekin zioten eztabaidari beste behin. Gaur-gaurkoz, ez da adostasunik sindikatuen eta patronalaren artean, baina ELAren ustez, sektore feminizatuen soldata arrakalaren eta prekaritatearen aurka borrokatzeko garaia da.

Hain justu, ELA da sektorean ordezkaritza gehien duen sektorea: %50etik gora. Halere, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuak ere bilduko dira negoziazio mahaian. Maiatzaren 16an dute hurrengo hitzordua, zazpi eguneko greba hasi baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.